Denboraren makina

By | 2004/04/04

Alexandriako liburutegiak ba ei zeukan garai hartan argitaratuak ziren liburu bakoitzeko ale bat. Zoritxarrez orduko liburuzainek ez zituzten liburu haiek eskaneatu eta digitalizatu, ez zuten segurtasun kopiarik sortu eta zoritxarreko sute batek garai hartako kultura ondarea kiskali zuen duela 1600 urte. Liburu haietako gehienak betirako galdu ziren, beste alerik ez baitzen geratu eta giza jakintzaren aurrerapenari 400 urteko galga jarri zion sute hark. Baina zer gertatzen da webguneekin? Webguneak aldatuz doaz eta ezin da aurrekoak zioena jakin, archive.org-en dagoen Denboraren Makinak bere garaian gorde ez bazuen.

Kultura ondarea babesteko primerako tresna da digitalizazioa. OCR bidez eskaneatu ostean liburu baten kopia digital bat izango dugu gordetzeko. Sarea, berriz, sekulako baliabidea da ondare hori elkarbanatzeko. Esaterako, euskal klasiko bat sarean jarriz gero milaka, milioika kopia egin ditzakete beste hainbeste irakurlek, euren diskoetan gordetzeko, inprimatzeko edo pantailan irakurtzeko.

Baina zer gertatzen da webguneekin eurekin? Webguneak denbora baten buruan aldatu egiten dituzte edo saretik desagertzen dira. Zer gertatzen da orduan bertan zegoen informazioarekin? Googlek indexatuta duen edozein orrialderen cache-a erakutsi ahal izango digu, berak orrialde hori indexatu zuenean gordetako kopia da cache horretan erakutsi diezagukeena. Baina Googleren robota gure webgunetik igarotzen den hurrengo aldian aurreko cache-a ezabatuko du. Beraz, orain dela egun batzuk zegoen orrialde baten bertsioa ikusteko balio du soilik, ez duela bi urte zegoena, eta azkar iraungitzen da Googleren cachea. Duela egun batzuk internauta batzuek salatu zuten Espainiako hauteskundeen ostean PSOEK webgunea aldatu zuela bere hauteskunde programa ez zegoela jada eskuragarri. Googleri esker berreskuratu zuten horietako batzuek baina salaketa eta gero berriro agertu zen programa arteragoko lekuan.

Software librearen inguruan Wiki-en kontzeptua garatu dute, euren aldaketak berrikustea ahalbidetzen diguten webguneak. Eztabaidagai diren proposamenentzako egokiak dira wikiak, webgune horietan aldaketak noiz egin diren eta aurreko bertsioak zer zioen ikus dezakegulako. Baina webgune gehienak ez dira horrelakoak: batzuetan informazio baten bila orrialde batera jotzen dugu eta dagoeneko ez dago bertan.

Horregatik, etengabe aldatuz doan ondare hori gordetzeko asmoz sortu zuten 2001ean Wayback Machine izenekoa. Brewster Kahle amerikar aberatsak sortutako Internet Archive gordailu erraldoiak gordeta duena erakusteko modu ikusgarria da denboraren makina hau. Kahlek egun Amazon-ena den Alexa bilatzailea sortu zuen 1996an, edozein webgunek munduko ranking-ean duen tokia eta bere bilakaera adierazten diguna. Hala ere, soilik Alexaren nabigazio barra instalatuta daukatenen nabigaziotik ateratako datuak hartzen ditu kontutan sailkapenerako. Internet Archive osatzeko datuak ere Alexaren robotak bisitatutako webguneetatik hartuak dira.

Webgune askoren informazioa harrapatzen du aldiro robotak eta archive.org-en ordenagailuetan gordetzen du. Webgunea zenbat eta Alexaren arabera garrantzitsuagoa izan sarriago harrapatuko dute gordailuan. Kahleren esanetan, bataz beste 75 egun irauten du sarean web orrialde batek betirako desagertu aurretik. Horregatik esan daiteke sare osoaren lagin batzuk baino ez dituela gordeta archive.org agiritegiak. Egun 30.000 milioi web orrialde ditu gordeak ehunka ordenagailutan. Erabiltzeko, web.archive.org helbidean ezagutzen dugun helbide bat jarri besterik ez dugu eta denboraren makinak helbide horren kopia egin duen momentuak erakutsiko dizkigu. Nahi dugun data aukeratu eta egun hartan webgunea zen moduan ikuskatuko dugu.

Duela urte batzuk webgune batek zeukan itxura eta edukiak ikustea ahalbidetzen digu archive.org webguneak eta ariketa interesgarria da urte hauetan izan duten bilakaera ikustea, edukiei zein itxurari dagokienez. Baten bat harrituta geratuko da ordurako hain garrantzitsuak ziren webguneek egungoekin alderatuta daukaten diseinu pobrearekin, baina garai batean puntakoenak ziren. Bildutako webgunerik zaharrenak 1996koak dira, baina garai hartako oso gutxi daude gordeta. Hala ere, archive.org-ek aitzindarien aukera interesgarria egin du Web pioneers atalean. Bertan hasierako Yahoo!, The Internet Movie Database, NASA, edo Amazon ikusiko ditugu. Jada sarean ez dagoen Feed aldizkaria ezagutzeko aukera izango dugu, 1996an sortua eta 2001ean puntucom-en gainbeheran diru faltagatik desagertua. BBS moduan 1985ean sortutako The Well mitikoa 1992an konektatu zuten sarera eta 1994an ezarri zuten webgune moduan: archive.org-ek 1997ko urtarrilean zen moduan erakutsiko digu.

Oso euskal webgune gutxi ditu gordeta denboraren makinak, garai hartan Alexaren nabigazio barra instalatuta zuen oso lagun gutxik bisitatzen zituztelako. Hala ere, Buber’s Basque Pageren 1996ko abenduko bertsioa ikus dezakegu, garai bereko Saint Pierre eta Miquelonen gaineko euskarazko webgune bat edo Euskal Herriko Unibertsitateak 1997ko urrian zuen erdarazko webgunea. Gehiago ziren orduan baina tamalez Alexak ez zituen gutxi batzuk baizik gorde.

Beste proiektu batzuk ere badira sareko informazioa gordetzeko. Esaterako, Googlek Useneteko artxibo zaharrak berreskuratu zituen, WebArchivist proiektuak gai edo gertakari jakin batzuen inguruko informazioa biltzen du eta AEBetako kongresuko liburutegiak ondare digitala gordetzeko programa sortu du.

LABURRAK

Ciber@RT kongresua
Apirilaren 26tik 29ra Ciber@RT Bilbao 2004 izeneko kongresua izango da Bilboko Euskalduna jauregian. Bitarteko teknologiko berriekin sorturiko artelanak ikusteko aukera izango dugu bertan: Net-Artea, animazioak, multimedia proiektuak eta instalazio interaktiboak izango dira, baina kongresuak hitzaldi interesgarriak izango ditu, ez soilik arteari lotuak. Esaterako, Derrick de Kerckhove eta Richard Stallman guru ezagunak izango dira. Software librearen apostoluak soziologia konputazionala izango du hizpide eta McLuhan programaren zuzendariak bitakorak sareko cyborg-en arima modukoak direla azalduko du. Beste hitzaldi eta komunikazio asko ere izango dira kongresuan.

Hiztegi asko leku batean
Sarean dauden hiztegi asko aurki daitezke webgune bakarrean bilduta. Artez euskara zerbitzuak sortu duen hiztegia.net webgunean hiztegi askotarako loturak agertzen dira. Interneten dauden euskara-erdara hiztegi guztiak bildu dituzte eta beste hiztegi interesgarri asko ere aurki ditzakegu, gaika sailkatuta.

Googleren posta
Doako Gmail posta zerbitzua aterako du Googlek, Yahook eta Hotmailek dutenaren antzekoa baina Gigabyte baterainoko ahalmena duena. Bilatzailea integratua izango du bertan eta banner edo pop-up molestagarririk gabekoa izango da. Hala ere, publizitate bidez ordaintzea espero du Googlek, bilatzailean bezala. Babestutako esteka horiek jartzeko Gmail zerbitzuak gure mezuen testuak aztertuko ditu gako-hitzen bila. Horrek intimitatea urratzen duela aitortzen du Googlek, baina hori jakinik zerbitzuan izena ematea erabiltzailearen erabakia da azken finean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude