Erreferendum frankistak

By | 2005/02/20

Francoren denboran pare bat erreferendum antzeko izan ziren. Kontatu didatenez, bere erregimenari demokrazia itxura emateko xedez antolatu zuen erreferenduma. Familia buruek soilik zuten bozkatzeko aukera eta aldez aurretik jendeari bai bozkatzera bultzatzeko kanpainia egin zuen administrazioak. Aukerarik onena, logikoena, modernoena, BAKARRA “bai” esatea zen eta herritarrek amen egin zuten. Gehiengoz, Francoren alde bozkatu zuten, beraz, Francorekin jarraitzea demokratikoki erabaki zuen Espainiak.

Orain, demokrazian gaudela frogatzeko eta aldea ikus dezagun, garai hartako terminoetan aurkeztu digute Europako konstituzioaren inguruan “erabakitzeko” erreferenduma edo, hobe esan, “konstituzioa onartzeko erreferenduma”, definizio zehatzago batekin adierazteko. Onartu onartuko dute berdin-berdin, baina hemen herritarren legitimazioa bilatu nahi izan dute, aldez aurretik berau lortuko zutela bermatu ondoren.

Ondo zekien hark masak manipulatzea oso erraza dela eta ondo zekiten espainiar agintariek lortuko zutela BAI = Europa bai / EZ = Europa ez ekuazio maltzurra inposatzea.

Gero dago gurean EAJk hartu duen baiezkoaren aldeko jarrera hori. Bere publizitatean ustezko sardiniar bat, galestar neska bat eta bretoi bat aurkezten dizkigute. Denek baietz bozkatuko ei dute Europak euskaldunak eta estaturik gabeko beste herri horiek ezertarako kontutan hartuko ez dituen arren. Bai, izango dira konstituzioaren aldeko galestarrak, ingelesez mintzo direnak eta eurena naziotzat hartzen ez dutenak ere badirelako herrialde horietan.

Eskuindarrek agintzen dute Europan eta euren ekimenez sortutako konstituzio proiektu honek ezin du ezer onik ekarri, eskuinak ez baitu ezer egiten herrien eta jendeen alde. Baina gainera, zera nazionala dago: Herrien aniztasuna estatuetara laburtzen du proiektuak, herri eta kultura txikietako edozein indigenak edo kultura aniztasunaren alde dagoen edonork argi eduki beharko luke ezezkoa, zeresanik ez, euskaldunok. Beraz, printzipioz harrigarria dirudi EAJk hartu duen jarrera: harrigarria baina logikoa bere alderdikerian.

Erreferenduma botereak planteatuta dagoen moduan, ezetz dioenak Europari ezetz diotso eta EAJk ez du antieuropar moduan agertu nahi. Baina badira arrazoi argiagoak, Ibarretxek bere planarekiko herritarren babesa eskatu du eta hauteskundeen aurrerapena estrategia horren barruan kokatzen da. Tartean sartzen da erreferenduma eta EAJk ez du nahi bere aukera korrontearen aurkakotzat hartzea. Demagun EAJk ezezkoaren alde egiten duela. Bada, baiezkoak irabaziz gero, haren asmoek ez dute babesik EAEn eta bere burua Europatik kanpo kokatzeaz gain, Europarekin ez bateragarritzat aurkezten diguten Ibarretxe plana ere babesik gabe geratzen da. Bere logika berekoian baiezkoa defendatzea este erremediorik ez du izan, beraz, EAJk.

Eurek jakingo dute zergatik makurtzen diren pragmatismoaren miserietara, baina aurrekari honekin erakusten du, nire aburuz, burujabetzaren bidean bere berba zer neurritan dagoen koerentziaz defendatzeko prest. Etorriko dira, gainera, espainiar nazionalistek konstituzio hau gure asmoetarako muga moduan gogoraraziko diguten garaiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude