Macintosh-ek 20 urte

By | 2004/02/08

Egunotan 20 urte bete ditu ikonoak, sagua, leihoak eta karpetak jendarteratu zituen ordenagailuak. Autoedizioa eta herri aldizkariak ekarri zituen Macintosh-ak, diseinuan ezinbesteko lanabesa bihurtu zen eta Internet aroan birusik gabeko nabigazio segurua ahalbidetzen du. Gutxiengo harroaren aukera menderaezinaren historia laburra egingo dugu ondorengo lerrootan.

Superbowl-aren finala zen, 1984ko urtarrilaren 24an. Janet Jackson-en titiak ez, baina markak hautsi zituen iragarkia ikusi zuten telebistan amerikar gehienek. Urteko iragarkirik garestienen artean, 60 segunduko batek 1984 urtea «1984 bezalakoa» ez zela izango jakinarazi zien ikusleei. Orwellen liburuari aipamena eginez Applek sistema berria aurkeztu zuen Ridley Scott zinema zuzendariak egindako iragarki haren bidez.

Lehenengo ordenagailu pertsonalak 70eko urteen hasieran agertu ziren, baina egun ezagutzen dugun ordenagailuaren kontzeptua, sormena eta komunikazioa bideratzeko tresna moduan, 1984ko urtarrilean agertu zen jendaurrean. Programatzaileentzat baino, jende arruntarentzako diseinatua, sagua izeneko aparailu baten bidez gobernatzen zen karpetez eta ikonoz osatutako interface grafiko intuitiboa erakusten: ume batek erabiltzeko modukoa. Programazio kodeak barik, Mac-ak idazteko eta marrazteko softwarea zekarren.

Hurrengo urtean, 1985ean, Windows 1.0 agertu zen Microsoft enpresaren eskutik. Interface grafiko askoz urriagoa zeukan eta erabiltzeko askoz zailagoa zen baina aplikazio sorta zabalagoa zekarren. Bitartean, Macintosh-ak ahalmena eta memoria gehituz joan ziren eta Applek publizitate kanpainia bereziak egiten jarraitu zuen: Andy Warhol eta Mick Jagger azaldu ziren Mac berriak erabiltzen. Urte horretan lehenengo LaserWriter inprimagailua eta Aldus PageMaker programa heldu ziren, autoedizioaren iraultzari bidea zabalduz.

Lehenengo Mac horiek izan ziren, euren interface grafikoari eta erabiltzeko erraztasunari esker, iraultza hori ahalbidetu zutenak. Liburu zein aldizkarien maketazioa eta inprimatu aurreko prozesu guztiak erabiltzaileen eskuetara pasatu ziren 80ko hamarkadaren bukaeran. Macintosh-etan Aldus PageMaker eta QuarkxPress programak agertuz geroztik konposizioa, tipografia eta ordura arte langile berezi batzuren zereginak ziren prozesuak edonoren eskueran jarri ziren. Gurean herri aldizkarien fenomenoaren agerpena ahalbidetu zuen autoedizioak eta, horren lekuko, aldizkariren baten erredakzioan oraindik huts egin ez duten Macintosh Classic eta LC bakan batzuk geratzen dira, museoko aleak bezala. Gutenberg-en ostean edizioak izandako aurrerakadarik nabarmenena izan zen autoedizioa, baina aurrerapen hori erdi ahaztuta geratu zen urte batzuk geroago, beste aurkikuntza batek, Internetek, aurrea hartuta.

Bitarte horretan, Appleren fundatzaileek enpresa utzi zuten eta Mac berri asko atera ziren errenkadan –19 modelo ezberdin 1992an– baina salmentek behera egin zuten, Windows-en hedapenarekin batera. PowerMac-ekin sekulako aurrerapena egin arren, enpresaren kudeaketa kaxkarrak eta Windows 95 sistemaren agerpenak beherantz eraman zuten enpresa. Jobs-en hitzetan «plataformen gerra galdua» zuen Applek, Microsoft-en mesedetan. Ironikoki, lehenengo Windows-ak Macintosh-en funtzio batzuk hartu eta erabiltzeko baimena ordaindu zuen arren, 1995ekoak are ezaugarri gehiago kopiatu zituen, Windows benetako sistema bihurtuz.

Hori ikusita, ezusteko mugimenduak egiten hasi zen Apple. Jobs berriro kontratatu zuen enpresak, haren norabidea alda zezan eta honek etsaiarekin egin zuen tratua 1997an. Microsoft-ek laguntza eman zion enpresa makalari, AEBetan monopolioen aurkako legeak egonik bere kalterako izango baitzen bakarrik geratzea. Jobs-en beste ekarpena enpresari buelta ematea izan zen. Bere lanaren emaitza 1998an ateratako iMac modelo trinko eta modernoa izan zen, Interneterako pentsatua.

Milurteko berria heltzean beste mugimendu garrantzitsu bat eman zuen Applek. Windows sistemari aurre egiteko gai izango zen ahalmen handiagoko sistema berri bat garatu nahi zuen eta 2001an aurkeztu zuen: UNIX-en oinarritutako Mac OS X berria.

Ezberdintasuna gora eta behera
Macintosh erabiltzaileek beti izan dute gutxiengo pribilegiatu baten parte izatearen kontzientzia eta Applek sentimendu hori bultzatu du hasieratik. Izan ere, think different lelopean ezberdin pentsatzen zutenei begira egin ditu publizitate kanpainak, Picasso edo Einstein-en aurpegiak erakutsiz. Salneurri altuagoak gora behera, diseinuaren eta edizioaren arloetan estandarra markatu dute Macintosh-ek.

Jada ez dira Windows-en alternatiba bakarra, Linux eta beste sistema libreak gero eta indartsuagoak baitira. Hala ere, urte hauetan, akatsez betetako Windows ordenagailuen ondoan egonkorrak izatearen famari eutsi diote Mac-ek. Egun oso modan dauden birusak zer diren ere ez dakite maczale gehienek, birusak Windows sistemarako eginak izaten baitira eta Macintoshetan zailagoa da segurtasuna urratzea.

2 thoughts on “Macintosh-ek 20 urte

  1. Albert Hoffman

    Applek Mac OS X euskaraz proiektua geldiaraziz ozpatu du bere kuttunaren urtebetetzea.

    Bestalde, Jobsek adierazi duenez, baliteke iMac zuri-gorri-berdeak ateratzea udaberria-uda denboraldian. Proiektuaren izen klabea Kupertino da.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude