Blogei buruzko erreportaia Argian

By | 2005/02/14

ARGIA aldizkariaren aste honetako zenbakian bitakorei buruzko erreportaia argitaratu da. Interesgarria, blogen fenomenoa ezagutzera emateko egiten den guztia bezala. Jon Tornerrek idatzi du, aurreko egunean bidali zizkidan galderen erantzunak tartekatuz eta, neure sarean.com aipatzeaz gain, beste euskarazko bitakora batzuen pantailazoak agertzen dira (ederragoak aterako ziren euskarazko Mozillarekin atera balituzte). Zehaztapen garrantzitsua egin behar diot, hala ere, Tornerri…

Erreportaian dioenez, nire helburua “internautei informatikari buruzko aholkuak ematea (…)” da. Sekula ez du inork nire ahotik horrelakorik entzungo, ordea. Izan ere, nire gurutzada pertsonala da jendeak Internet eta informatika bereiztea, hain zuzen ere. Mila bider nabarmendu dut informatikaz ez dakidala gauza handirik, ez da nire arloa eta ez zait gehiegi interesatzen. Komunikazioa da nire kezka eta grina eta, horretarako baliagarri diren heinean, ordenagailuek teknologiek eskaintzen dituzten aukerek liluratuta naukate, bai.

Ez galdetu niri, ordea, programazioari buruz, Windows erabiltzen orain dela gutxi hasi nintzen (beti erabili izan ditudan Mac-ak erabiltzeari utzi gabe), agian horregatik daukat hain argi Internet ezagutu daitekeela ditxosozko Inicio hori zer den jakin barik. Ordenagailuak erabiltzen ikasteak ez gaitu informatikari bilakatzen, informatikari bat webgune bat nola egiten den ikasteak komunikatzaile aditua bihurtzen ez duen moduan… Gero dago teknika-teknologia eta bidea nahastearena, hasieran Marconiri gertatuko zitzaion baina egun inori ez zaio bururatzen esatea irrati esatariak elektronikaz dakienik esatea… Autoedizioa etorri zenetik herri aldizkari batean Mac-arekin maketatzen duen bat ez da tipografo bilakatu… Tira, nire betiko adibideekin txapa ematen hasi naiz, baina benetan, euskaldunak (berez teknofoboak asko) makinetatik urrun mantenduko dira asoziazio maltzur hau behingoz apurtzen ez badugu. Benetan baliabideak ganoraz erabiltzeko ez da ezinbestekoa barruko funtzionamendua erabat ezagutzea… Ala Word-en txostenak idazten dabilen idazkaria informatikaz aditutzat jo beharko dugu?

Bon, detalle ttiki hori kenduta, oso ekarpen ona e! Bitakorak aipatzea (norberarena denean areago, noski) oso ondo dago. Elkarrizketa editatua izan denez, ondoren Argiakoek bidalitako galderak eta nire erantzunak doaz, txapa jan nahi duenarentzat:

Zer da zuretzako blog bat?

Adierazpidea edo kanpora begirako nire ordezkaritza ofiziala. Azken finean, bertan neu jaun eta jabe izanik, nahi dudana adierazi eta zabaltzeko aukera ematen didan argitalpen berehalako, erraz eta merkea.

Zeintzuk dira blog batek hedabide tradizionalen edo beste web gune batzuen aldean dituen abantailak? (Adituek diote -batez ere gai sozio-politikoei dagokienez- blogek ikuspegi kritikoagoa eskaintzen dutela, errealitatea bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak bilakatu direla, eurei esker edonor bilaka daitekeela kazetari, editorerik ez egotean hedabide handietan dagoen kontrolik ez dagoela…)

Abian jartzeko eta editatzeko erraztasuna, berehalakotasuna, iruzkinak jasotzeko ahalmena, dena automatizatua eta merkea izatea… Gainera, zurea blogosfera izeneko multzoan integratzen da, bitakorek loturei, iruzkinei eta RSS jarioei esker harreman handia dutelako euren artean. Blogosfera horrek errealitatearen liseriketa kolektiboa eskaintzen du, arlo bakoitzeko informazioak hartzeko bitakora multzo jakin bat aukeratuta, kalitatezko erreferentzia subjetibo askok prozesatutakoaren emaitza jaso baitezakegu.

Zure ustez, kazetaritza egiteko moduan aldaketarik ekarri(ko) dute?

Dudarik gabe, bai. Begira, autoedizioaren eta Macintoshen agerpenak herri aldizkariak ahalbidetu zituen 90ko urteen hasieran. Aurretik grina bazegoen, baina muga ekonomikoa eta teknikoa zen, agerkari baten maketazioa ez baitzegoen edonoren esku. Bitakorekin antzekoa gertatzen da: edizioa erraztuta, dagoeneko ez da beharrezkoa HTML orriak maketatzen jakitea nork bere agerkaria egiteko.

Askotan jorratu dut gai hori eta, egia esan, liluratuta nauka, idazten dakien edonork agerkari txukuna egin baitezake. Kazetarioi, berriz, komunikabideko zuzendaritzak zer esango duen beldurrik gabe idazteko aukera ematen digu bitakora batek, nahi dugun gaia aukeratuta eta nahi dugun beste luzatuz. Hasi berriei, gainera, trebatzeko eta euren buruak ezagutzera emateko aukera aparta eskaintzen die.

Igor Leturiak esan berri du bere blogean mezu askorik jasotzeko itxaropenik ez duela, eta monobloga bihur daitekeela. Blogger batzuk diote euskaraz nabigatzen duen Internauta gutxi dagoela, eta are gutxiago direla blogak irakurtzen dituztenak. Eta zer esanik ez parte hartzera animatzen direnen kopuruaz. Hala ere, aurrera egin behar dela diote. Euskaraz gero eta blog gehiago ari da sortzen, baina zure ustez euskarazko blogek badute etorkizunik? Merezi du euskarazko blog bat sortzeak? Irakurleak parte hartzera animatuko direla uste duzu? Monoblog bilakatuko ote dira?

Antzeko gogoeta darabilkit buruan azken hilabeteotan. Aspaldion internauta euskaldunen topaleku bilakatutako Sustatun horren eragina igarri duten irudipena dut, artikulugile eta iruzkingile fin batzuk buru-belarri dabiltzalako orain, nor bere bitakoran. Bestalde, bitakora horiek guztiak monologo bilakatzen direla dirudi, bakoitzak irakurle eta iruzkin gutxiago dutelako.

Izan ere, euskaraz irakurtzeaz gain idazten dugun internautak hain gutxi izanik atomizazioak, itxuraz, desintegraziora darama. Baina blogosfera, azken finean elkarrizketa handi bat da. Zuk idatzitakoa berria, polemikoa edo bitxia bada, hori irakurriko dute batzuek, idatzi horretarako lotura jarriko dute, jendeak hori irakurriko du eta feedback-a somatuko da iruzkinetan. Badira testu serioago batzuk, nire iritziz inportanteagoak, gutxiagok irakurtzen dituztenak. Baina zer egingo diogu? Irakurleak erabakitzen du zer irakurri eta zer ez.

Bestalde, Josu Landak euskarazko kazetaritza kongresuan esandakoarekin bat nator: euskarazko hitzaldi batean agian lau entzule baino ez dira agertuko baina nork daki, agian hor gerora garrantzitsua bilakatuko den beste zerbaiten hazia egon daiteke. Hemen ezin dugu zenbaki hutsetan pentsatu, erdaldunentzat erridikuluak liratekeen kopuruetan mugitzen garelako, baina gure hizkuntzarentzat ezinbestekoa da besteetan sortzen diren joera garrantzitsu horiek gurean ere isla edukitzea, kopuruz xumea bada ere. Euskarazko bitakorak sortzeak merezi ez duela pentsatzen duenak, finean, euskara galdutzat ematen du.

Zein da blogger bezala zuk daukazun helburua?: Gai baten inguruko irirtziak plazaratzea, eguneroko gauzak kontatzea, eztabaida piztea, informazioa eskaintzea…

Nire kasuan internautei aholkuak ematea, helbide, joera eta fenomeno interesgarriak nabarmentzea. Azken finean internauta euskaldunen sareko ibilerak ganorazkoak eta baliagarriak izan daitezen laguntzea da ekarpen honekin daukadan helburua. Edukiak inportanteak dira eta uste dut edukiz, testu interesgarriz bete behar dugula euskarazko sarea, bakoitzak ahal duen neurrian. Helburu bakarra bisita eta iruzkin asko jasotzea izango banu, bitxikeriak eta testu tribialagoak idatziko nituzke.

Labur azalduta, zeintzuk dira ARGIAren irakurle batek blog bat sortu nahi badu jarraitu behar dituen urratsak?

Bada, biderik errazena Blogger zerbitzuan alta ematea da, minutu batzuren buruan bitakora abian izango baitugu. Itxura moldatu eta aukera berriak gehitzeko, berriz, WordPress, Plone edo Movable Type moduko kudeaketa sistema bat instalatu beharko dugu, baina hori korapilotsuagoa da. Badira instalazioa eginda eskainiko diguten beste zerbitzu batzuk, blogthing.com edo berriemaile.com kasu.

Zer da Bloglines? Zer aurkituko dugu www.bloglines.com/public/euskaraz helbidean?

Bitakorak banaka bisitatu barik horietan dauden azken albisteak webgune bakarrean biltzen dituen zerbitzua da Bloglines, baina badira antzeko gehiago. Bitakorek RSS feed edo jarioak izeneko formatoan ere argitaratzen dute informazioa. Nolabait esateko, formato hori bateragarria eta moldagarria da eta titular horiek beste webgune eta euskarri batzuetan automatikoki publikatzea ahalbidetzen dute.

Helbide horretan norbaitek egindako bilduma dago, RSS feed-a duten euskarazko argitalpenen bilduma. Nik nirea dut, niretzat interesgarriak diren erreferentzia batzuen bilduma, baina edonork berea sor dezake, doako zerbitzua baita.

2 thoughts on “Blogei buruzko erreportaia Argian

  1. Xabier

    Hagitz interesgarri iduritu zait zure idatzia. Egia erran, Argiaren bidez izan dut zure berri eta lehendabizikoz sartu naiz blog delako batean. Erraten duzunaz ezin deus gehitu, ezezaguna egiten baitzait itsaso zabal hori. Noiz edo noiz leituko dizudala agindu bertzerik ez. Baina kontent naiz ikusiak ikusiz gero.

    Reply
  2. Pingback: sarean.com » Euskarazko blogintzaren bilakaera, euskal Interneten panoraman

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude