Orhipean ingelesez, gure burua munduan aurkezteko liburua

By | 2006/06/06

OrhipeanEgunotan liburu azoka dugu Bilbon eta haren inguruan egitarau interesgarria osatu dute antolatzaileek. Hala ere, Interneten ez dut ez egitaraua ez azokaren inguruko webgune ofizialik aurkitu. Pena da, baina nago liburu saltzaileek ez dutela oraindik barneratu egitaraua osatzeaz gain, sarean haren berri eman behar dela, editore gehienek, salbuespenak salbuespen, sarea ulertu ez duten bezala. Iragan astean Luigi Anselmi lankidearen Bertzerenak liburuaren aurkezpenean izan nintzen (eskerrik asko liburuagatik, Luigi) eta bertan Xamarrek astelehenean Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa aurkeztu behar zuela esan zidan. Arratsaldean izango zelakoan eta ordua konfirmatzeko webgunerik gabe, kale egin nuen, atzo eguerdian izan baitzen aurkezpena. Baina esana nion Xamarri zerbait idatziko nuela haren gainean, merezi du-eta.

Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa irakurtzen ari naiz egunotan. Duela aste batzuk ekarri zigun Xamarrek ale bat eta benetan kanpotarrei euskaldunen berri emateko oso liburu interesgarria dela konturatu naiz. Duela 14 urte argitaratu zen euskaraz Orhipean, gure buruari gure buruaren berri emateko xedez. Geroago, besteei ere euskararen herria eta euskararen unibertsoa azaltzeko aproposa dela ikusita, gaztelaniazko edizioa agertu zen. Orain, berriz, frantsesezkoa (maiatzean aurkeztu dute) eta ingelesezkoa agertu dira.

Gauza asko jakintzat eman eta beste asko ezkutatzen dituen diskurtso politizatuak gaindituz, naturaltasunez eta ikuspegi humanista batekin euskararen unibertsoa, euskaldunon unibertso hori aurkezteko diskurtso interesgarria osatuz joan da Xamar azken urteotan: euskaldunon jatorria, hizkuntzarena, euskaldunon aintzinako ohiturak, naturarekiko kontaktua… Orhipean honetan Hizkuntzalaritza eta antropologia arloetan mugitzen da Xamar baina dibulgazioaren erregistroarekin, baskoen mundua barik euskararen herria azalduz.

Kanpotarrentzako aproposa da Orhipean, zer esanik ez, baina baita bertoko basko askorentzat eta euskaradunontzako ere, noski, nondik gatozen gogora dezagun. Ez da liburu mardula, ez dugu bertan teoria sasizientifikorik edo gogoeta astunik aurkituko. Ez du gaietan gehiegi sakontzen, ez da hori bere funtzioa: irudiz hornitua, irakurketa arina eta ondo egituratua ahalbidetzen du.

Euskalkultura.com-en agertu da albistea, izan ere, atzerritarrentzat ezeze, diasporako euskaldunentzat biziki interesgarriak dira frantsesezko eta ingelesezko edizio hauek. GARAk berebiziko interesa erakutsi du eta eurek babestu dute ingeleserako itzulpena. Interes horren zergatiagatik galdetuta esan didate GARAk New Yorken euskal zentro edo kulturgune moduko bat egiteko asmoa omen duela. Asko heldu gara konklusio berberera (bertako Eusko Etxekoak ere aspaldi), NYen ganorazko ordezkaritza bat behar dugula euskaldunok, Eusko Etxeaz beste, ikuspegi kulturala, nazionala emango duena, merkataritza harremanak sustatuko dituena, turismoa… Ez dut ulertzen nola Eusko Jaurlaritzak ez duen oraindik ordezkaritzarik bertan, baina edukiz gero, seguruenik ez litzateke oso kulturala, nazionala eta euskalduna. Proiektuak proiektu, nork ipiniko du lehenengo harria? GARAk akaso.. Noiz? Auskalo. Oraingoz enbaxadore ibiltari batzuk ditugu: liburuak.

6 thoughts on “Orhipean ingelesez, gure burua munduan aurkezteko liburua

  1. patxi lurra

    Beste enbaxadore ibiltari bat: “The case of Basque: past, present and future” liburua, Maria Jose Azurmendi eta Iñaki Martinez de Luna irakasleek argitaratutakoa.

    Reply
  2. patxi gaztelumendi

    gaur, prentsan ikusi dudanean… berehala piztu zait kezka. Berrian eta Garan, bietan irakurri dut. Eta iruditzen zait, aspaldian behar genuen liburu hori daukagula orain, kanpoan, zein hona kanpotik datozenei oparitzeko gure gida izango dela Orhipean hau.

    Interesgarri xamar, noski.

    Irratirako ere, elkarrizketa polita izan daiteke, beti ere kanpora begira, dela diaspora tradizionala, zein Euskal Herriaz kezkatuta legokeen jendeari begira… zelan ez.

    Egingo dugu ala?

    gero arte.

    Reply
  3. iturri

    Kaixo:

    Ez dut liburu hau irakurri, baina kontutan hartuko dut lagun kanpotarrei gomendatzeko orduan.

    Ea euskarazko bertsioa irakurtzen dudan.

    Ondo segi.

    Reply
  4. Pingback: sarean.com » Lou Reed Tolosan, “Orhipean” irakurtzen?

  5. Pingback: Azatzak 16: Xamarrenak - Garaigoikoa

  6. Pingback: Azatzak 16: Xamarrenak | Garaigoikoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude