1999ko maiatzak 16, Igandea | Nabigatzen |

Canal 21: nondik nora

Canal 21 portal berria

Internautok, eta sarean ez dabiltzanek ere, aste honetan publizitate kanpaina zabal baten bidez izan dugu Canal 21 portal berriaren berri. Begirada beste eremuetara ere zabaltzen duen arren, berton sortua da proiektu hau Euskaltel enpresaren eskutik. Horregatik, eta haren gainean gehiago jakin gurean, Zamudion izan gara Canal 21ko arduradun nagusiekin.

Zamudioko parke teknologikoan, Euskaltelen egoitzan, hartu gaituzte Ińaki Alzagak eta Manuel Salaberriak. Telekomunikazio enpresaren zuzendaritzan bata negozioen garapenaz arduratzen da eta bestea sistemen zuzendaria da. Horretaz gain, Canal 21 berriaren arduradun nagusiak dira.

Portal berria bisitatu dutenek jada ezagutu dute Canal 21ren egitura, itxura eta edukia. Salaberriak dioenez, «portal klasikoaren itxura apurtzen saiatu gara, oso bestelakoa eginez. Lerroak eta zutabeak barik hemen dena argia eta borobila da». Oso diseinu landua duen webgune honen hasierako orrialdetik abiatuta gure eremu geografikoa aukeratzea izango da lehendabiziko urratsa. Izan ere, ohiko portalaren ideiatik aldendu nahian norberaren ingurune geografikotik abiatutako kanaletan oinarritu dute Canal 21 berria. EAE edo Nafarroa erakusten duten ikurretan sakatuz gero, segidan euskara aukeratu ahal izango dugu. Soinuak eta mugimenduzko irudiak dituen Shockwave teknologia erabiltzen du webguneak, oso ikusgarria den bisita gidatuan batez ere.

Proiektuaren hasierako asmoa Euskadi Online izeneko portala zen, baina arduradunek laster ikusi zuten geografikoki hedatzearen beharra. Euskal Herria txikiegia zen nonbait eta erabiltzaile gutxi zeuden portal handi bat sortzeko. Hala ere, tokian tokiko portalaren ideia atxeki eta garatu zuten toki anitzeko portal hau garatzean. Momentuz, Hego Euskal Herria eta haren inguruetan Errioxara eta Kantabriara zabaltzeaz gain, Madril eta Katalunia sartu dituzte Canal 21k duen eremu geografikoaren araberako sailkapenean. Alzagaren esanetan, «soilik Euskal Herritik pentsa zitekeen horrelako planteamendurik. Madriletik edo New Yorketik eurena goitik behera inposatzea pentsatuko zuketeen. Guk aldiz tokian tokiko jendearekin akordioak lortu behar direla pentsatu dugu, bakoitzak bere edukiak jar ditzan».

Baina tokian tokiko informazioa bertako lantaldeek eta enpresek egiten dute. Eremu bakoitzean badago erredaktoreen lantalde bat edukiak webgunean biltzeko. Edukiok aldiz arloan arloko enpresek egiten dituzte. Esaterako, Europa Pressek notiziak ematen ditu etengabe aldi bereko sistema baten bitartez. Radio Euskadi eta Euskadi Irratiaren emisioak RealAudio sisteman ematen dira, burtsaren gaineko informazioa Norbolsak ematen du, eguraldiaren gainekoa Meteotemp enpresak biltzen du eta Borak enpresak garatu ditu portalak eskaintzen dituen jokoak.

Edukiak partaidetzaren bidez
Salaberriak dioenez, «edukiak lantzeko eta portalean biltzeko planteamendu nagusia partaidetza da. Hori akordioen bidez garatu da zinema enpresekin, farmazilarien elkarteekin, garraio enpresekin... Ondoren erredaktoreen taldeak informazioa bere lekuan sartzen du». Horietan gehienak Zamudion daude baina badira batzuk Katalunian eta Madrilen ere. Interneti esker hain zuzen eredu deszentralizatua erabiltzen dute lanerako.

Baina orain dauden edukiak arduradunek epe ertainean edukitzea espero dutenaren zati bat besterik ez dira. Hala, laster, webgunearekin telefono arruntaren bidez komunikatzeko modu bat agertuko dela dio Salaberriak: «Webguneak telefonoz hitz egingo dizu». Urte amaierarako hezkuntza ataleko zerbait sartzeko asmoa dute, baita Durangoko azoka birtuala ere. «Benetazkoa ordezkatu barik, urte osoan zabalik izango den azoka bat», iragarri digu Alzagak. Laster farmazien gaineko informazioaz gain webcam-ak sartuko dituzte internautek hondartzen edo trafikoaren berri zuzena irudien bidez izan dezaten. Administrazioarekiko tramiteak egiteko leihatila birtualak sortzea eta patrika-txartelak etxetik kargatzeko sistema sortzea izango dira ondorengo helburuak. «Merkataritza elektronikoarekin sistema handi eta osatu bat aurkeztu nahi dugu, horregatik ez dugu momentuz ezer jarri», zehaztu digu Salaberriak.

Bistan denez, portal honetarako ideien eta proiektuen faltan ez dira Canal 21koak. Azken helburua «jendeari zerbitzua emanez negozioa egitea» da, Salaberriak aitortzen duenez. Izan ere, bisitari asko eta fidelak lortzea da edozein portalen azken helburua, haren inguruan ibiliko den publizitatera edo merkataritzara hurbil daitezen. Fidelizazio estrategia horren barruan dago Canal 21ko kidearen figura. Hainbat zerbitzu eta abantaila izango dituzte doako eskabidea egingo dutenek, momentuz e-posta helbide bat baino ez bada. Deskontuak, zozketak eta bestelakoak ere sartuko dira aurrerantzean.

Canal 21
http://www.canal21.com/
Euskaltel
http://www.euskaltel.es/

Laburrak:

Inprimategia online

Hauteskunde kanpainaren atarian gaudenez, horrekin lotutako helbide interesgarri bat aipatuko dugu hemen, Lasarteko Antza inprimategiaren online bertsioa. Herri askotan osatutako hautagaitzek egunotan beraien aldizkariak eta kartelak argitaratu behar dituztela eta, esperientzia faltagatik galduta ibiltzen dira edizioaren munduan. Antzak aurrekontuak eskatzeko sarean jarritako tresnari esker edozein kartel, foileto edo aldizkariren argitarapenen kostuak jakingo ditugu momentuan.

Antza Inprimategia
http://www.antza.com

Eibarnauten materixala

Eibarko internauten webgunean gero eta gauza gehiago dago. Hiriaren gaineko informazioa, ingelesezko laburpen batekin, hasierako abiapuntua da, besteak beste era askotako materialak dituen materixala orrialderako. Bertan, hizkuntza, historia, kirola, kultura, eta politika ataletan. Gauzarik berrienen artean kantutegi bat aurki dezakegu, gaiaren arabera sailkatutako kantu eibartarrekin. Denetarik atalean berriz, Eibartarrak e-posta zerrendan agertu diren bitxikeriak ageri dira.

Eibartarrak Home Page
http://www.geocities.com/Paris/Cafe/5812/

Bolondresak Gipuzkoan

Gipuzkoako Gizalde izeneko bolondresen taldea zer den jakin nahi duen internautak badu nora jo ziberespazioan: Euskaraz zein gaztelaniaz dagoen webgunean bolondres lanari buruzko informazioa jasoko dugu. Asoziazionismoaren inguruko informazioa ere ematen die irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu nahi dutenei, baita aholkularitza teknikoa eta bere esku diren baliabideak.

Gizalde
http://www.gizalde.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner