Langile baten galderak maiatzeko zubian

By | 2006/05/01

Maiatzaren lehena ospatzen dugu gaur. Batzuek manifestazioetan, beste askok hondartzan edo mendian… Eta gaurko eguna ilustratzeko aproposak diren kanta batzuk badirela pentsatu dut. Hasteko, noski, Internazionala dugu gaurko egunaren kanta ofiziala. Tira, ari naiz letra deszifratzen, erdarazkoak Rosetta moduan hartuta, baina oraindik “indazu albiristea” falta zait. Hala ere, urtero kantatzen dugu, bada ez bada ere.

Baina badira beste kanta batzuk hau ilustratzeko. Vladimirren gogora ekarri zuten behinola Hertzainen kanta: Buzo, kasko, musuzapiak aurpegian, sua eta kea Deustuko zubian… Eguneratuta izango litzateke: Merkatalgunea Sheraton ondoan, turistak pasiatzen eguzkitan, opera Euskalduna jauregian… Zaramaren Langile kaleratua patroia sokan ez dugu hemen errepikatuko, bake prozesua atakan jarri nahi ez badugu edo Miguel Sanzek Volkswageneko kaleratzeak leporatzea.

Bada bereziki gustoko dudan kantu bat, ETBko albistegiak ikustean sarri burura etortzen zaidana. Enpresa arrakastatsu bat aukeratzen dute eta haren doaiak kontatzen dizkigute, zuzendarien eta jabeen ahotan. Beti arrakasta horren arduradunak zuzendariak ei dira… Baina langileak? Bertolt Brecht-ek kontatu zigun eta Mikel Laboak euskaraz kantatu:
Zazpi Atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?
Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri.
Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar haundiok?
Eta hainbatetan porrokatua izan zen Babilonia,
nork jaso zuen beste hainbestetan? Lima distirant hura
eraiki zuten langilleak, ze etxetan bizi ote ziren?
Txinako Harresia bukatu zen iluntzean:
nora jo zuten harginek? Erroma bikain hura
garaitza arkuz beterik. Nork altxatu zituen?
Nortzuk menperatu zituzten Zesarrek?
Hain ospetsua zen Bizanziok, jauregiz besterik
ez ote zuen bertako jendearentzat? Alegiazko Atlantidan
berebat, itsasoak irentsi zuen gauean, biztanleak ito zorian
oihuka ari zitzaizkien beren esklaboei leguntza eske.
Alejandro gazteak India bereganatu zuen.
Berak bakarrik ote?
Zesarrek galoak menderatu.
Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen?
Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada
urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?
Federiko Bigarrenak Zazpi Urteko Gerra irabazi.
Nork bestek zuen irabazi?
Garaitza bat orrialde bakoitzean.
Nortzuk atondu zituzten garaitza banketeak?
Hamar urtez behin gizon haundi bat.
Nork ordaintzen zituen haren gastuak?

Zenbat historia, hainbat galdera. Historiak bezainbat
galdera.
Zenbat historia! Zenbat galdera!

One thought on “Langile baten galderak maiatzeko zubian

  1. Luistxo

    Kuriosoa da Euskalduna Jauregiaren azpian dagoen Itsasadarraren museoa. Historia, meatzegintza, merkataritza, untzi modeloak… ez dago langile gatazkaren eta, bereziki, hantxe bertan zeuden untziolen desmontaketaren aipu bakar bat ere. Lotsa eman beharko lukeen museo bat da.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude