Oskorrirenak

By | 2015/09/06

Nor bere garaiak osatzen du, interes, zaletasun, joera politiko eta gustu pertsonalak baldintzatzen eta bideratzen. Nire kasuan, 13 eta 16 urte bitarteko adina izan zen, nire pentsaeraren eta ondorengo ibilbidearen oinarri garrantzitsuak ezarri ziren aro kritikoa, euskaltzaletu eta euskaldundu nintzen garaia.

Oskorri_1977

Oskorrirekin batera jaio nintzen, baina haurtzaroaren laino lausotik nerabezaroaren aro kritiko horretara iritsi arte ez nintzen hainbat gauzaz jabetzen hasi. Haurtzarotik gogoratzen dut Plentziako gure eskolan bazirela euskaldun batzuk, euskara etxean egiten zuten alfabetatugabeak, eta deigarria egiten zitzaigun euskara, kuriositatez galdetzen genien hau eta hura nola esaten zen. Nonbait gu baino baskoagoak zirela jakitun ginen. Escuela Nacional Comarcal hartan irakasle eta ikasleon hizkuntza espainiera zen eta, aldiz, armairutik atera berria zen euskarak bazuen aura mitikoa, exotikoa ere bai.

Giro berezia zen 80ko urteen hastapenetan: euskal gaiak, hizkuntza eta nortasuna erakargarriak eta legeztatu berriak ziren, oso garai nahasia eta bizia. Eta lehen aipatutako adin kritiko horrekin konbinatuta, nigan erreakzio kimiko modukoa gertatu zen: euskalduna izatea erabaki nuen.

Hala, prozesu horretan rol garrantzitsua izan zuen musikak, euskal musikak. Aipa nitzake Pantxoa eta Peio, Hertzainak, Zarama, Benito Lertxundi… eta, hoba ez, Oskorri. Diskoak buelta eta buelta entzuten ziren garai hartan, letrak buruz ikasi arte entzun nituen, Alemanian euskaraz diskoa eta beste batzuk, hasieran fonetikoki, gero apurka-apurka hitzen esanahia deszifratuz… Asko motibatu ninduen eta asko ikasi nuen musikarekin.

Gogoan dut, behin, euskara ikasten ari zen izeko batek Oskorri ikustera eraman ninduen Ayala antzokira, AEKk antolatutako kontzertu batera (uste dut Hamabost urte eta gero hau diskoaren aurkezpena izan zela), eta talde izugarria iruditu zitzaidan.

Talde ona izateaz landa, Oskorrik izan zuen nigan beste akuilu bat: Natxo de Felipe Anton Latxa eta beste taldekide batzuk euskaldunberriak zirela jakitean pentsatu nuen eurak bezala mintzatu eta sortu ahal izango nuela egunen batean. Bide batez, ulergaitza egin zitzaidan garai hartan norbaitek (espainieraz esan ere) Oskorrikoak españolistak zirela esan zidanean. Tira, gure tribuko liskar haiek, iraingarriak sorreran, barregarri xamarrak bihurtu ditu urteen joan-etorriak.

Euskal abesti esanguratsunenetakoak utzi dizkigu Oskorrik: Euskal Herrian euskaraz zirraragarria, Korrika aho-korapilo dinamikoa, Furra-furra alaia, Ostatuko neskatxaren koplak inarroslea, Aita-semeak kritikoa, Gora ta gora beti kriptikoa, Forjarien kanta aldarrikatzailea, Bizkaiko aberatsak ironikoa…

Garai hartan Oskorrikoak Gwendal-en maila berean egon zitezkeen, euren ekarpenaren origitaltasun eta sendotasunari zegokienez. Hemen orduko (1987) bideo esanguratsu bat, Espainiako telebistan artean noizean behin euskal talderen bat agertzen zen garaikoa:

Denbora pasa ahala, baina, Oskorrirekiko interesa galdu nuen, aitortzen dut, instrumentazio eta erritmo antzekoegiak begitandu zaizkit azken 20 urteotako albumak, eta Pub Ibiltaria sorta instituzionalizatu eta instituzional xamar horiek ez dute izan hasierako haiek izan zuten sorkuntza maila eta, batez ere, garrantzia historikoa.

Denak du bere amaiera eta Oskorrirena iritsi da, urteen poderioz. Naturala da, zer egingo diogu bada? Bidegileak izan dira eta aspaldi lortu dute beren lekua euskal musikaren olinpoan, betirako. Eskerrik asko Oskorri, zuen musikagatik eta, niri bezala, beste hainbati ere, euskaldun izaten laguntzeagatik.

Buzzin’ in my head: Zeren esperoan dago. Argazkia: Badok.info

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude