Bizkaibus galduta dago sarean

By | 2016/12/17

Larunbat goiza, kalean nago, Bilbon. Hiria esnatzen ari den ordu horretan Bizkaibus zerbitzuaren autobusak hiriaren jaun eta jabe direla dirudi. Hurtado Amezaga kalean bus berdeak baino ez dira ikusten, atzera-aurrera. Ondarroara joan nahi dut eta sakelakoari galdetu diot, Google jakintsuari. “Bizkaibus” aurkitzeko eskatu diot baina, emaitzetan webgune propiorik ez, soilik Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean galdurik dauden PDF batzuen loturak eta telefonoan funtzionatzen ez duen bilaketa tresna baterako lotura (ordenagailuan bai, Flash Player eta pazientzia handia edukiz gero). PDFak jaitsi eta sakelakoan txiki eta ezeroso irakurtzen dira.

Informazio erabilgarria aurkitu behar izaten dugu. maiz, kalean gabiltzala, gero eta gehiago telefonoan. Gehienok Google Maps erabiltzen dugu puntu batetik bestera joan nahi dugunean. Autoz, garraio publikoz edo oinez ibilbiderik laburrena emango digu askotan.

Google Maps-i galdetu diot, eta emaitzak ikustean barre algarak Bilbo osoan entzun dira. Geltokian nago jada, Zabalburu plazan. Lagun batek telefonoz informazio fidagarria eta zehatza eman dit, esan dit Termibusetik irteten den autobusa 5 minutu beranduago hortik pasatzen dela eta ondoren autobidea hartzen duela. Ermuatik doana hartzeko esan dit, besteak buelta handiagoa ematen duela eta.

Googlek berriz, beste hau gomendatu dit:

Zabalburutik San Mames geltokira trenez eta, ondoren, hiru autobus: Bilbo-Zarautz, Zarautz-Deba eta Deba-Mallabia-Ondarroa. Hiru orduko epopeia proposatzen dit Googlek, baina bere errua ote da?

A, eta zorionez, Bizkaibusen APP bat omen dago. Bai, Play Storen Bizkaibusek badu duela urte eta erdi eguneratu gabe dagoen APP bat, jendearen iruzkinak irakurtzea besterik ez dago ez dabilela jakiteko. Beste bat dago Bilbobuserako, beste bat Barik-a kargatzeko, Gipuzkoan Mugiapp Donostibus eta beste batzuk ditugu, Gasteizen tranbia, Bilbon metroa, ofiziala eta extraofizial ugari, Bilbobus (Bilboko udalak zortzi app ditu!)… Euskotrenen kasuan, beharrizana ikusita, garatzaile independente batzuek garatu dituzte Euskotren eta Euskotrena. Oraintsu Euskotrenek enpresa bati enkargatu dio APP ofiziala egiteko. Baina zenbat iraungo du eguneratuta? Bada, kontratuak irauten duena. Ondoren, ezertarako balioko ez duen APP zaharkitua izango dugu telefonoan, aurrekoak bezala.

Tira, eguneratuta baleude ere, ez da hori bidea: informazio bakoitza eskuratzeko APP bat instalatu beharko bagebanu, telefonoa aplikazioz josita edukiko genuke. Bistan da APP egileek politikariak konbentzitzeko gaitasuna dutela, baina uste dut oker dabiltzala instituzioen garraio enpresa publiko hauetako agintariak, erabiltzaileok erabili behar dugun garraio bakoitzeko berariazko APP bat aurkitu, instalatu eta ikasteko gogoa dugula uste badute.

Gauzak horrela, harrigarria egin zait Youtuben iragarki bat ikusi dudanean. Zer eta Bizkaibus iragartzeko.

bizkaibus-youtube-iragarkia

Akaso webgune berria jarri dute martxan. bizkaibus.eus irakurri dut loturan. Klik egin dut eta obretan dagoen webgune batera eraman nau loturak:

bizkaibus-hosting

Falta zitzaiguna! Publizitate kanpainia abian jarri dute webgunea prest eduki gabe. A, eta nola dena euskaraz ere jarri behar duten, bada gaztelaniaz egindako bideoak badu euskarazko bertsiorik… Ez, barkatu: euskarazko bikoizketa gainetik ezarri eta kitto. Tricicleren adibideak hautsak harrotu zituela nioen lehengoan, eta zenbat aldiz irentsi behar izan ditugun euskarara doblatutako iragarkiak. Tori adibidea!

Kalean informazioa bilatzen ari denak, turistak, bisitariak… beste zerbait behar du: webgunean egon behar da informazioa. Bi bide erabili behar dira APPra jo aurretik:

1. Webgunean egon behar da eskuragarri, ez PDF atziezin eta irakurrezin batzuetan, denbora errealean emaitzak emango dizkigun bilatzaile baten bidez baino. Gune ondo antolatua, responsive, noski, telefonoan ondo ikusteko, estandarrak erabiliko dituena eta bilaketak egiteko erraztasun guztiak emango dituena. Non nagoen eta nora nahi dudan esan eta berak erantzun behar du zein den geltokirik hurbilena eta zenbat minutu barru igaroko den hurrengo autobusa, denbora errealean, autobusak benetan nondik dabiltzan kontutan hartuta.

2. Integrazioa da bidea. Google Maps eta antzeko plataforma handiak, dagoeneko jendearen smartphoneetan instalatuta daudenak eta jendeak erabiltzen dituenak. Jendeak emaitzak nahi ditu, kalean gaudenean, helbide bat edo leku batera iristeko modua topatu nahian, ez gaude detektibe lana egiteko, datu horiek guztiak Google Maps-en egon behar dira eguneratuta. Horretarako, duela 10 urte Google Transit hasi zen, Doako integrazioa eskaintzen dio beren datuak plataforma horretarako egokitzeko prest dauden garraio enpresa pribatu eta publikoei… Metro Bilbao eta Lurralde bus dira gurean bakarrak (Euskotren ere badago zerrendan, baina egun batzuetan ez dago haren informazioa behar bezala integratuta), hainbat enpresa pribaturekin batera, baina oraindik euskal garraiobide nagusietako batzuk, milioika ikasle, langile eta turista garraiatzen dituztenak EZ DAUDE BERTAN. Zergatik?

Mesedez, jendeak garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, erraztasunak eman beharko dira. Zerbitzuak urtean duen aurrekontuaren zati txikia kostatuko litzateke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude