2003ko urtarrilak 11, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Euskaldunak NO-DO britainiarrean

British Pathe ekoiztetxe britainiarrak 3.500 albistegi egin zituen 1910 eta 1970 bitartean. Zine aretoetan ikuskatzeko albistegiak ziren, Espainiako NO-DOren antzera, baina noski, gai eta ikuspegi zabalagoekin eginak. Orain enpresak Interneten jarri ditu ikusgai eta salgai.

Film zahar haiek babestea izan zen fondo dokumental mardul hori digitalizatzearen hasierako arrazoia. Halabaina, sarean erakusteko eta saltzeko modua aurkitu du enpresak. Erreportaia jakin bategatik interesa izanez gero, doako lagina ikus daiteke, Windows Media programarako. Bertsio osoa eta kalitate hobean jaisteko, ordea, 58 libera (89 euro) ordaindu beharko dira.

Bilaketa tresna ere badu britishpathe.com webguneak, nahi dugun erreportaia aurkitzeko. Adibide moduan, bertan basque hitza bilatuz gero, hainbat emaitza erakutsiko dizkigu. Batzuek, itxuraz, jostungintzari buruzko informazioak dira eta ez dute zerikusirik gurekin. Beste batzuek euskal erreferentziak ematen dituzte. Azpimarratzekoa da, esaterako, euskal haurrak, gerra zibiletik ihesi, Inglaterrara heldu zirenean egindako erreportaia.

Beste batean, Pelote champions izenburupean, 1938an egindako euskal pilotari buruzko erreportaia dator: «Euskal Herrian pilota horma baten kontra botatzen ageri diren gizon batzuen irudiak, jendetzaren begiradapean. Bost gizonek pilota chistera izeneko gailu kurbatu batekin harrapatu eta berriro hormaren kontra botatzen dute. Egungo txapelduna den Urruty jaunaren lehen planoa», dio azalpenak.

Beste erreportaia bat 1942an Londreseko euskal elkarteari buruzkoa da: «Kamarak sagardo kupelak fokatzen ditu, Basque Club-eko kideak ageri dira festa batean, emakumeak jantzi tradizionalean espainiar (sic) kantu zaharrak abesten. Sagar dantza eta gero gizonek bandera nazionalaren –ikurriñaren– inguruan dantza egiten dute. Makil dantza jendearen begiradapean».

Erreferentziarik zaharrena 1933koa da. Bertan, Primo Carnera boxealariaren gaineko erreportaiak dioenez, «munduko txapeldun titulua atxiki du, Paolini Uzcudun (sic) euskaldunari puntuengatik irabazita». Urte bi geroagokoa da Fred Perry protagonista duen Wimbledon-eko tenis txapelketari buruzkoa. Borotra izeneko emakume bat ageri da jokoan.

Sarea ikus-entzunezko agirien artxibategi moduan erabiltzearena ezagunak genituen Prelinger agiritegia eta Archive ekimena. Rick Prelinger-en agiritegiak 45.000 film ditu, era guztietakoak: publizitatea, hezkuntza, industria eta amateur film solteak. Doan eskura daitezke filmeok, egile eskubiderik ez baitute, baina British Pathe-renak oraindik ez daude doan eskuratzeko moduan, Britainia Handiko legeen arabera lan batean esku hartutako guztiak hil eta gero beste 70 urte iragan behar baitira eskubide horiek iraungitzeko.

Espainiako NO-DOri dagokionez, 1943 eta 1981 bitartean 1.966 dokumental egin ziren eta haren ondare osoa Filmoteca Espainolaren esku dago egun, RTVEren egoitzan gordeta, ez dago telematikoki eskuratzerik.

Euskal Filmotekak bere ondarearen digitalizazioan dihardu aspaldian, baina ez du Interneten ezer jarri. Webguneak berak «Laster egongo gara zuekin» oharra erakusten du eta ez dirudi epe laburrean sarearen bidez ezer eskuratu ahal izango denik.

www.britishpathe.com
www.archive.org
www.paisvasco.com/filmoteca
www.mcu.es/cine/filmoteca/pcine_filmoteca.html

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner