To Shoot an Elephant dokumentalaren 2.0 zabalkunde irekia

By | 2010/01/11

toshootan elephantAlberto Arce kazetariak  To Shoot an Elephant dokumentala argitaratu du Gazako iazko bonbardaketak barrutik kontatuz. Dokumentala Creative Commons lizentziarekin argitaratu dute, Eguzki Bideoak ari da DVDa zabaltzen baina Bittorrent sarean doan ere jarri dute filma, edonork eskuratzeko. Datorren astelehenean, urtarrilaren 18an, Global Screening eguna deitu dute egileek, nork bere herrian edo auzoan proiekzioa antolatu eta egun berean ahalik eta ikustaldi gehien lortzeko xedez. Era honetan mundu osoan batera zabaldutako lehenengo bideo ekoizpena izango da To Shoot an Elephant.

Orain urtebete Gazako aterabide guztiak itxi eta eraso bortitza egin zuen Israelek bertan. Milioi bat lagun baino gehiago biltzen dituen kontzentrazio eremu gainpopulatua bilakatutako lurralde horretan zeuden atzerritarrei kanporatzeko aholkua eman zien Israelek Berun urtua operazioa abiatu aurretik. Egitear zeuden sarraskiaren nazioarteko lekukorik ez zuen nahi Gazan. Kazetari atzerritar bi geratu ziren soilik, israeldarren aginduari kasu egin gabe: Alberto Arce eta Al Jazeerako kazetari bat. Hilabetean 1.400 lagunen bizitzak eraman zituen erasoak, zibilak gehienak. Arce Gazako ospitalean egon zen eta erasoen helburu bilakatutako anbulantzia gidariekin ibili zen grabatzen. Izua eta biztanleen ezinegona islatzen dira irudiotan.

Goiburua George Orwellen kontakizun batean oinarrituta dago, autoritate kolonialaren indarra erakutsi beharraren inguruko parabola dena. Funtsean, Erased, wiped off the map dokumentalaren irudi berak dira, Arce ekoiztetxe batentzat egiten ari zena. Nonbait, ideiaz aldatu eta mezuaren zabalkundea hobesteko modu irekia bultzatzea otu zitzaion, ohiko bide itxia baztertuz. Normalki honelako dokumentalak publikoarengana heltzeko aukera murritzak dituzte, egileak atarramendua atera nahi izaten diolako: lehenengo jaialdiz jaialdi aurkeztu (horietako gehienek argitaratu gabea izatea eskatzen dute), gero DVD formatoan saldu eta, konturatu orduko ihartu da lorea, amaitu da berritasuna eta lagun gutxik ikuskatu dute edukia akabuan.

Arcek eta bere lantaldeak, berriz, zabalkundeari lehentasuna emanez, sarean eta elkarlanean oinarritutako banaketa esperientzia interesgarria jarri du abian, edukiei Creative Commons lizentzia ezarrita: Global Screening Day – Global Screaming for Gaza ekimena antolatu dute, mundu mailan tokian tokiko proiekzioak antolatzeko deialdi irekia, nork bere herrian edo auzoan hitzordua jarriz. Webgunean eman dezakegu gure hitzorduaren berri eta, ondorengo eztabaidan partekatutako ideiak ere webgunean plazaratzeko eskatzen digu lantaldeak.

Iragarri bezala, filma Interneten doan ezarri dute, edonork eskuratzeko moduan. Bittorrent programekin jaitsi daiteke filma osorik Divx formatoan eta hainbat hizkuntzatako azpidatziak ipintzeko aukerarekin. DVDaren ISO irudia ere jaitsi daiteke, horrekin berregin ahal izango dugu bideo DVD konbentzionala. Inoiz torrent bat jaitsi ez duenak, uTorrent bezeroa erabiltzea da Windowsen (Mac-erako ere badago). Hala ere, DVDa erosteko modua dago eta egongo da tokian tokiko proiekzio horietan, 12 euroan, Eguzki Bideoak ari baita DVDa banatzen. Esperientzia berri honek harrera handia izan du eta Creative Commons sarearen aipamen berezia jaso du To Shoot an Elephant-ek.

Deialdia, beraz, datorren astelehenerako da mundu osoan. Gurean hainbat lekutan antolatzen ari dira proiekzioak. Esaterako, irratia.com-ek antolatuta, Bilboko Kafe Antzokian izango dugu 19:30ean, irratsaioa amaitu eta berehala beraz. Aurretik mintzagai izango dugu gaia zuzenean irratsaioan, Eguzki Bideoak taldeko lagunekin solasean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude