Levando anclas… entzuten

By | 2010/03/08

Diotenez, abenturazale frustratuak dira eleberrigileak, badirudi aukeratu beharra dagoela abenturak bizi eta idaztearen artean. Jules Vernek, esaterako, fantasiarik eta bidaiarik handienak asmatu zituen gela ilun batean, diru guztia liburutan gastatzen omen zuen eta, hasierako urteetan abenturarik ez zuen bizi izan: irakurtzen eta idazten iragan zuen bizitza gehiena. Ikasketak amaituta, aitak balandra oparitu zien Jules eta Paul anaiei, belaz Loiran behera itsasoraino nabigatzeko proiektua prestatzen hasi ziren anaiak eta, abentura gauzatzeko unea heldu zelarik Julesek uko egin zion enbarkatzeari, berarentzat nahikoa izan baitzen prestaketa bera.

Ondo ulertzen dut Verneren sentipena, bidaiaren parte oso garrantzitsua baita bidaiaren aurrekoa, kilikagarria oso. Irakurtzeko eta idazteko grina ere sentitu dut… Baina ez, ni ez naiz konforme geldituko lehorrean. Plazerrak asmatzeaz gain, berauek bizitzea ere garrantzitsua dela uste dut. Horixe bera pentsatuko zuen Vernek, azkenerako hainbat bidaia egin baitzituen belaontzian.

Kontua da, belaontziko bidaia hainbeste ilusiorekin prestatu eta azkenean lehorrean utzi bainau eztarriak, neure Akilesen orpoak. Ez da lehenengo aldia oporretara makal heltzen naizena, zer egingo diogu! Etzi Amsterdamera joango naiz, hala ere, bide ez hain erromantikoa erabiliz, ea zer kontatzen duen Perloi jaunak. Mendekua mamurtzen ari naiz egunotan eta bueltatuko naiz, Edurne Pasaban eta McArthur bezala. Ordura arte belan praktika pixkat hartu nahi nuke.

Eta bitartean, bidaia osteko kontaketak ere, esperientziaren zati dira, azkena, transmisioa. Horregatik gustatzen zait Levando Anclas. Hasieratik erakarri ninduen Roge Blascoren irratsaioak eta, konturatu orduko 26 urte beteko ditu asteon. Imaginazioa eta gogoa pizten du entzuleengan eta, imaginazioarekin bidaiatu beste erremediorik izan ez duten Marco Polo frustratu askoren kontsolagarri ezeze, seguru nago bidaiari amorratu asko sortu dituela urte hauetan. Entzuten geratuko naiz…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude