Gorliz 1937: oroimenari ostutako historia

By | 2013/07/22

Gaurko egunez, 76 urte betetzen dira Gorliz herri txiki eta baketsua astindu zuen gertakizun lazgarria gertatu zenetik. Herriko hamar lagunen kontrako epaiketa militar baten ondoren, Ramón Bilbao  eta Rafael Ziluaga fusilatu zituzten 1937ko Madalen egun hartan, Bilboko Larrinaga gartzelan. Beste zortzi bizilagunek gartzelaldi luzeak eta latzak egin behar izan zituzten, herritarrek aukeratutako udaleko ordezkariak izateagatik. Bigarren bidegabekeria bat ere pairatu behar izan zuten gerora eurek eta euren familiek: ahanzturarena. Aurten berriro ere oharkabean igaro da efemeridea Gorlizen, udagiroan murgilduta dagoen eta bere oroimenari hainbeste urtez historia zati hau ebatsi izan zaion herrian. Gal ez dadin, hau da Ramon, Rafael eta beste zortzi lagun haien historia, hainbat urtez oroimenari ostutakoa.

1937ko uztailaren 10ean Gorlizko hamar bizilagunen aurkako gerra-epaiketa egin zen Bilbo okupatu berrian.  Procedimiento sumarísimo de urgencia n. 96 delakoan, estatu-kolpea emandako militarrek matxinada militarra leporatu zieten hamar zibil haiei . Epaituak Ramon Gangoiti Sarria, Ramon Bilbao Onaindi, Rafael Ziluaga Mellike, Martin Larrazabal Markaida, Jose Rola Garai, Francisco Beitia Uribarri, Pedro Onaindi Atxirika, Jesus Hormaza Markaida, Gregorio Atxirika Ibarbengoetxea eta Juan Calzada Uriarte ziren. Lehenengo laurek heriotza-zigorra jaso zuten euren militantzia politikoagatik eta errepublika garaiko udal-legaltasuna ordezkatu izanagatik. Gainerako seiei biziarteko gartzela-zigorra ezarri zieten milizianoak izateagatik eta aurrekoekin batera Gorlizen Defentsarako Batzordea delakoa osatu izanagatik.

Ramón Gangoiti Sarria, EAE-ANVko kidea, Gorlizko alkatea zen soldadu faxistak herrian sartu zirenean. 1936ko otsaileko hauteskundeen ostean alkate hautatua, aurretik ere alkate alkate izana zen hainbat legegintzalditan, 1916tik 1927ra, eta zinegotzi 1931etik 1936ra. Heriotzera kondenatua, biziarteko zigorragatik aldatu zioten gero. Larrinagako gartzelan 69 urterekin sartu eta, bost urte preso eman ostean 1943an askatu zuten, 74 urte zituela. Bere gartzelaldian urruntzea ere ezagutu zuen, Bilboko eta Santoñako gartzeletatik igaro ondoren Puerto de Santa Mariako (Cadiz) presondegian eman baitzuen gartzelaldi gehiena.

Heriotzera kondenatutako beste bat, Ramón Bilbao Onaindi, Chinchilla, Larrinagako gartzelan fusilatu zuten 1937ko uztailaren 22an. EAE-ANVko kide ezaguna, zinegotzia zen 1936ko otsailetik baina aurretik ere zinegotzi eta alkate izana zen 1931-1936 legegintzaldian. EAEko kidea izateaz gain, Alianza Maritima sindikatu sozialistako afiliatua zen.

Egun berean hil zuten Rafael Ziluaga, Gorlizko erietxeko atezaina eta sozialista. Ordeneko pertsonak salatu izana leporatuta fusilatu zuten. Martin Larrazabal udal algoazila ere heriotzera kondenatu zuten, baina konmutatu ostean hainbat urte eman zituen preso. Besteak bezala Frente Popular taldekoa izatea  (ANV Fronte Popularreko kide izan zenez gero) eta “Ordeneko pertsonak, hau da, eskuindarrak”  (sic) salatu izana leporatuta kondenatu zuten.

Gainerako sei kondenatuek denbora luzea eman zuten gartzelan, baita gerora atxilotu eta akusazio berdinak jaso zituzten beste bik ere: Justo Zeanuri Bilbaok eta Jose Ibarbengoetxea Atxirikak.

Isiltasun- eta lotsa- harlauza
Gatazkarik gabekoa izan zen 1937ko ekainaren 14an tropa faxisten sarrera Gorlizen. Euskal gudariak Munarrikolanda eta Larrabasterra aldera atzera eginda zeuden, burdin-hesia delako guneko kokalekuetara. Beraz, era baketsuan okupatu zuten herria Jata menditik zetozen Gezi Beltzak brigada mistoko soldadu italiar eta espainiarrek. Bilbo bost egun beranduago jausi zen, ekainaren 19an.

Tokiko zenbait eskuindarrek okupazio tropen aurrean beren burua aurkeztu eta udal falangista berria eratu zuten berehala, errepublika garaian demokratikoki eratutakoaren ordez. Egun gutxiren buruan atxilotu zituzten prozesu honetan auziperatutako hamar lagunak. Ez ziren frontean harrapatutako gudariak izan, beraien auzokoek salatutako zibilak baizik, ezer txarrik egin ez zutela iritzita, alde egiteko motiborik ikusi ez zuten zinegotzi eta udal-langileak gehienbat.

Seguruenik salaketen kontu ezatsegin honek eragin zuen, gerran galtzaile suertatu zirenen kontra frankismoak eratutako errepresio bortitzarekin batera, gerora 40 urte baino dexente gehiago, gertaera hauen oroimena ezabatu zuen isiltasun-harlauza. Gainera, alkatea eta auzipetu gehienak EAE alderdiko kideak ziren. Alderdi txikia eta gaztea zen Euzko Abertzale Ekintza,  errepublika garaian oso herri gutxitan hautetsiak zituena. Gerran galera handiak izan zituen EAEk eta gerra ostean oso makalduta geratu zen, bere oroimen historikorako hainbat informazio galduta.

Frankismoan ez zen gertaera horien aipamenik egon, herriak zati hori bere oroimenetik baztertu baitzuen. Soilik familia gutxi batzuetan geratu zen horren kontzientzia intimoa, Madalen eguna ospatzearen debekua kasu, Plentziako jaietara ez jaisteko ohitura gorde zuten zenbaitzuek. Denborak aurrera egin ahala afera ezagutzen zutenak gero eta gutxiago ziren eta gehienek ez zuten gogoratu ere egin nahi. Isiltasun-harlauza hori azaltzeko hainbat alderdi har daitezke kontutan: izua, autoestimu baxua, ordeneko jendearen destaina… Eta hainbat hamarkadaz salatzaileak lasai-lasai kaletik ikusi beharra.

Frankismoa bukatu eta 1979tik aurrera udala EAJren esku egon izanak ere ez zuen ondoren lagundu oroimen historikoa berreskuratzen. Jendearengan, orohar, errepublika garaiko udala abertzalea izango zelako uste lausoa zegoen, gehiegi pentsatu gabe.

Miguel Angel Meñaka Gangoitiren ikerketa lana agertu zen orduan, gauzak aldatzeko. Berak, biktimen ondorengoa izanik, hainbat ikerketa egin zituen, presondegietako agiriak eskuratuz, eta 90eko urteen bukaeran abiatutako oroimen historikoaren aldeko mugimenaren testuinguruan, gertaera haien inguruko informazioa helarazi zien Gorlizko eta Plentziako udalei, biktimen aitortza eta omena eskatuz. Datu nagusiak txosten batean bildu eta honela laburbildu zuen berak bere eskaeraren zergatia:

“Gerra guztiak ikaragarriak badira ere, areagoak dira biktimen senitartekoek ez badute euren tartekoak belatzeko eskubiderik. Ezin da hilen artean bereizketarik egin, denak gerra anker baten biktimak izan baitziren, edozein bandokoak izanda ere, hala ere, matxinada haren alde irten zirenak, urteetan zehar jaso dituzte ohoreak, eta bizkitartean euren lurra defendatu besterik egin ez zuten haiek gutxietsi eta ahaztuak izan dira, ez dute inolako oroipenik jaso, oraindik ere zutik dirauen oztopoa sortuz. Horrelako egoera batean zaila da benetako bakea lortzea, bidegabe hildakoen oroitzapena historiarako aldarrikatuz hainbesteko injustizia gaindituko duen benetako adiskidetzea lortzen ez bada.”

Baina, 2000 urtean egonda ere,  aitortza hori gauzatzeko erreparoak ez ziren falta izan. Meñaka jaunaren eskabide formalak eta ezker abertzalearen insistentziak behartu zuten azkenik Gorlizko udalbatza aldarrikapen uzkur bat adostera. Plentzian, aldiz, 2008ra arte itxaron behar izan zen, testuinguru politikoak eraginda EAJk biktima horien oroimena eta ohorea aldarrikatzeko mozioa aurkeztu arte (oposizioan egonda aldarrikapenak hobeto hartzen dira, antza).

Horrelako istorio gehiago eman ziren beste hainbat herritan, horietako asko Nafarroan. Hain latza eta gupidagabea izan zen errepresioa, ezen herritar askok, nahiago izan zuten ahaztu. Gainera, salaketak tarteko zirela, pentsatu zuten hobe zela gai itsusi hori betirako lurperatzea.

Frankistek beldur eta lotsazko harlauza astuna ezarri zuten, euren oroitzapena ezabatzeko neurrira eginikoa, baita frankismoa bukatutakoan ere. Horregatik da garrantzitsua gogoratzea, frankismoak nahi zuten modu erabateko eta betiereko horretan behintzat irabaz ez dezan.

Hemen ditugu Ramonek eta Rafaelek, hurrenez hurren,  fusilatuak izan aurretik idatzitako azken gutunak:

ramon-bilbao-gutuna

 

Queridísima esposa e hijos:

Me despido de tí, para siempre, asi dispensarme y perdonarme de todo y hacer por vivir en paz en este mundo, un millon de abrazos a todos, esposos e hijos. Me muero en la Gracia de Dios en compañía de varios compañeros entre ellos Ramón Chinchilla. Carmen, conste que soy inocente de todo lo que me acusan y es responsable de mi muerte ——- (ezabatua) y que me acusa de varias cosas que soy inocente. Así Carmen vendes todo lo mío y vosotros vendeis el bote y le dices a Paco el moreno (Eguía) que venda como si fuera de él, el aparejo y todo y tomar Carmen con calma y hacer mucho por los hijos, corónales de besos, me confieso y me comulgo en Gracia de Dios.

La ropa, lentes y reloj te entregarán y las 5 pts que están en mi poder hasta esta fecha.

Adios mil besos
Rafael

One thought on “Gorliz 1937: oroimenari ostutako historia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude