Bilbo inguruan rockak izan duen historia, bilakaera, pasadizuak eta beste hainbat kontu biltzeko lan handia egin du Alvaro Heras musikazale getxoztarrak azken bost urteotan. Hala egiaztatzen da Lluvia hierro y Rock & Roll liburu mardula eskuetan hartu orduko. Mardula behar zuen, halabeharrez, botxo inguruan rock-ak izan dituen garai eta estilo guztiak biltzekotan. Elkarrizketa mordoa, hemeroteka lan piloa eta informazio guztiari forma eman beharra ez da egilearentzako samurra izan. Emaitza Vudumediako diseinatzaileen laguntzarekin autoeditatutako liburua, argazkiz, afitxez, disko azalez eta irudi bitxiz hornitua.
Gaiarekiko interesa duenak gogoz irakurriko du hasieratik bukaerara: 60ko urteekin batera abiatu eta Soroak, Arizonako kontzertuak, Los Mitos, rockabillie-ak, punk olatua, drogak, Eskorbuto, Gaueko, RRV-a, Bilboko gaztetxea, El Tubo, makrojaialdiak… Liburua eskuratu nahi duenak badaki pixkat mugitu beharko duela, oso leku gutxitan aurki daiteke salgai eta lehenenengo argitalpena agortu omen da. Informazio gehiago liburuaren myspace txokoan, baita Muga tabernaren blogean eta Koska irratian ere.