Kobane, Irun, kurduak eta gu

By | 2014/10/30

kobane-errefuxiatuak

Onartzen dut asteotan nazioarteko albisteen artetik bereziki kezkatuta naukala Kobaneko egoerak, egunero errepasatzen ditut hedabideen nazioarteko sailak bertako azken ordua jakiteko. Konturatu naiz egun batzuetan azaletan nabarmenduta agertu bada ere, beste batzuetan murgildu eta bilatu behar izan dudala hango berri jakiteko. Daborduko 40 eguneko setioa da Kobanekoa, eta aktualitateak, noski, beste arreta-gune batzuk ditu… Baina oso identifikatuta sentitzen naiz Turkia ondoko hiri kurduko biztanleen patuarekin.

Irak eta Siria erdigune, baina gero eta hedapen handiagoa duen makrogatazka horretan zaila zaigu geure burua talde batekin identifikatzea, kurduekin ez bada. Setiatuta, etsaiez inguratuta, armak eta borrokalariak jasotzea galarazita, laguntza bakarra dute, airetik datorkien amerikarren behin-behineko laguntza, lagun zirkunstantzialak direlako.

NBE eta NATO ari dira Turkia presionatzen, horregatik baimendu du azkenik Ankarak Irakeko Peshmerga kurdu batzuk Kobaneraino pasatzea. baina Turkiari kurduak makaltzea interesatzen zaio, ez laguntzea, kalkulatzen duelako Estatu Islamikoak ez diola berari erasotuko. Izan ere, EIri maiz laguntza ematen ibili izana leporatu diote Ankarako gobernu islamistari, Al Assad-ekin zein kurduekin borrokatzeko.

Oso antzeko egoera gertatu zen  Irunen 1936an, Beorlegui teniente koronelak gidatutako militarrek, reketeek eta falangistek hiria setiatu zuten eta gatazka osoa mugaz bestaldetik ikusi zuten nazioarteko kazetariek. San Marzialen setioarekin hasi eta Irun hartu arte, hamar egunez, prozesu osoa ikusi zuten Hendaiatik eta Biriatutik, prismatikorik gabe. Ezkerreko gobernua zuen Frantziak neutraltasuna mantendu zuen Espainiako faxisten eta errepublikaren arteko gatazkan. Zer esanik ez, euskaldun abertzaleen alde ez zuen hatzamar bat ere mugitu Frantzia jakobinoak, berean ere arazo bihurtu ahal zitzaion mugimendu bati laguntza ematea ez zitzaion komeni. Ondorioz, Kantauriko errepublikaren aldea Frantziatik isolatuta geratu zen, geratzen zitzaion azken igarobidea baitzen.

Gerra zibilean, estatuen arteko jokoan, euskaldunok ere ez genuen lagunik, etsaien etsaiak soilik. Baina etsaien nahikoa etsai ez direlarik, ez laguntza handirik espero. Hori gertatu zaie kurduei Kobanen, baina antzekotasunak agerikoak izanik, are larriagoa da Kobaneren egoera, eta egungo geopolitikaren miseria guztiak agerian geratzen dira han. Siriako gatazkan hasieratik ikusi genuen matematika errazak ez zuela funtzionatuko, lagunen lagunak ez baitira lagunak, ezta etsaien etsaiak lagun ere, eta okerreko “lagunak” bultzatzeak kaltea ekarriko ziela AEBri eta mendebaldeko bere lagunei. Onuratuko ahal dira kurduak une honetan amerikarrekin duten behin-behineko lankidetzatik!

azad-tv3

Katalunian ezagutu nuen Azad Kanjo, duela pare bat urte, eta iaz Bilbora etorri zen, Urtzi Urrutikoetxearen eskutik.  Siriako Kobane inguruko Rojava eskualdearen berri eman zigun hitzaldi interesgarri batean. Bertan autogobernu esperientzia laiko itxaropentsua ari ziren garatzen, Al Assad-en kontrolpetik askatuta… EIren erasoa etorri denean. Biztanleen exodoaren berri izan bezain laster, Azadek eta bere aitak hegazkina hartu eta Kobanera abiatu ziren, lehenengo familia eta ondoren beste bizilagunak artatzera. Handik bloga idazten hasi zen Azad, katalanez, Kataluniarrei egoeraren berri emateko (ikus TV3 telebistak Azad-i egindako elkarrizketa).

Protagonistak eta beren kezkak ezagutzen dituzun unetik ez zaizu euren patua urrun eta arrotza begitantzen. Munduan 30 milioi diren arren, oso harreman gutxi izan dugu eurekin, eta gurean gutxi batzuk besterik ez dira. Hemen aipatzekoak dira Newroz elkarteak eta bertako Juan Sorinek urteotan antolatutako ekimenak, baita Urtzi Urrutikoetxearen erreportaje eta artikuluak ere, baina urrun xamar gelditzen zaigu oraindik Kurdistan. Azaroaren 1ean Kobaneren aldeko nazioarteko mobilizazio eguna deituta dago, eta Bilbon ere manifestazioa izango da larunbat eguerdian, aukera ona izango da herri honen errealitatera hurbiltzeko eta gure elkartasuna adierazteko.

kobane-manifa-afitxa

One thought on “Kobane, Irun, kurduak eta gu

  1. Pingback: Bilbo Hiria irratia | IBAIZABAL: “Kobane, Irun, kurduak eta gu”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.