Enpresa-kontzentrazio prozesu baten ondorioz, webguneen ostatatzea euskaraz eskaintzen zuen Guebs enpresa desagertu da eta bezero guztiok, derrigorrez, Axarnet enpresa espainiarrera eraman gaituzte. Aldaketak arazo tekniko ugari sortzeaz gain, tratu hurbila eta euskarazkoa desagertzea ekarri du.
Duela hamar urte, Guebs enpresak Euskal Herritik eta euskaraz ostatatze zerbitzua eskaintzen zuela jakin ondoren, bertora aldatzea erabaki genuen hainbat euskal enpresa eta elkartek, nire kasuan, nik kudeatzen nituen webguneak AEBetako hosting enpresa handi baten zerbitzuak utzi eta Guebs.com-era eramanda. Horrelako aldaketak -migrazioa esaten zaie- ez dira errazak izaten, webguneez eta datubaseez gain e-posta helbide guztien postontziak, DNS konfigurazioak eta beste hainbat gauza aldatu behar baitira, eta buruhauste franko ematen dute horrelako mugimenduek, ondo egiten ez badira. Garestiagoa izanagatik ere, merezi zuela pentsatu genuen askok, Guebs-ek zerbitzu hurbila eta euskarazkoa ematen zuelako. Hala izan zen geroztik, tarteka barne migrazio batzuk egon baziren ere (Zamudioko datacenter batean hasi eta Amazonen bukatu), arreta hurbila eta berehalakoa zen (eta euskarazkoa).
Baina zer gertatu da? Bada, laburbilduta, enpresa kontzentrazio prozesu baten ondorioz Guebs desagertu dela, eta ondorio teknikoak (eta linguistikoak ere) orain agertu dira: 2022an Guebs enpresa erosi zuen Bilboko enpresa handiago batek (eta erdaldunago batek), Hostinet-ek. Lehenago, 2021ean Hostinet erosi zuen are handiagoa den batek (eta urrunago batek) Sevillako Axarnetek, beste hainbat ostatatze enpresarekin batera. Lehentxoago, 20219an, Holandako marrazo handi batek, TWSk Axarnet erosia zuen, eta Espainia mailako kontzentrazio prozesua abiatzeko agindu zion. Ondorioa da, enpresa moduan, Guebs sagu burua izatetik lehoi buztana izatera igaro dela, eta, azkenik, desagertu dela. TWS marrazoak, Hostinek ez ezik, Softec Internet, RAN Networks, Singular Web, Nerion Networks, Evidalia eta Cubnode jan ditu, besteak beste, beraien bezero kartera bereganatuta eta denak Axarnetera pasatuta. Baten batek pelotazoa eman du enpresaren salmentarekin, Hostineteko jabea zen Josean Paunero bilbotarra kasu.
Baina Guebseko bezerooi aldaketak sekulako buruhausteak sortu dizkigu, inoiz ikusi dudan migraziorik txarrenarekin. Arazoak arazo, kontua da, hainbatek balio erantsia ordaintzea aukeratu genuela tratu hurbila eta euskarazkoa jasotzearen truke gehixeago ordaintzeko prest egonik. Balio erantsi hura desagertu da, Axarneten oso urrun baitaude, arazoak ez dira inoiz konpontzen eta euskara… Tira, euskararen arrastorik ez.
Gauzak horrela, euskal webguneentzako euskal ostatatze enpresarik ote dagoen bilatzen hasi naiz, ez dut bat ere topatu eta kezkagarria iruditzen zait. Iaz iragarri zuten Abanton euskal datacenter moderno bat eraikiko zutela, garrantzitsua delako horrelako azpiegiturak gurean ere edukitzea, baina azpiegiturez gain, zerbitzuak hemendik eta euskaraz (ere) emango dituzten enpresak egon ezean, beti egongo gara kanpoko eta urruneko enpresa erdaldunen menpe.