Aurki, albiste bilgune bilakatua

By | 2005/02/10

Aste honetan gurean teknologia arloko albiste nagusia aurki.com bilatzaileak izan duen birmoldaketa dugu, itxura aldaketarekin batera bi zerbitzu berri eta aitzindari jarri baititu abian: alde batetik Google News-en gisako albiste biltzailea da eta bestetik nork bere argitalpenik gogokoenen titularrak bildurik irakurtzeko zerbitzua, Bloglines-en antzekoa. Euskal sarean, bitakora berrien sorreraren ondorioz nabaritzen hasi garen atomizazioari aurre egiteko modua. Gainera, lehengo aurkibide eta bilatzaile zerbitzua ematen jarraituko du Aurkik, diseinu berrian txertatuta.

Euskarazko aurkibide moduan abiatu zen Aurki bilatzailea, bere direktorioa sortu beharrean dmoz.org aurkibidearena erabiliz, euskarazko interfaze batekin bere diseinu propioarekin eta aurki.com domeinuan ezarrita. Garai hartan nagusi zen Yahoo! aurkibide jabedunaren alternatiba irekia zen Open Directory Project (ODP) proiektu interesgarria eta eibar.org elkarteko lagunek, haren egokitzapena egiteaz gain, mundu osorako proiektu horren baitan euskarazko webguneen atala editatzearen ardura hartu zuten.

Hautu egokia eta arrakastatsua izan zen ordukoa: egun ODPtik elikatzen dira Googleren bilaketak eta Googleren aurkibidea Dmoz-en berbera da. Azkenaldion, hala ere, euskarazko webguneen atala zaharkitu xamar gelditzen ari dela soma daiteke, gero eta euskarazko webgune gehiago baitaude eta editoreek agian ez dute nahikoa asti librerik horiek sailkatu eta aurkibidera gehitzeko. Hala ere, sareko azken joeren jakitun dira eibarnautak, euren azken mugimendu honekin ederto erakutsi dutenez.

Alde batetik, webgune bakar batean web eta bitakora askoren azken albisteak ikusteko aukera daukagu, Aurkiren zerbitzu berriak era automatizatuan euskarazko informazioak argitaratzen dituzten hainbat webgune nolabait eskaneatzen baititu, albiste berrien bila. Hasierako orrialdean titularrik berrienak erakusten dizkigu, iturriak gaiaren arabera banatuta eta berrienak goikaldean. Albiste edo artikulu bakoitza duela zenbat minutu edo ordu argitaratua izan den adierazten digu goiburuaren ondoan.

Zerbitzu honen aurrekari ezaguna dugu news.google.com albiste bilgune automatizatua. Horrek 4.500 iturritatik edaten du eta haren gaztelaniazko bertsioak 700 inguru arakatzen ditu etengabe. Aurki.com-en jario honek informazio iturri gutxiago izango ditu, baina dagoeneko nahikotxo dira euskarazko albiste iturriak eta ekimena zentzuzkoa da: webgune bakar batean azken albisteak bildurik ikusteko aukera paregabea.

Bestetik, nork bere gustoko bitakora eta informaziogune euskaldunetako titularrak eta albisteak leku bakar batean bilduta ikusteko aukera ematen du. Aukera pertsonalizatua egin dezakegu, gure kontu pertsonala sortuta, soilik gure interesekoak diren bitakora eta webguneetako azken informazioak jasoz. Gainera, sartu ginen azken alditik guk aukeratutako iturri sorta horretan agertu diren testu berriak soilik erakusteko agindu diezaiokegu Aurkiri. RSS feed-ak edo jarioak bilduz lortzen du informazio hori bitakoretatik zurrupatzea eta guri eskaintzea, argitalpen formato estandar eta moldagarria baita RSS. Bitakora gehienek eta albistegi batzuek dute RSS formatoan argitaratzeko ahalmena eta, ondorioz, horien informazio berriak aurki.com-en ere aurkituko ditugu.

Azkenaldion euskal blogosfera loratzen ari da, gero eta bitakora gehiago sortzen dira euskaraz, baina gorakada horren ondorioz informazioa gero eta sakabanatuago dago. Aniztasun horrek sustatu.com bitakora kolektiboaren zentraltasuna urratu du, bertan gehiago idazten zuten askok orain bitakora pertsonala daukatelako. Komunitatea trinkotzeko balio dute honelako zerbitzuek, internauton nabigazio ohituretan ez baita ohikoa gure gogoko bitakora guztiak banaka bisitatzea.

Gaztelaniaz Feedmania zerbitzua dago eta ingelesez ezagunena Bloglines dugu, baina internauta euskaldun askok ez dute oraindik feed bilguneak erabiltzeko ohitura hartu, honelako zerbitzuak ez baitzeuden euskaraz eta euskal blogosferari begira eginda. Aurrerantzean, ordea, gero eta uholde handiagoa dakarren euskal blogosferaren jarioa bilduz, haren eguneroko pultsua islatuta ikusiko dugu Aurkin, begiratu bakarrean.

LABURRAK

Microsoft-en Google-a
Aspaldi iragarrita zegoen baina iragan astean zabaldu zuen Microsoftek ofizialki bere bilatzailea. MSN Search du izena Googleren itxura xaloa eta hainbat ezaugarri kopiatzen dituen bilatzaileak. Helburu argia du Bill Gatesek bilaketa robot honekin: Googleri bilaketen nagusitasuna kentzea. Horretarako, lehenago Explorer nabigatzailearekin, MSN messenger mezularitza sistemarekin, Windows Media Player multimedia programarekin eta beste baliabide askorekin egin duen moduan, erabiltzaileari bere programa inposatzen saiatuko da. Horretarako sisteman txertatuko du eta mahaigaineko bertsioa ere instalatuko du Windows sistemarekin batera. Kostatuko zaio, baina, Googleren abantailei aurrea hartzea.

Aizkolaria eta teknosexua
Hemen askotan nabarmendu dugunez, ez du zertan inkonpatiblea izan euskaldun eta teknofiloa izateak, baserritar, aizkolari, sukaldari, muslari, txikitero eta orohar, basko arketipikoaren ezaugarriren bat (edo batzuk) izatea bateragarria baita teknosexuala izatearekin. Gari araolazak berak bere Teknosexua bitakora berrian eman digu adibidea: bitakora itxurako webgunea duen aizkolaria dugu Ernesto Ezpeleta Bihurri eibartarra. Araolaza, berriz, bere teknofilia lotsarik gabe erakusten duen geek moduan ageri da euskaraz teknologia kontuak jorratuz.

Korrikaren bideoa
Korrika 14ren kanta eta haren inguruko bideoklipa egin du Afrika kantari algortarrak. Asteburuan kaleratuko dira biak, prentsaren bidez, baina itxaron nahi ez duenarentzat sarean bertan eskuratzeko aukera dago. Kantua Korrikaren webgunean bertan dago, MP3 formatoan eskuragarri; bideoklipa, berriz, irratia.com irrati-bitakoran eskura daiteke MPEG formatoan.

2 thoughts on “Aurki, albiste bilgune bilakatua

  1. Ricardo Gómez

    Ezer baino lehen, zorionak Aurkikoei zerbitzu berriekin egindako lan txukunagatik.

    Nolanahi ere den, nire iritziz, proiektua ez da benetan erabilgarria gertatuko nork bere gustuko iturriak (are erdarazkoak ere) gehitzeko aukera ez badu. Oso ideia ona iruditzen zait euskarazko feed irakurgailu bat sortzea, baina ez hain ona, ordea, “euskal blogosferari begira” bakarrik egin izana.

    Izan ere, aurki-rekin batera, bloglines edo kidekoren bat erabiltzen jarraitu beharko dugu askok eta, azkenean, beldur naiz, erabilgarritasuna eta erosotasuna (eta alfertasuna?) direla medio, bakar batekin geratu beharko dugun. Zeinekin orduan? euskarazkoak eta EHri buruzkoak soilik irakurtzeko aukera ematen diguna ala mundu osokoen artean hautatzen uzten diguna?

    Agian, Aurki-k badu aukera hori, baina aitortu behar dut ez naizela aurkitzeko gauza izan. Alfa bertsiorako ote?

    Reply
  2. Gari

    Kaixo,

    Eskerrik asko zure iruzkinengatik, Ricardo.

    Begira, asteburuan sortu dugu Aurki/Jarioarentzat blog bat eta han ematen ditugu azalpenak.

    Funtsean ez dugu tresna aurreraturik egiteko intentziorik izan, euskarazkoa baizik. Zuretzat Bloglines bada hobea (niretzat ere hala da), segi harekin. Azalpen gehiago hemen:

    http://blog.aurki.com/16

    eta hemen:

    http://blog.aurki.com/17

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.