'sarean' ataleko artxiboak
Oporretan astebete eman ostean ostegunean jarri nintzen atzera pantaila aurrean. Ustekabe eta atsekabea hartu dut ikustean nire sarean hau comment spam-ez beteta. Iruzkinetako spam-a azkenaldiko izurriteetakoa da eta, MT-Blacklist-ekin babestua nengoela uste nuen arren, zerbaitek ez du ondo funtzionatzen software horretan edo desaktibatu didate aluok! Total, sartu dizkidaten 2800 inguru zabor-iruzkin kentzeko zerbait pentsatu beharko dut. Movable Type-tik Wordpressera aldatzea pentsatu dut baina orain ez daukat horretan jartzeko gogorik. Onena MT bera eguneratzea izango da, iruzkinetako spam-aren aurkako konponbidea ei dakar-eta. Ikusiko dugu. Momentuz, iruzkinak egiteko aukera itxi dut (edo hala uste dut behintzat).
Uztailak 16, 2005
Tartea ataleko Interneti buruzko azken orrialdea izango da Berrian datorren astean argitaratuko dena. Ez dakit uda ondoren Interneti buruz idazten jarraituko dudan, zortzi urte lar da eta aldaketa baten beharra sentitzen dut, horretan ere. Udaren etorrera aldaketa garaia da, gogo gutxiago dut idazteko eta gehiago beste gauza batzuk egiteko. Uztaileko oporraldiak hainbat gauza egiteko aukera emango dit eta aldaketa garaia izango da niretzat, zentzu askotan. Honen guztiaren inguruan apur bat mamurtzeko eta nire bizitzan oreka pixkat bilatzeko baliatu nahi dut uda.
Irrikaz nago udako oporraldiaren begira. Izan ere, negu (edo ikasturte) honetan oso saturatuta ibili naiz, astean gutxienez sei egun lan egiten eta behin-behineko ondorio bat bederen aspaldi aterata daukat: ordu gutxiago eman behar ditut teklatu aurrean eta gehiago mendian, hondartzan, kalean…
Beste sumaketa bat: Interneti buruz idazten marka guztiak hautsi ostean aitortu behar dut nekatuta nagoela. Ekainak eta udak izango dute zerikusirik agian, baina aireak aldatzeko garaia dela uste dut, proiektu berriak ditut esku artean, Interneti buruz idazteak baino gehiago ilusionatzen nautenak. Zortzi urte hauetan sareari buruz idatzitako guztiak, helburu teknofiloak… Ez daukat erabat garbi norainoko eragina izan duten ezta eragin hori onerako izan den.
Esaten duten moduan, azkenaldion nahiko enkasillatuta nagoela iruditzen zait eta, bitakora eduki arren, nik nahi dudanari buruz eta nahi dudan neurrian ez dudala idazten somatzen dut. Denbora asko dedikatzen diot ordenagailuari (ez bakarrik Interneti) eta hori ez dut uste gehiegi aldatuko denik gaia aldatzen badut. Azken finean teklak erabiltzen jarraituko dut idazteko eta sarea informazioa biltzeko. Nire “benetako” lanean ere hori dut lanabes eta sarea adierazpide.
Baina, bestalde, idazle eta webmaster konpultsiboa naizela konturatuta nago. Sumaketa horiek guztiak gorabehera, aldaketarako nire ezkutuko arrazoia beste enbarkada berri batzuetan sartzeko denbora ateratzea da, agian gerora desoreka bera sentitzeko, baina beste diskurtso, gai eta forma batzuk ditut esku artean, komunikazioari eta Interneti lotuak (ezinbestean) horiek ere. Aurreko gehienek bezala, hauek ere ez didate txakur txiki bat ere emango, aitzitik, denbora eta dirua kenduko didate, baina grina, harra edo monoa asetzeko balio izango ahal dute. Proiektu berri horiek datozen egunotan ezagutuko dituzue.
Udaldiko oporraldia, beraz, proiektu horiek elikatzeko baliatzeaz gain, etorkizunaz mamurtzeko, etxe-aldaketa egiteko, familiari kasu gehiago egiteko… A! eta atsedena hartzeko ere egunen bat gorde beharko dut.
Ekainak 12, 2005
Orain arte argazki bitakora “eskuz” editatzen ibili naiz hemen, baina duela gutxi Flickr zerbitzuaren doaiak ezagutu nituen. Kontua zabaldu dut bertan eta dagoeneko argazki batzuk igo ditut bertara. Bestalde, orain arte Movable Typen zegoen irratia.com Wordpress sistemara pasatu dut. Moldagarriagoa, doakoa eta irekia da Wordpress, gero eta zaharkituagoa geratzen ari den MTren ondoan. Beharbada laster bitakora hau ere WPra pasatuko dut, denbora daukadanean eta mudantzak sortuko dizkidan (permalink-en) arazoak konpontzen ditudanean.
Maiatzak 9, 2005
Duela egun batzuk bi urte bete dira sarean.com hau plazara atera nuenetik eta urtemuga hori aipatu behar nuela gogoratu naiz gaur. Egunkariaren itxieraren osteko egunetan ordu asko eman nuen, Movable Type instalatzen, haren funtsa ikasten eta artxiborako testuak kopiatzen-pegatzen euskarazko lehen bitakora pertsonala abian jartzeko. Tira, hemen jarraitzen dugu urte bi geroago, apurka-apurka blog hau eta beste proiektu batzuk elikatzen.
Lankide izandakoei eta, Egunkaria edo irratia.com dela eta, harremana izandako hainbat laguni bidalitako gonbidapen mezuan hauxe nioen:
(…)Sareari dagokionez, berriz, sei urteko ibilbidea moztu dute, hainbat euskal
internauta euskarazko informaziorik gabe utziz. Euskaldunon EGUNKARIA Euskal
Herrian argitaratzen diren kazeta guztien artean dekanoa zen Interneten
gaineko informazioa eskaintzen. “Nabigatzen” orrialdea 1996ko urrian agertu
zenetik (Luis Fernandezek sortua), nire azkeneko “Irristatzen” argitaratu
zen 2003ko otsailaren 20a arte katea ez zen eten, guk ez genuen eten
behintzat. Beste horiek eten dutela pentsatuko dute, baina EGUNERO
faxismoaren garaipen hori kioskoetan gezurtatzen ari den bezala, webgune
honen bidez, arlo jakin horretan ere ez gaituztela isildu erakusten saiatuko
naiz.(…)
Oraindik hemen gaude eta berriro eskerrak eman behar dizkiet hau egiteko nire denbora, euren denbora (gehiegi askotan) kentzen diedan lagun, senide eta piztiei. Eurei batez ere, baina baita irakurle internauta euskaldun bakan baina fin horiei ere. Ez dakit noiz arte idatziko dudan hemen, baina pentsatu nahi dut zerbaiterako balio duela hainbeste ordu istorio honi dedikatzeak.
Martxoak 30, 2005
2,4 GBko espazioa eta hiru domeinu ostatazeko lekua, hilean 6 euro ordainduta
Azkenik nire hosting zerbitzuarekin pozik eta lasai bizitzea lortu dut. Urte hauetan hainbat ostatatze zerbitzu probatu ditut, Euskaltelena barne (denetan eskasena, dudarik gabe), eta denetarikoak ikusi ditut. Hosting bat aukeratzeko hiru alderdi eduki behar dira kontutan: eskaintzen duten zerbitzua (Mega kopurua), trafiko kopurua (zenbat Gigabyte hilero) eta zerbitzuaren kalitatea (abiadura, etenik ez egotea, postaren funtzionamendua, arreta zerbitzuarena…).
Nire diruekin zuhurra naiz eta beti aztertzen ditut eskaintza guztiak bat aukeratu aurretik: ematen duten mega kopurua, trafikoa, cgi, php, mysql eta beste aukerak… Azken urteotan your-site-rekin ibili naiz, bere garaian aukera ona zen eta urteko 60 dolarren truke zerbitzu ona ematen zuten ordurako: 50 Megako hosting-a, 6 gigako trafikoa (mysql nahi izanez gero beste $40 ordaindu behar zen)…
Baina denborarekin atzeratuta geratu dira horiek: banda zabalera eta diskoetako espazioa merkeagoa eta azkarragoak dira egun… Azken aldion postarekin izandako arazoek bultzatu ninduten alternatibak bilatzera. Asko eta asko begiratu eta konparatu ostean Dreamhost aurkitu nuen. Erreferentziak bilatu nituen Googlen ere eta denak onak. Diru bera ordainduta (urteko $95,4 ) hau ematen dizute, besteak beste:
- 3 Domeinu osorik eta independienteki ostatatzeko aukera
- 2,4 Giga zure domeinu horiek ipintzeko, zeuk nahi duzun moduan banatuz
- Hileko 120 GBko trafikoa
- Nahi beste MySQL Datu base
- 600 e-posta kontu (POP / IMAP)
- 75 Shell / FTP kontu
Azkenik, urrian, euren zerbitzua kontratatzea erabaki nuen, irratia.com-ekin berriro hasi behar baikinen. Ederto zebilela egiaztatu ostean sarean.com ere bertan ipintzea erabaki dut eta bestean baja eman dut, iragan asteburuan mudantza egin ostean. Gutxiago ordaintzen dut orain eta pozik nago. Ez ditut Dreamhostekoak ezagutzen, yankiak dira eta akaso Bushen aldekoak izango dira, baina hemen zerbitzu txarrak ere kritikatzen ditugun bezala, gauza onak aurkitzen direnean aipatu beharra dago: benetan gomendagarria da egun Dreamhostekoek ematen duten zerbitzua (bihar-etzikoa ez du inork ziurtatzerik).
Aukera gehiago eskaintzen dituzte, klik bateko instalazioak kasu: minutu gutxian gure Wordpress bloga, phpBB foroak, osCommerce denda telematikoa, eta MediaWiki instalazio propiak eduki ditzakegu martxan. Plan garestiagoetan (ikus konparaketa) aukera gehiago ere badira (15 domeinu osorik eta zazpi GBko espazioa, hileko 19 dolarrengatik). Apache zerbitzari indartsuak dituzte eta oraingoz ez didate inolako arazorik eman. Abiadurak bikainak dira eta orain, nahi izanez gero, ehunka megako bideoak eskegi ditzaket FTP bidez inolako arazorik gabe. Lehen mysql-dun domeinu bakar bategatik ordaintzen nuenagatik hiru domeinu dauzkat orain, espazio eta baliabide askoz gehiagorekin. Kontrol panelarekin dena konfiguratu dezake norberak eta azalpen guztiak oso onak dira.
Inoiz Dreamhost kontratatzea bururatzen bazaizue, esaiezue jabi izeneko baten partez zoaztela, horrela hurrengo ordainketan errebaja egingo didate (badakizue nirea dirulaguntzarik gabeko ekimena dela eta gastuak arintzen lagunduko didazue, ya tu zabe lo que e el cubaneo ;-)). A, eta domeinu izenen bat erregistratzeko Directnic erabiltzen dut (urteko $15 domeinu bakoitza, trukean 11 euro).
EGUNERAKETA (2006/9/18a): Prezioak mantenduta, askoz banda zabalera eta hosting-eko leku gehiago eskaintzen ditu orain Dreamhostek. Gainera, 45 dolarreko deskontua lortuko dugu edozein hosting plan kontratatzean merke45 promo kodearekin. Informazio gehiago.
Otsailak 23, 2005
ARGIA aldizkariaren aste honetako zenbakian bitakorei buruzko erreportaia argitaratu da. Interesgarria, blogen fenomenoa ezagutzera emateko egiten den guztia bezala. Jon Tornerrek idatzi du, aurreko egunean bidali zizkidan galderen erantzunak tartekatuz eta, neure sarean.com aipatzeaz gain, beste euskarazko bitakora batzuen pantailazoak agertzen dira (ederragoak aterako ziren euskarazko Mozillarekin atera balituzte). Zehaztapen garrantzitsua egin behar diot, hala ere, Tornerri…
Erreportaian dioenez, nire helburua “internautei informatikari buruzko aholkuak ematea (…)” da. Sekula ez du inork nire ahotik horrelakorik entzungo, ordea. Izan ere, nire gurutzada pertsonala da jendeak Internet eta informatika bereiztea, hain zuzen ere. Mila bider nabarmendu dut informatikaz ez dakidala gauza handirik, ez da nire arloa eta ez zait gehiegi interesatzen. Komunikazioa da nire kezka eta grina eta, horretarako baliagarri diren heinean, ordenagailuek teknologiek eskaintzen dituzten aukerek liluratuta naukate, bai.
Ez galdetu niri, ordea, programazioari buruz, Windows erabiltzen orain dela gutxi hasi nintzen (beti erabili izan ditudan Mac-ak erabiltzeari utzi gabe), agian horregatik daukat hain argi Internet ezagutu daitekeela ditxosozko Inicio hori zer den jakin barik. Ordenagailuak erabiltzen ikasteak ez gaitu informatikari bilakatzen, informatikari bat webgune bat nola egiten den ikasteak komunikatzaile aditua bihurtzen ez duen moduan… Gero dago teknika-teknologia eta bidea nahastearena, hasieran Marconiri gertatuko zitzaion baina egun inori ez zaio bururatzen esatea irrati esatariak elektronikaz dakienik esatea… Autoedizioa etorri zenetik herri aldizkari batean Mac-arekin maketatzen duen bat ez da tipografo bilakatu… Tira, nire betiko adibideekin txapa ematen hasi naiz, baina benetan, euskaldunak (berez teknofoboak asko) makinetatik urrun mantenduko dira asoziazio maltzur hau behingoz apurtzen ez badugu. Benetan baliabideak ganoraz erabiltzeko ez da ezinbestekoa barruko funtzionamendua erabat ezagutzea… Ala Word-en txostenak idazten dabilen idazkaria informatikaz aditutzat jo beharko dugu?
Bon, detalle ttiki hori kenduta, oso ekarpen ona e! Bitakorak aipatzea (norberarena denean areago, noski) oso ondo dago. Elkarrizketa editatua izan denez, ondoren Argiakoek bidalitako galderak eta nire erantzunak doaz, txapa jan nahi duenarentzat:
Zer da zuretzako blog bat?
Adierazpidea edo kanpora begirako nire ordezkaritza ofiziala. Azken finean, bertan neu jaun eta jabe izanik, nahi dudana adierazi eta zabaltzeko aukera ematen didan argitalpen berehalako, erraz eta merkea.
Zeintzuk dira blog batek hedabide tradizionalen edo beste web gune batzuen aldean dituen abantailak? (Adituek diote -batez ere gai sozio-politikoei dagokienez- blogek ikuspegi kritikoagoa eskaintzen dutela, errealitatea bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak bilakatu direla, eurei esker edonor bilaka daitekeela kazetari, editorerik ez egotean hedabide handietan dagoen kontrolik ez dagoela…)
Abian jartzeko eta editatzeko erraztasuna, berehalakotasuna, iruzkinak jasotzeko ahalmena, dena automatizatua eta merkea izatea… Gainera, zurea blogosfera izeneko multzoan integratzen da, bitakorek loturei, iruzkinei eta RSS jarioei esker harreman handia dutelako euren artean. Blogosfera horrek errealitatearen liseriketa kolektiboa eskaintzen du, arlo bakoitzeko informazioak hartzeko bitakora multzo jakin bat aukeratuta, kalitatezko erreferentzia subjetibo askok prozesatutakoaren emaitza jaso baitezakegu.
Zure ustez, kazetaritza egiteko moduan aldaketarik ekarri(ko) dute?
Dudarik gabe, bai. Begira, autoedizioaren eta Macintoshen agerpenak herri aldizkariak ahalbidetu zituen 90ko urteen hasieran. Aurretik grina bazegoen, baina muga ekonomikoa eta teknikoa zen, agerkari baten maketazioa ez baizegoen edonoren esku. Bitakorekin antzekoa gertatzen da: edizioa erraztuta, dagoeneko ez da beharrezkoa HTML orriak maketatzen jakitea nork bere agerkaria egiteko.
Askotan jorratu dut gai hori eta, egia esan, liluratuta nauka, idazten dakien edonork agerkari txukuna egin baitezake. Kazetarioi, berriz, komunikabideko zuzendaritzak zer esango duen beldurrik gabe idazteko aukera ematen digu bitakora batek, nahi dugun gaia aukeratuta eta nahi dugun beste luzatuz. Hasi berriei, gainera, trebatzeko eta euren buruak ezagutzera emateko aukera aparta eskaintzen die.
Igor Leturiak esan berri du bere blogean mezu askorik jasotzeko itxaropenik ez duela, eta monobloga bihur daitekeela. Blogger batzuk diote euskaraz nabigatzen duen Internauta gutxi dagoela, eta are gutxiago direla blogak irakurtzen dituztenak. Eta zer esanik ez parte hartzera animatzen direnen kopuruaz. Hala ere, aurrera egin behar dela diote. Euskaraz gero eta blog gehiago ari da sortzen, baina zure ustez euskarazko blogek badute etorkizunik? Merezi du euskarazko blog bat sortzeak? Irakurleak parte hartzera animatuko direla uste duzu? Monoblog bilakatuko ote dira?
Antzeko gogoeta darabilkit buruan azken hilabeteotan. Aspaldion internauta euskaldunen topaleku bilakatutako Sustatun horren eragina igarri duten irudipena dut, artikulugile eta iruzkingile fin batzuk buru-belarri dabiltzalako orain, nor bere bitakoran. Bestalde, bitakora horiek guztiak monologo bilakatzen direla dirudi, bakoitzak irakurle eta iruzkin gutxiago dutelako.
Izan ere, euskaraz irakurtzeaz gain idazten dugun internautak hain gutxi izanik atomizazioak, itxuraz, desintegraziora darama. Baina blogosfera, azken finean elkarrizketa handi bat da. Zuk idatzitakoa berria, polemikoa edo bitxia bada, hori irakurriko dute batzuek, idatzi horretarako lotura jarriko dute, jendeak hori irakurriko du eta feedback-a somatuko da iruzkinetan. Badira testu serioago batzuk, nire iritziz inportanteagoak, gutxiagok irakurtzen dituztenak. Baina zer egingo diogu? Irakurleak erabakitzen du zer irakurri eta zer ez.
Bestalde, Josu Landak euskarazko kazetaritza kongresuan esandakoarekin bat nator: euskarazko hitzaldi batean agian lau entzule baino ez dira agertuko baina nork daki, agian hor gerora garrantzitsua bilakatuko den beste zerbaiten hazia egon daiteke. Hemen ezin dugu zenbaki hutsetan pentsatu, erdaldunentzat erridikuluak liratekeen kopuruetan mugitzen garelako, baina gure hizkuntzarentzat ezinbestekoa da besteetan sortzen diren joera garrantzitsu horiek gurean ere isla edukitzea, kopuruz xumea bada ere. Euskarazko bitakorak sortzeak merezi ez duela pentsatzen duenak, finean, euskara galdutzat ematen du.
Zein da blogger bezala zuk daukazun helburua?: Gai baten inguruko irirtziak plazaratzea, eguneroko gauzak kontatzea, eztabaida piztea, informazioa eskaintzea…
Nire kasuan internautei aholkuak ematea, helbide, joera eta fenomeno interesgarriak nabarmentzea. Azken finean internauta euskaldunen sareko ibilerak ganorazkoak eta baliagarriak izan daitezen laguntzea da ekarpen honekin daukadan helburua. Edukiak inportanteak dira eta uste dut edukiz, testu interesgarriz bete behar dugula euskarazko sarea, bakoitzak ahal duen neurrian. Helburu bakarra bisita eta iruzkin asko jasotzea izango banu, bitxikeriak eta testu tribialagoak idatziko nituzke.
Labur azalduta, zeintzuk dira ARGIAren irakurle batek blog bat sortu nahi badu jarraitu behar dituen urratsak?
Bada, biderik errazena Blogger zerbitzuan alta ematea da, minutu batzuren buruan bitakora abian izango baitugu. Itxura moldatu eta aukera berriak gehitzeko, berriz, WordPress, Plone edo Movable Type moduko kudeaketa sistema bat instalatu beharko dugu, baina hori korapilotsuagoa da. Badira instalazioa eginda eskainiko diguten beste zerbitzu batzuk, blogthing.com edo berriemaile.com kasu.
Zer da Bloglines? Zer aurkituko dugu www.bloglines.com/public/euskaraz helbidean?
Bitakorak banaka bisitatu barik horietan dauden azken albisteak webgune bakarrean biltzen dituen zerbitzua da Bloglines, baina badira antzeko gehiago. Bitakorek RSS feed edo jarioak izeneko formatoan ere argitaratzen dute informazioa. Nolabait esateko, formato hori bateragarria eta moldagarria da eta titular horiek beste webgune eta euskarri batzuetan automatikoki publikatzea ahalbidetzen dute.
Helbide horretan norbaitek egindako bilduma dago, RSS feed-a duten euskarazko argitalpenen bilduma. Nik nirea dut, niretzat interesgarriak diren erreferentzia batzuen bilduma, baina edonork berea sor dezake, doako zerbitzua baita.
Otsailak 14, 2005
Asteburua oporretan joan barik eskuartean daukagunari azken ikutuak ematen pasatu dut. Gainera, sarean-en hosting aldaketa egiteko profitatu nahi nuen zubi konstituzionala, bide batez MT 3.1era eguneratzeko eta diseinu berria aurkezteko. Baina jugadak huts egin du eta atzera bueltatu behar izan dut lehengo lekura. Diseinua, ordea, orain aldatzea erabaki dut, hurrengo saialdira itxaron gabe. Gogaitua nengoen aurrekoarekin eta, gainera, hau arinagoa da (eta momentuz W3Caren estandarrak betetzen ditu). Bestalde, irratia.com 2.0 sareratu dugu gaur, bihar irratsaioa zuzenean, beste asteburu bat atsedenik gabe. Ea nola ateratzen zaigun…
Abenduak 11, 2004
Gaur Sustatun agertu da badagoela webgune bat, quebuscasque izenekoa, jendeak Googlen egiten dituen bilaketa bitxiak batzen dituena. Bada, webgune gehienetan bezala, bilatzaile bidez sarean.com honetan agertzen direnak ere oso gauza bitxien bila dabiltza, bisitarien %89 bilatzaile batetik igaro gabe zuzenean sartzen diren arren. Gako-hitzen top ten-a egin dut eta hauek izan dira 2004ko lehen sei hilabeteetan jendea sarean.com-era bideratu duten hitzik bilatuenak:
sektak, heriotz zigorra, anje duhalde, sex men, euskal liburuak, hasiberriak, klasizismoa, ruper ordorika, komikiak eta ume gaiztoak.
Baina hitz batzuk beti sailkapen horretan mantentzen diren arren, hilabete batetik bestera aldatzen dira haietako asko. Adibidez, iraileko lehenengo egun hauetako hitz eta hitz sortarik bilatuenak, hurrenez hurren, hauexek izan dira: www.sexu.com, sexmen, hondarribiko jaiak, euskal liburuak, futura 2000, lan bila, sexu.com, abestien letrak, herri norte eta elektrotuna.
Bilaketen %51,6 google.es-etik datoz. Ondoren yahoo.com (%14.9), google.com (%9,7), msn.com (%6,6) eta google.fr (%3,5) datoz. Bistan da hegoaldeko jende gehienak google.es erabiltzen duela, Googlek hala egitera bideratuta, nahiz eta aipatu genuen prozedura bat egon badagoen google.com-ekin jarraitzeko.
Irailak 13, 2004
Gure bitakoraren edukiak sindikagarriak badira, bada gure titularrak inoren webgunean txertatzeko modu asko. Azken finean, titularrak txertatu nahi duenak HTML kode zati txiki bat itsatsi beharko du titularrak agertzea nahi duen lekuan.
Korapilotsuena (niretzako) nork bere script-a sortzea litzateke. Nik beste bat asmatu dut, Movable Type-k txantiloien bidez index ezberdinak sortzeko ematen duen aukera baliatuta, baina ez dakit inoren webgunean txertatzeko zer egin behar den.
Badira sindikatzeko aukera duten webguneen titularrak nork bere webgunean txertatzeko aukera eskaintzen duten zerbitzu batzuk. Esaterako, kode hau zure webgunean jarriz gero:
Eguneraketa: (a ze torpea naizen, hemen txertatuz gero kodea ikusi barik exekutatu egiten da. Ikus HEMEN txertatu beharreko testua).
…automatikoki Sarean-en titularrak agertuko dira zure webgunean. Baina babeslearen lotura jartzen dizute. Sustatukoek eurena egitea lortu dute, nik hasierako orrialdean jarrita daukadana, baina programazio arloan jende aditua dago bertan.
Maiatzak 2, 2004

Jabi Zabala dut izena. Niri buruzko azalpenak orrialde honetan aurkituko dituzu.
Urtarrilak 11, 2004
Hurrengo idatziak
Aurreko idatziak