Aurten berriro urteroko liturgia jarraitu dugu euskaldun askok. Durangoko azokara hurbildu gara gure ekoizpen berriak aurkeztera (zaharrak ere saltzeko asmoz) eta gabonetako kultura-erosketak egitera. Neuk inoiz baino diru gehiago gastatu dut, baina liburuak eta diskoak ezeze, jertsea, puzzlea eta euskaraz mintzo den panpin garestia ekarri ditut Landakoa bilakatu den eguberri aurreko bazar handi horretatik.
Azoka ostean, betiko adierazpen baikorrak antolatzaileen aldetik, zifren eta salmenten inguruan betiko hitzak antolatzaileen, argitaletxeen eta disketxeen aldetik (kezkatzekoa da Elkarreko Valdes tematua pirateriaren kontuagaz). Azokak iraun duen bitartean Sustatu aitortu gabeko oporretan izan dugu eta eztabaida Berriako foroetan agertu da. Patxik bere bitakora berrian eman dizkigun kronikak interesgarriak eta koloretsuak izan dira. Gogotsu dabil Patxi, bere tresna berriarekin ilusioz egunero idazten. Animo!
Fotokopien aurkako ekimenaren berri izan nuen lehengo egunean, telebistako albistegian. Argitaletxe batzuetako editore batzuk ageri ziren, fotokopiak liburua hiltzen duela esanez. Beste azalpenik edo ikuspunturik ez zen agertu bertan, baina etxean denok bat egin genuen, baieztapen kategoriko merke xamarra zela hori. Horretaz beste batzuk ere ohartu dira.
Nik uste dut fotokopiak zuhaitza hiltzen duela. Horregatik hobe da liburuak osorik Interneten argitaratzea, ikasleek edo aipuak atera nahi dituztenek errazago aurki ditzaten eta behar dituzten zatiak soilik har ditzaten. Horrek ez dut uste paperezko liburuen salmentari kalte handia egingo dionik, aldiz, nobela bat osorik irakurtzea erosoagoa da paperean eta, sarean dastatu ostean, egongo da paperezkoa erosiko duenik, baina hainbeste aldiz aipatu dugu kontu hau…
Iaz estreinatutako azoka berriari aurten ondoko Plateruena Kafe Antzokia gehitu zaio. Izenak adierazten duenez, euskalgintzako proiektua da, herritarra eta herriarentzat, ahalegin handia eginez aurrera atera nahi dutena. Hor ikusten ziren egunotan sustatzaileak, gau eta egun lanean, erabakigarria den data honetan euskal gizartearen aurreko aurkezpena egiten. Ekitaldiak eta giroa ez dira falta izan, zerbitzari batzuen esperientzia falta nabaria barkatzeko nahikoa. Aupa eta eutsi goiari!