Teknologia berriak eta Durango

By | 2004/12/11

Gainontzean, iazko kronikaren antzekoa da aurtengoa, zer egingo diogu! Lehenago ere aipatua nuen azokaren webgunea nahiko tristea dela, baina ni neu ere harrituta geratu naiz artxibora jo dudanean. Azoka birtualaren izaera urriari erreferentziak 2001ean, 2000an eta 1999an aurkitu ditut. Gainera, 1999 hasieran, laster Interneten azoka birtual etengabea izango zela agindu ziguten. Canal21ren eskutik etortzear zen, puntucom eztandaren urtean, 2000rako dena telematikoa izango zen uste faltsuarekin. Asmo hura bezain abandonatua geratu zen azokarena azkenean. Eskerrak umorea daukagun, promesen garrantzia erlatibizatzeko eta negar barik barre egiteko.

Aurten, behintzat, azokaren gaineko atal berria jarri dute, aurrekoa kendu gabe. Nire dizipuluekin frogatu ahal izan dudanez, internauta gehienek sartu eta berehala klikatzen dute betiereko Gernikako arbol horretan (benetakoak baino urte gehiago iraungo duena), 800 pixeleko pantailan hori baino ez baita ikusten.

Gero dago Teknologia berriek azokan bertan duten tratamendua. Askotan aipatu dut azokak jaramonik ez diola egiten teknologia berrien esparruari, behar den moduan ez dutelako oraindik ulertu euskaraz edukiak direla inportanteena, horrekin ez duela zerikusirik Euskaltelek montatzen duen txiringitoak… Patxik ere pobre dakusa panorama. Agian bisionarioak izango gara oraindik, beti bezala… Baina nazkatuta nago 2005aren atarian oraindik teknofiloak herri honetan bisionarioak izaten jarraitzeaz.

Hamaikagarren froga aurkeztuko dut: aurtengo azokan ziberkazetaritzaz hitzaldia emateko eskatu zidaten Gerediagakoek eta nik sentitzen nuela baina ez nuela prestatzeko denborarik izango erantzun nien. Ondoren deitu zidaten zera esateko: hobeto pentsatu dutela eta gaia ganoraz prestatzeko datorren urtera arte itxarongo dutela, 40. edizioa teknologia berrien gaineko monografikoa-edo bihurtzeko asmoa dutela. Teknologiak itxarongo baligu legez! Urtebeteko eszedentzia emango ei digu berriro euskaldunoi aurrerakuntzak.

Azkenaldion euskaldunok berriro atzean gelditzen ari garela sumatzen duen bakarra ez naiz, Aitor Lopez de Aberasturiri Argiakoek eginiko elkarrizketan sumaketa bera. Nire iritziz, 1998 aldera, teknologia berrien trena ihes egiten ikusi genuen, geltokian geldi, hari begira geratzen ginen bitartean, Luistxok bere Etxepare Pornon ohartarazten zuen moduan. Ondoren, 2001 aldera, Konekta Zaitez eta enparauen aitzakitan, Finlandiarrak ginen espejismoa saldu nahi izan ziguten beste arloetan ere Aurrera doan herria ei garenez… Baina edukiak dira inportanteena eta hemen subentzionitisak kutsatutako kolektibo teknofoboa dugu euskalgintza ofizialean buru, dirua beste kontu batzuetara bideratzen adituak (ikus Josu Landaren testua, Dirulaguntzekiko morrontza atalean), sarea oraindik ulertu ez dutenak eta, hortaz, gutxiesten dutenak. Dirulaguntzen banaketa okerra salatzen du Lopez De Aberasturik ere aipatutako elkarrizketan.

Amaitzeko, gogoeta laburra: Sarean bertan euren presentzia inon iragartzen ez duten webgune asko daude gurean (batzuk diruz ondo lagunduak) eta horietarik batzuk Durangon bertan ezagutu ditut, offline. Bitxia da baina euskal webgune berrien berri izateko era bitxien antologia idatz nezake, horiekin eta beste askorekin gertatu zaigu euskal internauta gehienoi. Euskalgintzan dagoen autismoaren adierazgarri?

One thought on “Teknologia berriak eta Durango

  1. eneko

    Arrazoia duzu esaten duzun gehienean, baina apur bat baikorra izatearren, azken boladan ekimen xume batzuk aurrera ateratzen ari direla esango nuke: zerrendatxoa
    gehitzen doa.

    Orain duela urtebete 30 feed inguru zeuden zerrenda horretan eta – Garik edo Josuk jakingo dute hobeto -, azken kontaketan 160tik gora zeudela esango nuke. Oraindik oso gutxi izan arren, bost bider gehiago urte batean ez dago hain gaizki. Erakunde edo elkarteen euskal webguneak gehitu egin dira, baina enfin hor denetik dago, ona eta txarra, bigarrenetik gehiago seguruenez.

    Bultzatuz gero, askoren elkarlana gehitzen (sarea hori da) duten proiektu xume horiek dira, jasangarritasun edo iraunkortasunaren aldetik, posible direnak. Seguruenez, ez ordea, urtero milaka euroen txertoa behar dutenak. Baina horrelakoetan ere, frogaren batzuk egin beharko liratekeelakoan nago.

    Baina, ez gaitezen itsutu, orohar arrazoia duzu diagnosian.

    ondo izan

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude