Urritik aurrera katalanek Interneten .cat domeinuarekin agertzeko aukera izango dute ICANN erakundeak Puntcat elkarteak eginiko proposamena onartuz gero. Hainbat urtez herrialde bezala hizki biko goi mailako .ct domeinuaz ezagutuak izaten ahalegindu ondoren beste bide bat aukeratu dute katalanek: hizkuntza komunitate moduan onartuak izatea. Euskal Herrian lehenengo bideari bere garaian ez zitzaion ganoraz ekin, bigarrena oraindik ez da proposatu ere egin.
PuntCat elkartea Kataluniako 70 inguru elkarteren artean sortu dute, mundu osoko katalan komunitatearentzako .cat domeinua galdatzeko. Dagoeneko domeinu izen berriak onartzeaz arduartzen den ICANN erakundeari aurkeztu diote proposamena eta honek “uztaila baino lehen erabakia hartu beharko du”, PuntCat-eko kide Amadeu Abrilek iragan astean iragarri zuenez. Dagoeneko 43.757 herritarrek eta 1579 enpresa edo erakundek sinatu dute .cat domeinuaren aldeko agiria.
Internet Corporation for Assigned Names and Numbers edo ICANN Interneteko gobernua da, sarea gobernagarria den neurrian eta 19 kidez osatutako gobernu batzordeak boterea handia du Top Level Domain (TLD) edo goi mailako domeinuen sorkuntza erabakitzen duelako. Amadeu Abril bertako kide izan da urte askoan eta, aldi berean, Kataluniarentzako .ct domeinua eskatzen zuen domini-ct.org kanpainiaren bultzagileetako bat izan zen. Erakundearen barruan .ct domeinua bultzatzen ahalegindu zen baina ez zuen onarpena lortu, oso zaila baita estatu gabeko lurralde batek hizki biko domeinu izen geografikoa lortzea. Iazko uztailetik ICANNetik at dago Abril, baina bere eragina kontutan hartzekoa da erakundearen baitan.
Duela bi urte abian jarria, .cat domeinua lortzeko kanpainiak lurraldetasunaren arazoa saihesten du katalana hizkuntza komunitate moduan azalduta. Hala ere, azken hilabeteotan bultzakada handia ematen ari zaizkio gaiari eta azkenik ICANNek proposamena aztertzea lortu dute. Uztailean hamar proposamen aztertuko ditu erakundeak, .cat domeinuaz gain. Besteak beste .xxx domeinua webgune pornografikoentzako, .travel bidaien gaineko webguneetarako, .asia kontinente hartakoentzako eta .jobs lan bila dabiltzanentzako.
Institut dEstudis Catalans-eko Salvador Alegret-ek adierazi duenez, .cat domeinuarena “jarraitu beharreko eredua da, hizkuntza gutxiagotuak babesteko eta sendotzeko baliagarria”. Abrilen hitzetan, domeinu hau “sarean katalan moduan agertu nahi dutenentzako proposamena da”. Onartua izanez gero, sei hilabete barru domeinuak erosten hasi ahal izango dira elkarteak eta enpresak; pertsona bakanek gehiago itxaron beharko dute. Domeinu izen komertzialak edo babestuak dira hauek, .museum, .coop edo .aero bezala. Horrek esan nahi du berauen salmenta kudeatu nahi duenak dirutza ordaindu beharko duela hori egin ahal izateko, gehiago irabaziko duela jakinik. PuntCat elkarteak kudeatuko du domeinuaren erregistroa eta lehenengo hilabeteetan 10.000 izen erregistratzea espero dute, egungo domeinu izen generikoak baino dexente garestiago. Lehen .ct domeinuaren alde zegoen Abril egun PuntCat-eko buru izatea eta domeinu enpresa bateko kide izatea ez dute begi onez ikusten .ct domeinua proposatzen zutenetako batzuek. Gainera ez daude euren kanpainia bertan behera uzteko prest, lurraldetasuna ezagutzea galdaten dutelako.
Historian atzera eginez, Internet heltzean IANA erakundeak (egun ICANN da) goi mailako bi domeinu mota sortu zituen: generikoak (com, net, org, gov, edu eta mil) eta geografikoak (es eta fr kasu). Azken hauek esleitzeko irizpide baten bila, ISO estandarizazio erakundearen ISO 3166-1 estandarra hartu zuen, ordurarte herrialdeak posta zerbitzuetan, filatelian, matrikuletan, burtsan estatistiketan eta zientzian identifikatzeko erabiltzen zena. Erabaki horrek estaturik gabeko herrialde asko kanpoan utzi zituen, NBEk ezagututakoak bakarrik kontutan hartzen baitzituen estandarrak. Estatu ez diren leku batzuk ere ageri dira zerrenda horretan, Gibraltar, Santa Helena, Pitcairn eta horrelako irlak, estatutik fisikoki bereizitako lekuak direlako eta metropoliaren berariazko baimena dutelako. Hala ere, geroztik Antartida edo Palestina onartuak izan ziren, inongo metropoliren baimenik gabe eta salbuespen horrek piztu zuen Kataluniaren .ct edo Galiziaren .gz domeinuak onartuko zituzten itxaropena. Herrialde bietan kanpainiak abian jarri ziren lurralde moduan ezagupena lortzeko.
Gainera, Katalunian eta Galizian, Aragoen eta Andaluzian bezala, tokian tokiko ISOC-en kapituluak zeuden. Sareko antolakuntzan eragiten duen aholkularitza erakundea da Internet Society, eta munduko lurralde askotan kapitulu edo ordezkaritzak ditu. Espainiako gobernuak, hori ikusita, ISOC Espainia sortu zuen 1999ko bukaeran, tokian tokiko sailak indargabetu eta bakarrean biltzeko asmoz, baina saiakerak ez zuen arrakastarik izan.
Bitartean Euskal Herrian atzerapen nabaria zen 1999an: ISOCen kapitulurik ez, domeinuaren aldeko kanpainarik ez, nabigatzaile euskaldunik ez (Navegador eta Xis zeuden, hurrenez hurren, katalanez eta galegoz), euskarazko ataririk ez (Vilaweb eta Vieiros zeuden Katalunian eta Galizian). Salbuespena 1998ko hasieran Igor Aiestaran internauta euskaldunak .eh domeinua lortzeko abian jarritako kanpainia izan zen. Honek beste oztopo bat aurkitu zuen, ISO 3166-1 zerrendan dagoeneko .eh domeinua lurralde bati esleituta zegoela, aktibatu barik bazegoen ere. Mendebaldeko Saharari dagokio .eh domeinua zerrenda horretan, baina Marokok okupatuta dagoenez, oraindik ez du ICANNek berau aktibatu. Beste aukera bat .eu domeinua litzateke, baina hori Europar Batasunerako eskatu dute. Dena den, euskal ISOC bat gauzatzea lortu ez zen moduan, ez zen lortu Aiestaranen ekimen indibiduala kolektibo bilakatzea. EH domeinuaren aldeko kanpainia amatatu zen, webgunearen arrastorik ez da eta ehdomeinua.org domeinua bera libre dago egun.
LABURRAK
Byte irratsaioa
Eduardo Arcos blogger ezagunaren alt1040 bitakoran irakurri dugunez, Internet eta teknologia berriak hizpide dituen Byte irratsaioa egiten dute berak eta beste internauta batzuek Mexicoko Radioactivo irratian. Oso interesgarriak dira saio hauek teknofiloentzat baina, tamalez, Byte ezagutu eta gutxira jakin dugu Radioactivo beste batzuek erosi dutela eta irratia itxiko dutela. Gaitzerdi, sarean bertan eskegi dituzte iragan asteetako saioak mp3 formatoan eta konexio azkarra edukiz gero aise eskura daitezke.
Kinja albiste biltzailea
Albisteen biltzaileak modan daude azken aldion. RSS edo Atom moduan euren edukiak esportatzea ahalbidetzen duten webguneetako albisteak hartu eta biltzen dituzte. Sustatuk hori erakutsi digu, Bloglines zerbitzua erabiliz euskarazko 67 albistegi bakar batean bilduz. Horrelako zerbitzua ere eskaintzen du Kinja webguneak, baina berau erabiltzeko ez da beharrezkoa RSS edo Atom zer diren jakitea. Nahikoa da bere albisteak bildu nahi dugun webgunearen helbidea ematea.
Truke librearen aldeko epaia
Kanadako epaitegi federalak diskogintzaren industriari ukatu die musika truke sareetatik jaisten dutenen datuak eskuratzea. Pertsona horien kontra ekin nahi zuen kanadiar diskogintzaren industriak baina epaiak dioenez, abestiak saretik jaisteak edo nork bere ordenagailuan abestiak edukitzeak ez ditu jabego intelektualaren eskubideak urratzen. Espainian erabiltzaileen aurka momentuz ez duela joko adierazi du SGAE elkarteak, ezta abesti mordoa jaisten dutenen aurka ere. SGAEk berriki CD grabagarri bakoitzaren gaineko kanona %30 igo du hilabete honetan.