Inoiz imagina genezakeen liburutegirik handiena da Internet, informazioz betetako terabyte mordoa gai guztien inguruan. Baina Google
informazio multzo erraldoi horri zentzua damaion orakulua bihurtu da, beste bilatzaile guztiak atzean utzita. Nagusitasun horrek sekulako boterea eman dio, ekonomikoa eta politikoa, webgune askorentzat bilaketa baten emaitzean goikaldean agertzea ezinbestekoa baita. Horregatik enpresa eta gobernu asko zain daude, Google burtsara noiz aterako, botere horren zati bat eskuratzea amesten.
Aspaldi iragarri zuten eta zurrumurruek diotenez, apirilean gertatuko da: Google burtsara aterako da. Hala ere, enpresaren Initial Public Offering (IPO) eskaintza egiten dutenean, lehen aipatutako arrazoiarengatik, zeruan bueltaka dabiltzan saiek harrapatu nahi izango dute. Egun horretan dena alda daiteke eta neurri handi batean aldatuko dela gauza segurua da, horregatik enpresa kontu handiz prestatzen ari da bere burtsarako irteera, dena kontrolpean mantentzeko asmoz.
Bilatzaile xalo eta zehatz hau Sergey Brin eta Larry Page ikasleen eskolako proiektu moduan sortu zen unibertsitatean zeudela. Bere arrakastaren gako nagusia bere PageRank sistema da, emaitzak erakustean bilatzailerik zehatzena eta zintzoena egiten duena. Diruak ez du oraindik lortu haren emaitzen ordenean eragitea eta webmaster-en trikimailuek ez dute lortu erabat engainatzea. Bila gabiltzana erakutsiko digu beste ezein bilatzailek baino askoz zehaztasun handiagoarekin. Internautek hasieratik estimatu dute hasierako orrialdean iragarkirik ez agertzea eta bere logotipoa ez beste irudirik ez erakustea.
Michael Chabon idazleak dioenez, “Iraganeko idazleek absenta, whisky-a edo heroĆna hartzen zuten. Nik berriz Google daukat. Bertara noa bost minutuz nabigatzeko ustearekin eta, konturatu orduko, zazpi ordu igaro dira, 43 hitz baino ez dut idatzi eta denbora horretan eginikoa erakusteko dudan bakarra The Nanny and the Professor telesaileko kapitulu guztien izenburuak dakizkidala da”. Link batetik bestera salto eginez gure jakintza emendatuz doa baina ez telebistaren eredu pasiboari jarraituz, norberak aukera baitezake nora jo. Erabilerak askotarikoak dira: askorentzat ego-surf egiteko (nork bere burua bilatzea) balio du, beste batzuentzat albisteak irakurtzeko modurik onena da news.google.com eta beste batzuek kalkulagailu moduan erabiltzen dute, gutxi batzuk aipatzearren.
Izan ere, internauta askori ezinbestekoa zaie Googlek egun duen izaerari eustea. Horregatik burtsara ateratzeak aldaketarik ekarriko duen beldur dira. Wired aldizkariak bere martxoko zenbakian erreportaia nagusia eskaini dio gaiari. Bertan azaltzen dutenez, lau etorkizun posible ditu enpresak, jada gertatu diren lau ibilbidetako bat egitea. Netscape burtsara atera zenean sekulako arrakasta izan zuen, burtsako milioiak enpresarentzat eta akziodunentzat. Baina Microsoftek Explorer atera eta atzean geratu zen Netscape, marrazoen bazka bihurtuz. AOLk eskuratu eta liseritu ostean desintegratu da. Yahoo publiko egitea ere arrakasta handia izan zen baina kalterako, stock options famatuekin aberastutako exekutiboek alde egin baitzuten “beste interes batzuen bila”. Krisiaren erdian ezer gutxi ekarri zioten enpresak erosteari ekin zion enpresak eta azkenik exekutibo talde berria aurkeztu behar izan zuen enpresari “bere bidea berriro aurkitzen laguntzeko” helburuz. Microsoften bidea monopolio bilakatzea izango litzateke, inpartzialtasuna galtzea eta erabiltzaileen gorrotoa irabaztea. Ebayrena, berriz, enpresa arrakastatsua izaten jarraitzea litzateke, plataforma orekan hazten jarraitzea eta enpresaren kontrolari eustea.
Yahoo kontraerasoan
Microsoft bezala, Google bilatzaileari aurre egiteko asmo sendoa frogatzen ari da Yahoo. Albisteekin egin duen moduan haren urrats arrakastatsuen kopiak eginez berreskuratu nahi du Yahook nagusitasuna eta horregatik WebRank atera du egunotan, Googleren PageRank-en baliokidea izan nahi duen algoritmoa. Web orrialde baten ospea neurtzen du, ez orrialde horretara dauden lotura kopuruaren arabera, Yahooren nabigazio barra instalatuta duten erabiltzaileengandik hartutako informazioaren arabera baizik. Bai, Googleren antzera Yahook nabigazio barra du, Windows ordenagailuetako Explorer programari eranstekoa. Bertan, bilaketak egiteaz gain, webgune batek duen WebRank-a ikuskatu ahal izango dugu. Baina antzekotasunak ez dira hor gelditu: urtarrilean ikerketa eta garapen laborategiak atera zituen Yahook labs.yahoo.com helbidean, Googleren antzera, bertan bilaketak hobetzeko egiten ari den zenbait lanen berri emateko.
Duela aste batzuk googleren emaitzak bere bilaketetan erakusteari utzi zion Yahook. Orain, bere bilaketetarako Inktomi eta Overture-ren ren datu baseak erabiltzen ditu. Yahook 2002ko bukaeran erosi zuen Inktomi bilatzailea eta 2003ko uztailean Overture eskuratu zuen, Altavista eta Fast bilatzaileak kontrolatzen zituen enpresa. Orain horiek guztiak Yahooren eskuetan daude, baina horien datu baseak eduki arren, enpresa bere robota sortu du, Slurp izenekoa, jada sarea arakatzen ari dena. Yahooren laborategietan Overturetik heldutako ikertzaileak garatzen ari diren proiektu interesgarrienetako bat Nutch dugu, kode irekiko bilatzailea. Yahook dioenez, sareko bilaketak aurki “monopolioa bilaka daitezke (Googlerengatik) eta hori ez litzateke erabiltzaileentzat ona izango”. Azken mugimendua aste honetan egin du Yahook produktu komertzialen eskaintzarik onenak bilatzen dituen Kelkoo atari europarra erosiz. Arlo honetan dagoeneko atzean geratzen ari da Google, bere baliokide Froogle-k ez baitu oraindik arrakasta handirik izan.
news.google.com
LABURRAK
Bitakorentzat sariak
Katalanez eginiko weblog-en lehiaketa deitu du Gironako udalak ZonaJove.info webgunearen bidez. Lehiaketan sartzeko egileak 35 urte baino gutxiago izatea, bitakora sarri eguneratua izatea eta orrialdeak 30KB baino astunagoak ez izatea eskatzen dute eta epaimahaiak diseinua zein edukiak hartuko ditu kontutan. Euskaraz berriz oraindik bitakora gutxi dago eta gainera lehiaketarik deitu baino lehen bitakorak zer diren azaldu beharko litzaieke zinegotzi askori.
Metrobilbao.com azkenik
Abokatutan dirutza ederra gastatu ostean Metro Bilbao enpresak azkenik eskuratu du metrobilbao.com domeinua, Natxo Allende internautak kexuz betetako La antiweb del metro ezartzeko behinola erabili zuena. Orain arte metrobilbao.net erabili du garraio enpresak, baina puntucom-a eskuratu ostean webgune berria argitaratzea erabaki du. Hala ere, bere publizitatean enpresa ez da metrobilbao.com domeinua iragartzen ari, hurrengogeltokia.com eta proximaestacion.com baizik, baina denek webgune berera bideratuko gaituzte. Euskara, gaztelania edo ingelesa aukera dezakegu eta bakoitzaren bertsio eskuragarria ezarri dute, ezgaituentzako eskuragarri eta hainbat nabigazio estandar betetzen dituena.
Bitakora berriak
Gero eta idazle eta kazetari gehiagok du bere bitakora sarean. Aste honetan Noam Chomskyk zabaldu du berea, Z magazine aldizkari ezkertiarraren webgunean eta, itxura denez, aldizkariak berak kudeatua. Bertan, politikari buruz idazten du hizkuntzalari eta pentsalari ezagunak idatzitako eta esandako batzuk biltzen dituzte baina ez dago iruzkinik egiteko aukerarik. Azken egunotan Luis Angel Hermana kazetari espainiarrak berea jarri du, El Cangrejo Verde izenburupean.
Aupa Jabi,
Aurkitu berri dut zure webloga. Zorionak eman nahi nizkizuke hain ondo idazten duzulako eta gaiak aski interesgarriak direlako.
Badaezpada faboritoetan sartu berri dut š
Ikusi arte.