New York: Empire Statek 75 urte.

By | 2006/05/02

Empire State BuildingAtzo aipatutako langile horietako askok eraiki zuten, duela 75 urte, Empire State etxeorratza. Azkar egin zuten, 13 hilabetean, hiriko eta munduko eraikinik altuena: 102 solairu eta 443 metro. Depresioaren urteak ziren eta bertan lan egin zuten 3.400 langileak prest ziren lau xentimoren truke edozein lan egiteko. Segurtasun neurririk gabe, kaskorik eta uhalik gabe ibili ziren langileak bertan. William Lamb arkitektoak diseinatu zuen eta 41 milioi dolar kostatu zen. Baina nortzuk izan ziren langileak? Zergatik ez ditu inork gogoratzen bertan eraikuntzan hildakoak?

Eraikin honen eta Chrysler eraikinaren arteko lehia gogorra izan zen, nork baino nork altuagoa eraiki ibili baitziren 30eko urteetan, krisiaren erdian, Walter Chrysler eta John Raskob (General Motorseko jabea). Azken honek irabazi zuen lehia eta 1974 arte hiriko eraikinik altuenaren markari eutsi zion Empire Statek. Zeppelinen aireportua izateko pentsatu zuten, baina ez zen segurua eta ideia baztertu zuten berehala.

Bosgarren etorbidean, hiriko gunerik onenean kokatua, hasieratik erdi hutsik egon da eta gaur egun enpresak beldur dira, eta horregatik bulegoen %17 alokatu ezinik dabiltza jabeak, Manhattan-eko eraikinik altuena eta esanguratsuena erasoren baten xede izan litekeelako. Argazki batzuk ipini ditut Flickr-en efemeridea gogoratzeko. Goikaldetik eta gauez ateratako pantaila hondoa ere jarri dut, 1280×800 pixeleko eramangarrien pantaila panoramikoetarako.

2 thoughts on “New York: Empire Statek 75 urte.

  1. Desplazatua

    >Azkar egin zuten, 13 hilabetean, hiriko eta munduko eraikinik altuena: 102 solairu eta 443 metro.

    Horixe azkar egin zebela; urte bi pasatxo! Geurean egiten dabizen lan ikaragarriak ere azkar baten egiten dituzte, baina ez dira hain ikusgarriak, batez ere gabaz (ikusi bestela AP-1).
    Dana dala, aitortu behar jake Empire State egin zebenek lan benetan ederra egin zebala. Aspaldi izan neban aukera hango igogailuan (oinez izan balitz oraindik eskailerak igotzen nitzake) hango terrazara igo nintzenekua. New Yorkeko erreka biak ikusten dira handik, izugarria. Sasoi berean Dorre Bikietan izateko aukera be izan neban; hango dantzalekuan izan ginen lagun batzuk, 102. solairuan oker ez banago.

    Reply
  2. Xabi

    Zergatik miresten ditugu atzerriko etxeorratzak eta gurean eskandalutzat hartzen dugu etxebizitza bloke bat 10 solairuetara iristen denean?

    Reply

Utzi erantzuna Desplazatua(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.