'nire i-bilerak' ataleko artxiboak
Urte berria hasi da, betiko gabon gorrotagarrien ostean… Urteroko topikoak, asmo onak, merkealdiak eta urtarrileko aldatza. Gripeak baja asko eragin ditu eta igogailurako mintzagai alternatiboa bilakatu da… Hotza eta beroa, Goardia zibilak torturatzen jarraitzen du, alderdiak legez kanpo uzten dituzte… Nork esango luke 2008an gaudela? Bestondoaren efektuak gero eta luzeagoak dira… Domeka oste arratsalde tontoa da, telebista aurrean egoteko horietakoa…
A, baina gauza berririk ere bada. Esaterako, blog interesgarri bat ezagutu dut, Flickr-era nire azken argazkiak igo ditut, Zazpi@2007an bozkatu dut; Joomla instalazio batean ibili naiz lanean, Wikipedian ekarpentxoa egin dut, AEBekin hitz egin dut telefonoz Skype bidez, Youtubeko bideo interesgarri bat ikusi… Eskerrik asko Internet!
Buzzin in my head: Hope there is someone. Antony and The Johnsons.
Urtarrilak 13, 2008
Ez, ez da bart iraultzarik gertatu, gurean gauzak ondo doaz, Ibarretxek lehengoan eman zigun Arcadian bizi garela sinisteko datu makroekonomiko piloarekin… Ez, Mexikori buruz ari naiz, bertan 2005ean Sindicato Nacional Revolucionario de Trabajadores de Euzkadi (SNRTE) delakoan eratutako langileek boterea eskuratu baizuten, eta gu enteratu gabe. Bi urteko borroka luzearen ostean, kooperatiba eratuta, fabrika bereganatu zuten, Argentinako La Toma-koen antzera. Euren lana eredugarria izan delako saritu zituzten Davos-en eta Berriki datu ekonomiko onak eman dituzte, egunero 6.000 gurpil ekoizten baitituzte.
Baina boterea hartzearekin batera fabrikari izena aldatu diote, Euzkadi kenduta. Anasagasti jauna lasaitzeko, esango dut ez diotela Euskal Herria bezalako izen batasunoa jarri. Izatekotan, cooperativa Trabajadores Democráticos de Occidente (Tradoc) ezker erradikalekoa izango da, azkenaldion izendapen hori modan jartzeko ahaleginean dabilen Urkullu jaunaren larridurarako. Edozein kasutan… Gora Tradoc askatuta!
Abenduak 17, 2007
Aste batzuk lehenago Mekoletan izan ginen eurekin eta kanta bat eskaini ziguten grabatzeko, kantu baten aldaera bat, hobe esan. Eguenean, berriz, Gu Ta Gutarrak taldearen emanaldia izan genuen Bilboko Kafe Antzokian, gutarrak eta gutar gonbidatuak edo extragutarrak. Gustokoa dute emanaldi bakoitzean tokian tokiko lagunen bat eurekin aritzea eta horrela dabiltza Euskal Herrian batera eta bestera, lagunak egiten eta lagun zaharrekin kantuan. Bilboko kontzertuan Rafa Rueda eta Jose Angel Irigarai izan ziren gomitatuak. Rafak Unaik egindako letra duen bi musu kantua jo eta abestu zuen bakarka. Jose Angelek berriz, gutar ez direnen zerrenda luze baina luuuuzea egin zuen, hiztegia kalifikatibo deskalifikatiboz hustuta. Orgia batera deitu zutela eta ea noiz hasi behar zuen galdetu zuen, hori despistea… Aitor gitarra jotzailea ordezkatzen etorritako Bixente Martinez ere ederto aritu zen gitarrarekin, baita slide guitar moduan jo zuen doinu batean ere.
Izan zen iritzi kritikoagorik, baina niri bikaina iruditu zitzaidan kontzertua, bedar gozoaren lurrinak bitarte. Denetarik egon zen, Historiaren Taberna poutpourri- irudimentsuan bezalaxe. Atera kontuak, bertsotan ere aritu ziren Bixente, Xanpe eta Josu! Zazpi eskaleren bertsio bat egin zuten, bluesak, bakarkako kantuak, crescendoak eta une dizdiratsuak ere izan ziren… Ahaztua nuen ia, baina bukaeran Unaik gogorarazi zigun duela urtebete teklista moduan bertan egindako debuta… Enfin, debutamadre pasatu nuen nik. Ostean, trago artean, post bat idatziko nuela agindu nien eta hemen dago, ez dezatela gero esan berba jan dudanik. Hemen duzue ere, guretzako egindako kantua entzuteko moduan, baita Flickr-era igo ditudan pare bat argazki ere.
Abenduak 2, 2007
Izugarri merketu dira ordenagailu eramangarriak azken urteotan, mahaigainekoak bezala, eta Wi-Fi sareen hedapenarekin batera. Ikusgarria da egun aireportuetako itxarongeletan, tabernetan, liburutegietan edo parkeetako jesarlekuetan zenbat lagun ibiltzen diren ordenagailuekin lanean, nabigatzen edo chat berriketan.
Oinarrizko ordenagailu eramangarria 500 euroren truke edo are merkeago eskura dezakegu egun eta, hortik gora, ahalmenaz gain pisua ordaintzen da: zenbat eta arinagoa eta txikiagoa -eramangarriagoa- gehiago ordaintzen da. Horrela, ordenagailu merkeek 3 Kilo inguruko pisua dute eta 1,8 Kilokoa izateagatik askoz gehiago ordaindu behar da. Egia da asko bidaiatzen den langileak eskertzen duela arintasuna baina geltoki, hotel eta aireportuetan ordenagailuarekin dabiltzan gehienak idazten eta posta irakurtzen ibiltzen dira, lanean ezta?
Bada, Varsavskyren blogean irakurri dudanez, horientzako aproposa den jostailua atera berri du ASUSek, subnotebook-en kategoriako azken bitxia. Eee du izena eta ezaugarri erakargarriak ditu ordenagailua lanerako erabiltzen dutenentzat. Sistema eragile moduan Xandros Linux distribuzioa darabil baina Windows XPren bertsio berezi bat ere onartuko omen du aurki. Aurkezpen honetan azaltzen dute momentuz zer egiteko gai den 250 euro inguru kostatzen den ipotxa.
Hemen oraindik salgai ez dagoen Eee honek ilarak eragin ditu AEBetako dendetan, 250 euro horien truke 7 hazbeteko pantaila, 4Gko flash diskoa, 512 MBko RAM, SD txartelentzako konexioa, hiru USB, Ethernet eta Wi-Fi konexioak, webcam-a, audio sarrera-irteerak, bozgorailuak… eta 900 gramoko pisua.
Uste dut beste asko etorriko direla bide honetatik (ez dezagun ahaztu hirugarren mundurako OLPC proiektuaren XO eramangarri merkea) eta laster arlo horretan ere lehia eta prezioen jaitsiera ikusiko dugula, gurean beranduxeago. Bitartean, zerbait oparitu nahi didanak badaki (2008 gabonetarako akaso)…
Azaroak 25, 2007
Lehengo egunean Coca-Colaren iragarki hau ikusi nuen, nire belaunaldiko espainiarrei (eta euren telebista ikusten hazitakoak garenoi) zuzendua. Asmatu dutela uste dut, nahiz eta ez den horrelako fibra ikutzen duen lehenengoa.
Orain Wazemank-ekoek iragarkiaren parodia egin dute Noaoa! berria iragartzeko.
Buzzin in my head: My generation (The Who).
Azaroak 3, 2007
Ez da Bartzelonako gazte bortitz hori, telebistan etorkin neskari erasotzen ikusi duguna, prentsari oldartu eta nen esanez mintzo den bakaluti itxurako arrazista harroputza (ZPk berak deleznable iritzi dio, hauskorra beraz, DRAEren arabera). Ez, niri gustatu zaidana New Yorkeko metroko heroia da, lagun hurko ezezaguna salbatu zuen Wesley Autrey.
Urriak 24, 2007
Publico egunkari berriko bideoen artean saltseatuz Enjuto Mojamuto ezagutu dut, egun osoa sarean eskegita bizi den frikipertsonaia barregarria. Garai bateko PixelMikel gogoratu dit pixkat, baina Enjuto hau Muchachada Nui saioko pertsonaia da. Espainiako 2.0 sareari esker birus baten moduan hedatu eta arrakasta handia lortu zuen Paramount Comedy kanaleko La Hora Chanante saioaren ondorengoa da Muchachada Nui hau, egun TVEn ematen dutena. Hasieran oso ezezaguna zen saioa eta ordainduzko kanal minoritario batetik igortzen zuten, baina sarearen bidez izugarri hedatu zen, ospe handia lortuz. TVEk 2.0 estrategiarekin jarraitzen du eta egun Espainiako kate publikoa bera da bideo hauek Youtubera igotzen dituena.
Ikus dezagun Enjutori zer gertatu zaion egun batez sarbiderik gabe geratu denean:
Urriak 20, 2007
Edo zergatik ordaindu programa txar bategatik (doako) aukera hobeak egonda?
Ordenagailu berria erostean asko erreparatzen diogu abiadurari: zenbat Megahertz, RAM, bira minutuko… Alde handia dago prezioan plaka xumea jarrita AMD Sempron (edo Intel Celeron) xumea dakarren makinaren eta azken prozesagailua dakarren pepinoaren artean (ez ordea hainbeste erabiltzaile gehienok egingo dugun erabilera emanda). Gauza bera plakarekin eta txartel grafikoarekin, ezta? PC City edo MediaMarkt-eko saltzaile maltzurrak abiadurari buruzko datuak ematen dizkigu eta, honetaz gehiegi ez dakigunez, dendatik 1.200 euro gastatuta aterako gara, Pixar estudioetan erabiltzeko moduko makina daukagula.
Saltzailearen abilidadeaz gain, hemen sarritan oharkabean pasatzen den faktore erabakigarria dago jokoan: erosten dugun makina erosten dugula, gerora ezarriko diogun antibirus softwareak erabakiko du noraino mugatu eta motelduko dugun makina horren ahalmena. Sistema eragileak ere baldintzatzen du (esaterako Windows Vistak makinaren memoria eta lan ahalmena XPk baino askoz gehiago jaten du), baina oraingoan antibirusari erreparatuko diogu.
Aukerarik txarrena irudikatzen jarrita, horrelako misil bati Panda Software ezartzea Ferrari bat erosi eta Seat 600 baten gurpilak ipintzea bezalakoa da nire iritziz. Hainbat antibirus probatuta nago eta hori da egiaztatu ahal izan dudana. Virus.gr webguneak egindako sailkapenean Panda 25. lekuan ageri zen, beste batzuk (tartean doako antibirusen bat) askoz hobeto ageri ziren bitartean.
Orduan zergatik erosten du Panda jendeak? Ezjakintasunagatik eta hemengoa delako, punto. Hemengoa izate horrekin nazkatu xamar nago, Euskaltelek bezala hemengo enpresa horiek eskatu bai, atxekimendua eskatzen digute, bandera (ez dakigu zein) harrotzen digute, baina abantailak ez dira inondik ere ikusten… Azkenean gure dual core indartsua kafetera bihurtzen da Panda atzealdean lanean ari delako, arazoak sortzen dira sareetara konektatzeko, hainbat programa erabiltzeko… Ez aipatzeagatik uneoro ageriko zaizkigun ohar intrusibo bezain alferrekoak.
…Eta gainera ederki kobratu egiten digute, bai, hemengoontzat abantaila handirik ez, beraz. Alternatibak badaude ere, ezagunenetako batzuk Panda bezain txarrak dira gutxienez: McAfee, Norton… Fuera! Azterketa gehienetan Kaspersky goian ageri da eta bere erabiltzaileak orokorrean oso pozik daude berarekin. Ez da asko nabaritzen, detekzio mailarik onenak ditu… Dudarik gabe dendetan daudenen artean onena da Kaspersky eta ordainduzkoen artean bera eta Nod32 omen dira onenak.
Doako aukerak hobeto
Baina doako alternatibak ere badaude. Esaterako, gezurra badirudi ere, oraintsu arte AOLk Kasperskyren doako bertsio bat banatzen zuen Active Virus Shield goiburupean. Hori da nik instalatuta daukadana eta, benetan, telebistako konpresa eta tanpoi miragarri horiek bezalakoa da: ez zara instalatuta daukazula konturatzen. Alabaina, Kasperskyrekiko tratua abuztuan hautsi eta McAfee bihurtu da orain AOLk ematen duena. Nahi duenak hor dauka McAfee ordaindu barik eskuratzea, firewall eta guzti.
Baina nik erregalatuta ere ez nuke McAfee erabiliko, beste alternatiba batzuk ere badirelako. Batzuek Antivir darabilte eta AVG beste hainbatek eta, orohar, iritzi onak irakurri ditut hauen gainean, doakoak direla kontutan hartuta. Hala ere, doako antibirusen artean nire aukera une honetan Avast! antibirusa da. Gaztelaniaz edo frantsesez instalatu dezakegu eta ez du makina gehiegi moteltzen. Aurrekoek bezala, eskatzen diguten bakarra e-posta helbide bat da (erregistroko gakoa bidaltzeko) eta, erabilera ez komertziala egingo dugula ziurtatzen badiegu, urtebeteko doako harpidetza izango dugu, eguneraketak-eta arazorik gabe eskuratuz.
Beraz, doako beste zenbait antibirus ere badiren arren (BitDefender ez zitzaidan batere gustatu), nik azken hiru aukera hauek hartuko nituzke kontutan (hirurak probatu ditut, baita aurretik aipatu ditudan guztiak ere). Hala ere, besteen esperientziak ere kontutan hartzekoak direnez, bakoitzak konta dezala berea. (Ohar bedi irakurlea Windows sistemaz ari garela, birusak garatzen diren ur zikinen inguruneaz alegia).ç
Buzzin in my head: Dancing in the moonlight (King Harvest)
Urriak 10, 2007
Atzo argazki erakusketa zabaldu zuten Mexikotik etorritako lagun bik, Eduardo Vera eta Frida Hartz izan ziren, bakoitza bere argazkiak ekarrita, Bilboko Hikateneon bizpahiru egunerako paratu duten erakusketa zabaltzen eta azalpenak ematen. Eduardo lehendik ezagutzen nuen, baita bere Chiapas-eko argazkiak ere. Frida Hartz, berriz, azken hamarkadotan Ertamerikan izan diren gatazka eta une historiko garrantzitsuen lekuko izan da eta estreinakoz dago gurean.
Mexikon fotokazetaritzaren munduan erreferentzia interesgarrienetakoa da Frida eta inguruko gatazketako une erabakigarri zenbait islatu ditu bere argazkien bidez. Esaterako, 1985ean Mexiko DFko lurrikara bertatik bertara jaso zuen, bera sortzez hiriburukoa baita. Handik hiru urtera jada La Jornadako argazkilaritza saileko buru zen, 1991ean FMLNrekin zegoen Cerro Guazapan eta Uzulatan-en; 1994ko urtarrilean Chiapas-eko hiriburuan zen matxinatu zapatistekin. Berea da Marcos zaldi gainean ageri den argazki hau, Kordak eginiko Che Guevararena gogora ekartzen duen erretratu ikonikoa.
Bilbon egon ondoren Gernikako gaztetxean (bertan izango den hackmeeting-ak iraun bitartean), Ermuan eta beste lekuren batean izango dira Fridaren eta Eduardoren argazkiak. Ez galdu aukera.
Eguneraketa: Egunotan, urriaren 18tik 28ra Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko karrajuan (Done Bikendi 2, 4. solairua) ikusi ahal izango dira argazkiok, Kafe Antzoki gainean.
Urriak 9, 2007
Denborak eta distantziak ezjakintasuna sakondu egin dute eta euskaldunok Amerikako lur eta jendeekin lotzen gintuzten estatxa sendoak hari mehe bilakatu. Esaterako, hainbat milioi lagun dabiltza Atlantikoaren bestaldean euren abizena euskalduna dela jakin barik.
Urruntze horren adibide barregarria aurkitu dut Mexikoko Durango hiriaren webgune ofizialean, hiriaren historia azaltzen duen orrialdean. Izen bereko estatuko hiriburua da egun, garai batean lurraldeak Nueva Vizcaya izena eduki bazuen ere.
En el año de 1552, cuando el capitán español Ginés Vázquez del Mercado hallo el cerro que desde entonces lleva su nombre. Los españoles tuvieron aquel acontecimiento como el descubrimiento de esta comarca, aun cuando por ella habían pasado hacia 1535 los capitanes Cristóbal de Oñate y José de Angulo, procedentes de las sierras de Topia, habiendo obrado la circunstancia de que la mayoría de los españoles que acompañaban en su expedición a Vázquez del Mercado eran naturales de Vizcaya, España, dieron a la región descubierta el nombre de Nueva Vizcaya.
Para dar ese nombre a la comarca de Durango influyeron también las siguientes circunstancias. Primero: que el valle donde se encuentra el cerro de Mercado tenia semejanza con el valle del Guadiana que existe en la provincia de Vizcaya, razón también por la que el valle primeramente mencionado le dio ese nombre. Segunda: que en la repetida provincia española de Vizcaya existen algunas minas de fierro, lo cual venia a completar la analogía de esta con aquella provincia. Por otro lado, gran parte de los soldados que después vinieron en la expedición del capitán Francisco de Ibarra que formalizo la conquista de la región, eran vizcaínos.
Fundada la capital con el nombre de villa de Guadiana el 14 de abril de 1563 por el comisionado de Ibarra, capitán Alonso de Pacheco, fue después, el 8 de julio de aquel año, declarada formal y legítimamente fundada por el capitán Francisco de Ibarra, quien le puso por nombre villa de Durango, a fin de que la semejanza de este valle de Guadiana con el que se encuentra en España fuera completa, pues en este ultimo existía una villa llamada de Durango.
Durangoko armarria Bizkaiko bera da, haritza eta haro familiaren otsoak eta ardiak barne. Normala da Nueva Vizcaya zenaren hiribururako, baina azalpen ofiziala mundiala da:
Es, pues, explicable que al darse escudo a la ciudad mexicana de Durango, se procurara mantener la analogía que se había venido procurando, y así, le dieron un escudo muy semejante al de la villa de Guernica, de la provincia de Vizcaya en España. Este escudo constaba de un árbol cuyo tronco sale se ven dos coyotes llevando cada cual en el hocico una liebre, y bajo el tronco, en el lugar que correspondía a la raíz, ostenta un león. Hori bai egokitzapena, bertako faunarako, noski.
Bizkaiko armarria Havana Club ron ospetsuaren etiketan ere aurki dezakegu, produktu hori Arechabala sendi bizkaitarrak sortu baizuen Cardenasen. Egungo Arecha ronaren etiketetan ere ikus daiteke armarria eta Arechabalatarren historia bitxia hemen irakur daiteke.
Urriak 2, 2007
Hurrengo idatziak
Aurreko idatziak