2001ko abenduak 13, Osteguna | Irristatzen |
Durango eta gero
Durangon diskoak eta liburuak barra-barra izan ditugu bost egunez, baina urteko beste 360 egunetan zer? Urterik urtera betiko webgune tristearekin hartzen gaitu azokako zibergelak azokak benetan sarean nolako itzala duen ikustera sartzen garenak. Antolatzaileak, aspaldi honetan legez, bultzada zibernetikoaz mintzatu zaizkigu aurtengoan ere, arlo honek hartu duen garrantziaz. Errealitateak ordea, duela bi urte Canal 21ren eskutik iragarri ziguten azoka iraunkorra iragankorra dela erakutsi digu. Sarea etengabe erabiltzen dugun euskaldun gutxiengoari «ea datorren urtean» esatea besterik ez zaigu geratuko momentuz.
Ziber izan nahi horretan eta dena Durangon aurkeztu behar dela eta, beste adibide bat eman digute Euskal Dantzarien Biltzarrekoak, oraindik sarean ez dagoen webgune bat iragarriz. Maketatzaileek diseinuak hitzez betetzeko erabili ohi dituzten Lorem Ipsum latinezko testuak aurkituko ditugu momentuz, jakitera eman duten helbidean.
Eta Durangon ere salgai izan den liburu bat dugu Informatika eta Internet hiztegia, UZEIk egina eta Elkarlaneanek argitaratua. Ingelesa, frantsesa, eta espainieratik euskarara itzuli ahal izango ditugu arlo berri hauetako hainbat hitz. Hiztegia erabilgarri suertatuko zaigu jakiteko, esaterako, ingelesezko link hitza adierazteko ia inork erabiltzen ez duen esteka erabili beharko dugula aurrerantzean, lotura ez baita haren ondoan ageri, behinola Windows itzuli zutenean esteka ezarri zutelako. Eztabaidak gora behera, beharrezkoa da hiztegi hau, nahaste eta eztabaida asko baitaude. Famatuena arroba hitzaren ingurukoa izan da eta UZEIk a bildu zein arroba onartu ditu euskaraz idazteko. Guztira arlo horietako 2.300 kontzeptu jaso ditu Alberto Agirrealzaldegik koordinatutako hiztegiak.
Arlo honetan aipatu behar da Uzei bera eta Elhuyar zientzia eta teknika elkartea egiten ari diren Linux sistemaren itzulpena. Mandrake 8.1 banaketaren itzulpena izango da eta apirila aldean eskuratu ahal izango dugu. Azaroaren 24an Eibarren izan zen Software Libreari buruzko I. Euskal Mintegian Elhuyarreko Josu Walińok azaldu zuenez, agian egunkariren batekin oso merke edo agian doan banatuko dute.
Hala ere, mintegian UZEI eta Elhuyarrekoei GNU ikuspegirik ez izatea leporatu zitzaien, terminologia oinarria ez baitute kode ireki moduan denen esku jarri nahi izan. Horretaz kexu zen, esaterako, lanbidez medikua den informatikazale bat, bere kabuz linux banaketa bat euskaratu duena baina terminologia bateratua erabili gabe, berak zioenez «ez bainaiz itzultzailea».
Itzulpenaren kontu horretaz eta mintegiaz informazio gehiago topatuko dugu sustatu.com atari berrian, informatika atalean. Goienak eta Code & Sintax enpresak argitaratzen duten weblog albistegi txukun horretan informatika eta Internet atalak behar bezala bereizita ageri dira, edukiak eta tresnak ezberdintzen baitakite bertako kudeatzaileek.
www.durangokoazoka.com
www.euskaldantzarienbiltzarra.com
www.sustatu.com
www.uzei.com
www.elhuyar.com/linux
www.ueu.org