Zer?

Hau nire webgunea da. Ekimen pertsonala da sarean.com, hau egiteagatik ez dut dirulaguntzarik edo ordainsaririk jasotzen (gastu eta lan guztiak nire kontu), nahi dudalako egiten dut eta nahi dudan bitartean egingo dut. Euskarazko blog pertsonal bakarra zen sarean.com hau egiten hasi nintzenean. Zorionez gauzak dexente aldatu dira azken urteotan eta orain ehunka blogari euskaldun gara sarean.

Jabi Zabala dut izena. Kazetaria naiz, web guneen editorea eta argazkilari amateurra. Nire interes gune nagusia komunikazioa da, bere adierazpen guztietan. Interneten eta berari buruz jardun dut azken urteotan gehienbat, komunikabide berri honek horretarako ematen dituen aukerek liluratuta. Azkenik nire webgune pertsonala argitaratzea erabaki nuen 2003ko otsailean. Webgune honetan hiru atal nagusi aurkituko dituzu:

1. Nire bitakora pertsonala. Bitakora, weblog edo blog bat zer den jakiteko hemen dituzu lotura batzuk (1), (2). Azkenaldion euskaraz ere blog izena nagusitu den arren, niri askoz gehiago gustatzen zait bitakora izena. Hemen, nire kazetaritza testuez gain, edozein gairi buruzko albisteak, iruzkinak, elkarrizketak iritziak eta paranoiak argitaratzen ditut. Komunikatzea maite dut eta, edozein komunikatzaileren moduan, nire mezua interesa duen edonori helarazi nahi diot. Berria egunkarian 2005eko uztaila arte astero argitaratu ditudan testuak hemen ere bildu ditut. Iruzkinak egiteko aukera daukazu eta, nahi izanez gero, gaiak proposatzeko ere.

2. Neure argazki batzuekin argazki bitakora egiten nuen hemen, baina gero Flickr ezagutu nuen eta geroztik Flickr-en daukat fotobloga. Ez naiz Robert Capa baina hainbeste argazkiren artean batzuk onak ateratzen zaizkit. Espero dut baten bat zuen gustokoa izatea.

3. Euskaldunon Egunkarian Interneti buruz idatzitako testuen artxiboa osatu dut. Egunkarian idazten ibili nintzen 1995tik itxi zuten egunera arte. Bidegabekeria horrek bultzatuta abian jarri nuen sarean.com, artxibo hau osatuz. Bertan, 1997tik 2003ra Interneti buruz idatzitako testuak jarri ditut, argitaratutako dataren eta atalaren arabera sailkatuta. Euskaldun internautentzat baliagarriak izango direlakoan nago, euskal sarearen azken urteotako bilakaeraren testigantza xume moduan.

Zergatik?
Webgune honen bidez euskaldunok gizarte digitalean duintasunez eta normaltasunez euskaraz bizi gaitezen ekarpena egin nahi dut. irratia.com-eko gure leloak dioen moduan euskal kultura digitalizatzea, kultura digitala euskalduntzea ezinbestekoa izango zaigula uste dut, euskarak XXI. mendean bizirik iraungo badu.

Webgunearen politika
Iruzkinak onartzen dira, testu bakoitzak aukera hori ematen du. Hori bai, bitakora hau momentuz euskarazkoa da. Beraz, beste hizkuntzetan idatzitako iruzkinak ezabatuko dira. Halaber, iraingarriak edo gaitik kanpokoak irizten ditudan iruzkin guztiak ezabatuko ditut.

Copyright informazioa
Bitakora honetako testuak nireak dira. Aipamena eta erreprodukzioa baimenduta daude, testuok aldatu gabe, egilea eta (lotura bidez) testuaren jatorria aipatuz gero. Creative Commons-en lizentzia honen baldintzetan. Webguneko goiko mantxeta guztietako argazkiak eta argazki bitakorakoak ere nireak dira. Argazki horiek ere aipatu lizentziaren baldintzetan erabil daitezke (aldatu gabe).

Eskerrak
Eskerrak eman nahi dizkiet bitakora hau mantentzeagatik denbora kentzen diedan pertsona eta pizti guztiei, nire ingurukoei batez ere, nirekiko erakusten duten pazientziagatik. Hau guztia ez zen posible izango bere garaian Movable Type edizio sistema automatizatua ezagutu ez banu, baina orain WordPress erabiltzen dut, askoz hobea baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.