2001ko apirilak 28, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Alexandria birtuala I

Filmategi erraldoia bihurtzen ari da sarea

Sarea munduko liburutegik handiena da jada, dudarik gabe. Milaka liburu ei zituen Alexandriako liburutegi haren gauzapena da Internet gaur egun eta liburuek ez dute hemen erreta amaitzeko arriskurik. Baina liburuak sareko biltegi erraldoiaren atal bat baino ez dira, Terabyte dexente biltzen dituzten Interneteko zerbitzarietan webgune pertsonalak, komertzialak, bideoak, soinuak eta bestelako artxiboak biltzen dira eta horiek indexatzeko eta gordetzeko beste hainbat ordenagailu daude prest.

Robot bilatzaile askok, Altavista eta Google kasu, bisitatzen dituzten webgune guztietako informazioa biltzen dute, hitz guztiak bilaketarako gako-hitzak bihurtuz. Askotan webgunea bera aldatzen da eta bilatzailearen cache-an lehen zegoen moduan ikus dezakegu, robotak webgunearen kopia gorde baitu bere disko gogorretan. Honek arazoak sor ditzake, gure webgunean gauza bat nahita aldatu badugu agian ez baitigu graziarik egiten arteragoko bertsioa oraindik beste nonbait ikusgai egotea.

Baina gaurkoan ez diogu sareko webguneek osatzen duten liburutegi birtualari erreparatuko, sarea bera digitalizatutako materialetarako izan dezakeen agiritegi funtzioari baizik. Esaterako, Brewster Kahle Interneteko hastapenetako milionarioetako bat da eta orain dirutza ederra sartu du bere azken proiektuan, sarea dokumentazio zentro erraldoia bihurtuko duen Archive.org agiritegi digitalean Internet anglofonoa osorik gorde nahi du Kahlek. Bere proiekturik ezagunenak Alexa.com du izena (Alexandriako liburutegiaren omenez) eta nabigatzaileari eransten zaion barratxo bat da, bisitatzen ari garen webgunearen gaineko informazio osagarri interesgarriak ematen dituena.

Archive.org honek Alexaren datuak jaso ditu baina bestelako material batzuk bildu nahi ditu ere eta agiritegi erraldoiak osatzen hasi da ikus-entzunezko materialekin. Arlorik interesgarriena filmak dira, filmen agiritegia osatzen ari da Kahle eta jada ehunka edo milaka film batzuk digitalizatuta eta konprimituta ditu edonoren esku. Copyright arazoak direla eta, gehienak film zaharrak dira, 50ko hamarkadakoak eta, baina biziki interesgarriak dira batzuk eta etorkizunerako bidea ematen du agiritegiak, bilduma digitalik duenak bertan utzi nahiko balu. Filmak jaisteko konexio azkarra eta tarifa laua izatea ezinbestekoak dira eta bi eratara kodifikatuta daude: konpresio handia duen MPEG-4 formatoko .avi artxiboetan (35 Megabyte ingurukoak) edo mpeg arruntetan, 300 Mega inguruko artxiboetan.

Filmen artean, 1954ko A is for atom izenekoak energia nuklearraren balioak azaltzen ditu. Horren gaineko eta gerra atomikoari buruzko beste dokumental asko daude, urte haietako psikosiaren testigu. Aipagarria da ¡Adelante Cubanos! erreportaia, 1959an Kuban egindakoa, iraultzak irabazi berritan eginiko zuri-beltzeko dokumentala herriaren barne produkzioa goraipatzeko eta emendatzeko xedez. Beste batek, Are you ready for marriage? izenekoak gazteak orduko ikuspegi kontserbadorearekin hezi nahi ditu ezkontzera bideratuz. Historialari eta soziologoentzat ikus-entzunezko interesgarria izan daiteke filmategietara horrelako sarbide librea izatea, dudarik gabe, baina interesgarriagoa izango da film gehiago eransten zaizkienean.

Honen antzera, gurean, Euskadiko Filmategiak iragarri duenez, aurki jarriko du online bere agiritegi guztia, digitalizatu ostean. Baina filmategiez gain, badira denetariko kultura agiritegi gehiago sarean eta horietatik interesgarrienak hurrengo Kulturnet-en aipatuko ditugu.

Agiritegi-filmategia
www.archive.org
www.prelinger.com
Euskadiko Filmategia
www.paisvasco.com/filmoteca

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner