Aminetu eta Maima gure artean

By | 2006/05/15

Ongi etorri AminetuGurean da Aminetu Haidar, larunbatean heldu zen Loiuko aireportura emakume saharaui hau. Mendebaldeko Saharako gune okupatuetan saharauien eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka baketsuaren ikurra bilakatu den andre honek hainbat sufrimendu pairatu behar izan ditu eta azkenik lortu du handik irtetea, guri saharauiek euren lurraldean jasaten duten zapalketaren berri emateko. Gaur arratsaldeko zortzietan horri buruzko hitzaldia emango du Bilboko zazpi kaleetako La Bolsa etxean.
Marokoar erregimen polizialaren menpean independentista ezaguna izatea ez da batere samurra. Baina bere gogo sendoak gidatu du Aminetu militantzian, torturapean, gartzelan, desagertuta zegoelarik… Horregatik itxura gogorreko emakume indartsua espero nuen, Hebe de Bonafini moduko bat… Emakume makala, hauskorra aurkitu dut ordea, sentibera inondik inora. Azken egunotan agenda gogorra ezarri diote, Europan barna ibili behar baitu hitzaldiak ematen, bilerak egiten, etxera itzulitakoan bera babestuko duen jendea ezagutzen.

Izan ere, ibilaldi hau amaitu eta Aaiun okupatura bueltatuko da Aminetu, beldurra gorabehera, bere lekua han dagoelako, bere alabatxoak eta bere jendea han daudelako, hura duelako aberri, bizileku eta beharleku, bere herriaren aldeko lanean zeregin garrantzitsuak dituelako bertan. Oso ondo daki bere patua zein izango den bertan: Sahara okupatura itzuliz gero, marokoarrek berriz atxilotu eta gartzelaratuko dutela. Egia esan, ezin dut hain emakume delikatua halako basapiztien eskuetan irudikatu. Baina ezkutuko gartzela batean desagertuta bizi izan zen urte horietan (1987-1991) zerbaitek eman zion aurrera jarraitzeko adorea. Bere herri osoa zuen gogoan eta bereek bera zuten gogoan ere.

Aminatu in June, 2005Iazko ekainean atxilotu zuten berriro, saharauien intifada betean, giza eskubideen aldeko ekintzaile ezagunenetakoa zenez gero. Kalean zafratu eta komisaldegian torturatu egin zuten. Barruan zela, gose grebari ekin zion berriro eta hainbeste sufrimenduk urratu egin du bere osasun egoera. Nazioarteko presioen eraginez askatu zuten, azkenik, aurtengo urtarrilean. Haren ongi etorria sekulako jaia izan zen, desertuan antolatu behar izan zuten manifestazio klandestinoa, hala ere.

Maima Mahamud
Aminetu ez da bakarrik etorri Aaiundik, berarekin ahizpa etorri baita eta eurekin Maima Mahamud, itzultzaile eta bitartekari lanak egiten. Kanpamenduetako beste emakume saharaui bat dugu Maima langilea, iraultzailea… Dajla kanpamenduko emakumeen arima, sustatzailea, ekintzailea eta ekina da Maima Mahamud Nayem, eskolako zuzendaria. Pertsonalki orain ezagutu dut, azkenaldion harreman telematiko handia izan dugun arren, esku artean oso proiektu polita darabilgulako.

Oso ibilbide ezberdina egin dute bizitzan Aminetuk eta Maimak, horregatik kontraste bitxia izan behar da, derrigorrez, bien arteko elkarbizitza ibiltari hau. Elkarrengandik 30 urtez halabeharrez urrunduta, berriro elkar ezagutzen ari diren bi gizarteren arteko kontaktua.

Aminatu Haidar en la calleAminetu barnealdeko emakume saharauia da, sekula kanpamenduetara joan gabea. Okupazioaren bortizkeria, marokoarren kolonizazioa eta euren etxean baztertuak izatea egokitu zaien saharauien alderdikoa. Euren izaerari eusten, baina marrokinizazio estrategia indartsu baten eraginpean bizi dira gune okupatuetako saharauiak.

Maima, berriz, kanpamenduetako saharauia dugu. Gaztetatik herriminean baina askatasunean, saharaui bezala hazi, hezi eta bizi izan den emakumea. Hainbat urtez Kuban bizi izan zen Maima, bihar-etziko saharauien gizarte librea osatzeko ikasten. Emakume saharaui askea eta garaikidea dugu, telekomunikazioetan eta elektronikan lizentziatua, poliglota… Dajla kanpamenduan hainbat proiektu kudeatzen dituen emakume dinamikoa.

Berehala galdetu diot Maimari nolakoa den Amineturekiko harremana, bien ibilbideen arteko kontrasteak eraginen bat izan behar duela sumatzen baitut. Aminetu sekulako pertsona miresgarria dela erantzun dit berak, asko ikasten ari dela berarekin eta, aldi berean ikusten zer nolako ezberdintasunak dituzten pentsakeran, hainbat konturen inguruan. Marokoar okupatzaileen diskurtsoaren eta ideologiaren eragina, barnealdeko saharaui militanteen artean ere somatzen bada, egin kontu zer nolakoa izango den marokoko gizartean bertan.

Happy with her friends, Sahrawi women

Aminetuk ez du inoiz ezagutu eremu publikoan saharaui bezala naturaltasunez eta harrotasunez ibiltzea zer den. Emakumeak hutsaren hurrengo diren gizarte batean, eskolara joateko aukerarik ere ez dute. Ospital edo eskola gutxiegi eta atzerriko militar gehiegi ikusten dira sahara okupatuan. Kanpamenduak, berriz, gizarte zibilak dira. Bertan umeen %100 eskolaratuak dira eta SEADeko konstituzioak aldarrikatzen dituen berdintasun baloreetan heziak.

Emakumeak izanik are balio handiagoa du Amineturen eta Maimaren lanak, gizonezkoen gizartea baita saharauiena, gurea bezalaxe, bertan emakumeeen rola beste zenbaitetan baino duinagoa izan arren. Baina, bakoitza bere testuinguruan, batak bestearen berri izan gabe eta 1.500 kilometroko hesi batek banatuta, rol horiek apurtzeko erabaki berbera hartu zuten behinola. Erabaki horrek baldintzatu du euren bizimodua azken urteotan eta, azkenik, hemen bildu ditu biak, Europan.

Aminetu eta Maima. Biak zarete zuen herriarentzako adibide eta eredu. Ongi etorri Euskal Herrira, zuen etxera.

One thought on “Aminetu eta Maima gure artean

  1. Pingback: sarean.com » Saharauien erbestetik blogeatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude