Nor?

a picture of me

Jabi Zabala dut izena, sortzez gorliztarra baina azken urteotan bilbotartua. Kazetaria, web editorea eta argazkilari amateurra naiz. Nire kezka, lanbide eta zaletasun nagusia komunikazioa da eta horrek ekarri nau honaino, baina horrez gain baditut beste jarduera eta zaletasun batzuk.

Batez ere kazetaritzat daukat nire burua. Leioan lizentziatua, 1995etik 2005era Egunkarian eta gero Berrian kolaboratzaile finkoa izan naiz (aurretik, tokiko irrati, telebista eta aldizkari zenbaitetan ibili ostean). Interneten 1997 hasieran murgildu nintzen eta berehala konturatu nintzen sareak ordurarte pentsaezinak ziren aukerak eskaintzen zituela komunikaziorako. Webguneak egiten eta sareari buruz idazten hasi nintzen orduan eta orduz gero nire testu gehienetan sarearen gainean jardun dut. Egunkarian eta Berrian tarte horretan Interneten gainean argitaratutako sail guztien ardura izan dut, bertako testu gehienak idatziz. Egunkaria itxi ostean, bertan Interneti buruz idatzitako testuak bildu eta sailkatuta argitaratu nituen, 2003ko martxoan, webgune honen Egunkaria artxiboa atalean. Berrian argitaratutakoak, berriz, blog honetan aurkituko dituzu, beste hainbat testuren artean.

Nire kazetaritza lanez eta bitakoraz gain, webmaster eta editore moduan egiten dut lan Bilboko Zenbat Gara elkartean eta hori da nire egungo jarduera nagusia. Euskararen erabilera arlo guztietan sustatzeko xedea duen elkarte honek, besteak beste, Kafe Antzokia izeneko kultura guneak sustatzen ditu (Bilbon eta Ondarroan), Bilbo Hiria irratia (96.0 FM) eta Gabriel Aresti euskaltegia Bilbon. Euskaraz bizitzeko aukera daukat eta horregatik zorionekoa naiz, gure hizkuntzaren egoera kontuan hartuta.

Horiez gain, sarean beste ekimen batzuetan esku hartu eta hartzen dut: lagun batzuen artean irratia.com euskal irrati digitala sortu genuen 2000. urtean, bere bertsio berrian irratsaio-blog baten forma hartu duena. Teknologia berriak ditugu hizpide eta gure leloak Euskal kultura digitalizatu, kultura digitala euskaldundu gure ikuspegia laburbiltzen du, euskarak, XXI. mendean bizirik iraungo badu, eremu horretan ahalegin berezia egin beharko duela uste baitugu. Sareko Argia saria eman ziguten 2001ean irratia.com proiektuagatik. Sareko beste proiektu batzuetan ere esku hartzen dut, saharatik.com webgunean kasu.

Gustoko dut mendian ibiltzea, Bilboko zazpi kaleak eta Kantauri itsasoa. Liburuak (1984, Cien años de soledad, Zeru horiek, The Lord of The Rings, El lazarillo de Tormes, Fahrenheit 451, all Bukowski…), filmak (In the heat of the night, Taxi Driver, Bananas, La estrategia del caracol, Kamchatka, 9 reinas, amores perros, Tasio, The 25th hour…) eta musika (nire bizitzako soinu banda: Kortatu, Potato, The Clash, BAP, Ruper Ordorika, Rolling Stones, Ramones, Patti Smith, Bel Rays, Black Sabbath, AC/DC, Mano Negra, BMW, Peter Tosh, Toots & The Maytals, Rufino Arrola… Orain entzuten: Taraf de Haidouks, Exile on Main Street, Carlinhos, Chill in India, Lou Reed, Mariem Hassan, Amadou et Mariam…

Bidaiatzea gustatzen zait. Leku, kultura eta jende berriak ezagutzea. Argazkilaritza ere gustatzen zait. Ez naiz oso argazkilari ona, baina argazki asko egiten ditut eta haietako batzuk ondo ateratzen dira. Nire fotolog zaharrean eta, batez ere, Flickr-eko nire txokoan aurkituko dituzu nire argazkietako batzuk. Hizkuntzak ikastea ere gustatzen zait eta nahiko ondo moldatzen naiz gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Portugesez eta oinarrizko arabieraz ere defendatzen naiz.

Eskasa naiz matematiketan, latinean eta (burmuineko akatsen bat dela pentsatzen hasia nago) jokoen arauak ahaztu egiten zaizkit. Benetan, karta jokoak, kinitoak edo dena delako jokoen arauak berriro ikasi behar izaten ditut aldiro. Puntualitatea ere ez da nire dohaien artean. Lotsati xamarra naiz baina nahiko soziablea. Kontzentratuta nagoenean ez dut ezer entzuten, aldi berean gauza bakarra baitakit egiten (nahiz eta agendan mila zeregin eduki). Ezin ditut jasan: boteredunak, jauntxoak, bakalutiak, “munduko hiritarrak” eta etnozentristak. Vale.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.