80etako nire CASIO vintage berria

By | 2008/10/15

Laurogeiko urteen biktima garenok ez dakit elkartea egin behar dugun, askok proposatzen duten moduan, azken finean nire kasuan beste edozein garaitan hazitako umeen antzeko oroitzapen pertsonalak dauzkat, ume eta gazte baten begiradarekin ikusi bainituen. Baina baditugu gure artean identifikatu eta geuk bakarrik ezagutzen ditugun hainbat kultura gako. Gustatu zitzaidan Coca Colaren iragarki hura, orain gehienak guraso berri hipotekatu direnean, gako horietako zenbaiten (espainiar eremukoak) enumerazioa zelako. Baina badira belaunaldi baten bestelako sinbolo batzuk.  Oroitzapenak berpiztu egin zitzaizkidan lehengoan, Somerako txinatarren dendara sartu nintzenean… Erloju hura erakusmahaian ikusi nuen eta, mugimendu atabiko batek bultzatuta eraman nuen eskua ezkerreko eskuturrera: “Nire erlojua!” pentsatu nuen segundu batez. Han zegoen nire CASIO mitikoa, 12 euroan salgai. Ez nuen gogoratzen bere izena baina googlek esan dit  Casio F91W duela izena.

Beste batzuek bezala ondo gogoratzen dut gaur barregarriak liratekeen gauzak aurrerapen miragarriak zirela. Lehenengo Iñakiak gure hondartzetara heltzear zirela hasi ziren agertzen Casio digitalak, baten senideek Kanarietan erosiak edo beste baten aitak barkutik ekarriak. Playstationik ez zegoen orduan eta segapotoa zientzia-fikziozko amets bat zen. Flipatzen genuen kalkulagailua zeukan modelo aurreratuagoarekin, edo marzianoen joko xalo eta kaxkarra zekarrenarekin. Klaseko jefea bilakatzen zen horietako baten jabeak, are gehiago ondorengo modeloenak: iparorratza, FM irratia, plaka fotoboltaikoak, telebistako agintailua, pultsometroa… Gauza korapilatuz joan zen.

Nik ez nuen inoiz superguay horietako bat eduki, ordua, egutegia, alarma eta kronometroa baizik ez zituen F91 xaloa baizik, joko bakarra kronometroa segunduan doi gelditzea zuena. Orain, retro garaia bizi dugunez, G-Shock-en vintage bertsioak atera dituzte. Ni neurea berriro erosteko tentatuta egon naiz eta orduan Wikipedian jakin dut modelo horri Al Qaedako terroristen erlojua esaten diotela… Arriskua hartu dut, ezagutzen dut arrazoi ahulagoengatik atxilotu dutenik eta from lost to the river… Erabaki eta egin. Orain nire eskumutur retroa ikutu klandestino batekin jantzita dago.

Bilatzen jarrita, nire beste Casio bitxi ochenteroa aurkitu dut sarean. Casiotone aurreko Casio VL-Tone bat. Aurrez grabatutako doinu bakarra eta hainbat erritmo zituen, pianoa, flauta eta ADSR instrumentuak. Armoniarik ez, notak banaka jo behar ziren, baina doinu bat grabatu eta gero jo zitekeen modu automatikoan. Ea txinatarrek ekartzen didaten…

4 thoughts on “80etako nire CASIO vintage berria

  1. Imamon

    Nik ere izan nuen horrelako erluju bat. Gero orratzak eta ordulari digitala zuenera pasatu nintzen. Modan jarri ziren geroago kalkulagailua zutenak, matematiketako klaseeta oso erabiliak.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude