Podcast, gure irrati pertsonala

By | 2005/02/17

Azkenaldion sarri entzuten den hitza dugu podcast, sareko azkenaurreko joera. Bitakoren inguruan sortua, testuak ezezik etxean eginiko audio grabaketak sarean eskuragarri jartzean datza podcasting-a. Saio bakoitza, bitakoretako albisteen antzera, RSS formatu moldagarrian argitaratzen denez, aukera asko ematen ditu podcasting-ak. Adibidez, MP3 entzungailu pertsonalak erabiliz internauta-entzule bakoitzak sor dezake bere irrati pertsonal modukoa, grabaketen aukera pertsonalizatua eginez.

Amerikarrek asmatutako kontzeptu berriak berba arrotzen bidez honaino heldu orduko, bilerara berandu heltzearen sentsazioa sortarazten digute, zer izango ote da podcasting delako hori? Irrati saioen grabaketak egin eta sarean eskegitzea baino zerbait gehiago izango den susmoa sortzen zaigu orduan.

Audio grabaketak sarean besteek eskuratzeko moduan jartzea ez da asmakizun berria. Izan ere, gurean ere aspaldikoa da: Egin Irratiko albistegi batzuk agertu ziren jada 1998an eta urte berean hasi ziren euskonews.com webgunean irratsaio interesgarriak entzungai jartzen. Gerora irratia.com-en zuzenekoak nahiz grabatutakoak eskuratu ahal izan dira… Baina moda edo eztanda berri hau kontzeptu berriei lotuta dator: RSS argitarapen modu moldagarriari eta MP3 entzungailu eramangarriei.

Iragan astean aipatutako aurki.com berria, Bloglines zerbitzua edo gure makinan ezar dezakegun beste edozein RSS irakurgailuk formatu moldagarri horretan argitaratutako informazioak bilduta erakusten dizkigute, gure gustoko webgune eta bitakorak banaka bisitatu barik. Albisterik berrienak ikus ditzakegu begiratu bakarrean edo iturri bakoitzarenak aukeratu.

Podcast-en funtzionamendua berdina da, baina testu berriak ordenagailuaren pantailan ikusteaz gain, berari lotuta datorren audio grabaketa ere eskura dezakegu, ondoren ordenagailuan bertan edo entzungailu eramangarri baten bidez entzuteko.

Izena gorabehera, jarduera hau ez dago halabeharrez Appleren iPod aparailuei lotua. Hala ere, iTunes programarekin primeran konbinatzen diren programak badira, iPodder kasu, grabaketa berriak automatikoki ordenagailura ekarri eta gure entzungailuan ezarriko duena.

Orain arte sarean aurki genitzakeen grabaketen ondoan funtsezko beste ezberdintasun bat badu fenomeno honek: irrati saioak baino, funtsean, etxean eginiko grabaketak dira, irrati saioen modukoak baina xaloagoak eta xumeagoak. Askotan ez dute musikarik eta soinuaren kalitatea ez da oso ona, baina audioblogger askorentzat hitzok entzutea da garrantzitsuena, ediziorik gabe eta musikarik gabe bada ere.

Teknologiak bidea errazteak ekarri ohi ditu komunikazioaren arloko fenomenoak: bere garaian autoedizioaren ondorioz herri aldizkariak sortu ziren, kamara eramangarriei esker herri telebistak. Egun, edizio sistema automatizatuek bitakoren fenomenoa ekarri duten moduan, MP3 grabaketak egitea eta sarean eskegitzea gero eta errazagoa izateak ekarri du internauta askok audio grabaketak egitea. Ondorioz, kolektiboa den neurrian bilakatu da moda eta izena ezarri zaio: podcast. Hemen arazo nagusia hosting edo ostatatze zerbitzuen ahalmen falta izaten da, espazio asko eta banda zabalera asko behar baita MP3 grabaketak eskegitzeko eta horiek internauta bakoitzaren ordenagailura jaisteko.

Ingelesez denetariko podcast-ak aurki daitezke, gai anitzen ingurukoak: laburrak, luzeak, gaizki grabatuak, musika dutenak… Askok teknologia berriak dituzte berbagai, Australiako gdayworld.com edo AEBetako geeknewscentral.com kasu. Beste batzuek politikaz jarduten dute, radioproject.org-en Making Contact saioan edo radio.indymedia.org-en kasu. Bloglines zerbitzuan, audio.weblogs.com edo dopplerradio.net helbideetan audioblogosfera ezagutzeko lotura mordoa aurkituko dugu.

Gaztelaniazko blogosferan badira adibide esanguratsu batzuk. Esaterako, Diego Martin blogari ezaguna hasi da bere minid.net bitakoran grabaketak ezartzen. Hasierako grabaketa horietan podcast fenomenoa bera du hizpide eta ahots grabaketa sinpleen defentsa egiten du. Beste bat pjorge.com dugu eta bertan egileak telefono mugikorraren bidez kalean grabatutako gogoetak eta elkarrizketaren bat entzun daiteke. Irrati saio txukun baten forma duen podcast-a dugu informediario.com helbidean aurki dezakeguComunicando izenekoak. Jaime Batiz mexikarrak bere batiz.org webgunean Hablemos izeneko podcast saioa egiten du, ingelesez eta gaztelaniaz, teknologiaz ezezik Mexikoren inguruan jardunez.

Katalanez pof.eslack.org helbidean aurkituko ditugu podcast batzuk. Baina euskaraz oraindik ez da podcast-ik sortu, ez bederen propio izen horrekin. Izan ere, Comunicando bezalaxe, abenduan abiatu zen irratia.com-en aro berriko saioak grabatu eta sarean jartzeaz gain, saio bakoitzaren laburpena egiten da irrati-bitakora honetan eta, MP3 grabaketarako loturarekin argitaratzen da RSS formatoan. Podcast interesgarri batzuen bilduma ikus daiteke sarean.com-en Bloglines bilduman, podcasts izeneko karpetan.

Podcast gehiago
www.bloglines.com/public/sarean

LABURRAK

Aranzabalen liburua
Joxe Aranzabalek blogosfera astindu zuen 2002ko irailaren 15ean Sustatun Medikuak esan dit minbizia dudala mezua idatziz. Bere gaixotasunaren berri eman zion mezu horren bidez bere komunitate telematikoari eta, ondoren etorri ziren beste 16 mezuen bidez, gaitzarekiko bere gorabeheren kontakizuna egin zuen. Askoren iritziz horrek euskarazko kazetaritzan mugarria ezarri zuen, gai tabu bat normaltasunez eta jende aurrean jorratzeagatik. Mezu horiek, horien inguruan sortutako iruzkinek eta hari horrek euskal sarean eragindako erreakzioak bilduz liburua osatu du Aranzabalek, Elkar argitaletxearen eskutik egunotan argia ikusi duena. Dendetan banatzen hasi da jada eta aurki aurkezpenak izango dira hainbat lekutan.

Joxe Aranzabal
faroa.blogspot.com

Itsasikarak kaltetuak
Iragan abenduko itsasikarak hondatutako hainbat guneren artean Sri Lankako Batticaloa eskualde behartsua dugu gehien erasandakoa. Bertan olatuek 2.800 lagun hil zituzten eta bizirik geratu zirenak egoera tamalgarrian daude, kanpoko laguntzarik gabe burua altxatu ezinik. Horregatik, bertako egoeraren berri emateko eta laguntza horri bideratzeko xedez webgunea egin dute Gasteizko eta Munich-eko udaletako Lagundu Batticaloari lankidetza proiektuan. Munich eta Gasteiz hiriek loturak zituzten Batticaloarekin, elkarlanean ari baitziren Europar Batasunak lagundutako MILES proiektuaren baitan. Orain, berriz, berreraikitze lanak eta premiazko laguntza dira proiektu honen xedeak. Webgunea egin dute, besteak beste euskaraz, proiektuaren berri emateko.

Webgunea
batticaloa.geo.ar.tum.de

One thought on “Podcast, gure irrati pertsonala

  1. Pingback: NEXUS6 baten kondairak :: Podcastak direla eta :: March :: 2006

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude