2001ko otsailak 24, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Durangotik sarera

Euskal argitaletxe eta disketxeen online urratsak

Apurka-apurka ari dira sareratzen euskal argitaletxeak. Durangoko Azokaren webgune penagarriari aurrea hartu diote gehienek, seriotan hartu baitute online egon beharra. Batez ere katalogoak erakustea dute helburu, baina batzuek zerbait saltzen ahalegintzen dira, nahiz eta oraingoz merkatu murritza izan.

Txalaparta argitaletxearen webgunean etengabeko txalaparta doinu batzuek hartuko gaituzte hasierako orrialdean, euskara, gaztelania edo ingelesa aukeratzen dugun bitartean. Euskara sakatu ostean, informazioa, katalogoa eta harpidedunak atalak daude aukeran. Lehenengoan, argitaletxearen beraren gaineko informazioa aurkituko dugu. Ondorengoa eta garrantzitsuena, katalogoa da, bertan baitaude berau osatzen duten bildumak eta liburuak. Harpidedunentzako, oraingoz ez dabilen hirugarren atal berezia badu Txalapartak, harpidedunak izenekoa. Identifikazioa eskatuko omen digu sistemak eta, ondoren, idazleekin eta beste harpidedunekin solasaldi birtualak izateko aukera izango dugu, abian jartzen denean.

Txalapartaren egituran desabaintaila txikia aipa daiteke: mamira –bildumetara– heltzeko laupabost klik egin behar dituela bisitariak. Titulu bakoitzean klik eginez gero, erreseña ageriko zaigu, azalaren irudiak lagunduta eta liburua gure saski birtualera sartzeko aukera izango dugu. Datu baseen gainean eraikita dago webgunea eta honekin konektatuta dago ordainketak egiteko pasarela. Kreditu txartelaren bidez ordain dezakegu edo, bestela, liburua posta bidez jasotzean.

Produktuak erakusteaz gain, salgai jartzen dituzte ere Elkarlanean argitaletxekoek. Ez daude katalogoko produktu guztiak baina bai berrienak. Bertako zerbait erosi nahi izanez gero, Megadendarekiko konexio zuzena egingo digu webguneak eta Txalapartarenak bezalako ordainketa aukerak izango ditugu, Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioaren sistema enkriptatua erabiliz.

Susa argitaletxea da, dudarik gabe, webguneari garrantzirik gehien eman dion euskal argitaletxea, sarearen bidez zuzenean libururik saltzen ez duen arren. Diru ahalmen murritza imaginazioarekin eta trebetasunarekin gainditu dute web txukuna bezain mamitsua osatzeko. Liburu guztien katalogoaz gain, haien pasarteak ere badituzte irakurgai, balizko irakurlea engantxatzeko nahikoa amuzki potoloak eskainiz. Baina idazlan osoak ere eskaintzen dituzte, argitaratu gabeko edo agortutako lanenak. Audio artxiboak ere gehitu dituzte webgunera. Bertan, egile asko agertzen dira nork bere testuak edo inorenak irakurtzen.

Ardi Beltza aldizkariak ere sarean leihotxo bat zabaldu du, pare bat liburu eta bideo bat Interneten bidez saltzeko eta dexente saldu dute horri esker, batez ere Espainiako eta beste herrietako jendeen artean, zurrunbilo mediatikoan egoteari probetxua atera behar zaio eta. Gainera, aurki, webgune xumea edizio elektroniko bihurtuko den zurrumurrua egiaztatuko omen dugu.

Hondarribiko Hiru argitaletxe erdaldunak ere, bere webgune xumea ezarri du sarean. Oso antolaketa sinple batekin liburuak tituluaren, gaiaren, egilearen edo bildumaren arabera ordenatuta aurkituko ditugu eta izenburuan sakatuz gero erreseña agertuko zaigu. Eskaerak egiteko posta elektronikoa edo posta arrunta erabili beharko dugu, argitaletxearekin harremanetan jartzeko.

Sendoa argitaletxeak, berriz, kreditu txartela erabiltzeko aukera damaigu eta bere katalogo txikia era txukunean erakusten digu sarean. Descleek bere haur eta gazte literatura, mikoleta bilduma eta Euskaltzaindiaren hiztegia eskaintzen dizkigu, besteak beste.

www.txalaparta.com
www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com
www.ardibeltza.com
www.hiru-ed.com
www.sendoa.com
www.desclee.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner