2000ko irailak 13, Asteazkena | UNInet |

Open source, sareko estiloa

Software librea izugarri garatu da sareari esker, bertako arlo askotara zabalduz

Derrigorrez sarean jaio behar zuen Open Source mugimenduak, izan ere, sareko mentalitatetik abiatu da hasieratik. Jada, lan egiteko modua ezezik, mundua ulertzeko modua dela bihurtu dela esan daiteke. Linux sistema eragilearekin hasi eta ostean sarearekin zerikusia duten arlo askotxotara hedatu da eraikuntza partehartzailearen kontzeptua, edozein produktu egiteko.

Ikasle batek, Linus Torvalds-ek, 1991n Helsinkin ikasle zebilela sortu zuen Linuxen lehendabiziko bertsioa, 23 urte baino ez zituenean. Funtsean UNIXen oinarritutako sistema izan zen, edo haren antzekoa, baina Torvaldek sarean ipini zuen, debalde eskuragarri. Bere nahia doako sistema bat sortzea zen eta, haren kodeak sarean jarrita, beste informatikarien aportazioekin sistemarik onena garatzea. Sarean jarriz gero, izugarri azkar hedatu eta hobetu da Linux, pinguinoa ikurtzat duen sistema askea. Egun, Palo Altoko (Kalifornia) enpresa bateko buru den Torvalds-ek esan berri duenez, "sekula ez nuen imaginatu horrenbesterako arrakasta izango zuenik".

Baina Linux-en aplikatzen hasi zen printzipio hau ez da bakarrik sistema eragile horretara mugatzen, sareko hainbat baliabidetara ere hedatu baita. Esaterako, Aurki bilatzaile euskaldunaren azpian dagoen Open Directory Project (ODP) kode irekiaren beste adibide bat dugu. ODP mundu osorako bilatzailea da, webguneak hizkuntzaren, kokagunearen eta gaiaren arabera azpidirektorioetan sailkatzen duena. Baina Yahoo eta antzeko egitura duten bilatzaileen aldean, guztiz irekia da, internautek editore gisa esku har dezakete. Bere borondatez esku hartzea erabakitzen duenak editore gisa aritzeko arlo bat aukera dezake eta horixe egin zuten Eibar.org elkarteko kideek Aurki sortzeko.

Edozein internauta euskaldunek esku har dezake bilatzailean, euskarazko atalaren azpiatal bat editatzeko erantzukizuna hartuz. Berak gehitutako erreferentziak, Aurkin ezezik ODPren mundu osoko direktorioan agertuko dira. Hala, Aurkin bilaketak euskararen eremuan soilik edo ODPren direktorio osoan egitea aukera dezakegun moduan, gauza bera egin dezakete ODPren gainean eraikita dagoen Aldar.net atari arabiarreko bisitariek. Euskarazko atalerako editore gehiago biltzeko deia egina dute aspaldi Aurkikoek. Urte hasieran 13 editore zituen Aurkik eta bertan 2.200 euskal lotura zeuden. Halabaina, Aurkiko eibarnautek egin duten ekarpen nagusia OPDren interfazea euskaratzea izan da. Horretan ari dira oraindik lanean, baina behintzat orrialde nagusien itzulpena egina dago jada.

Eraikuntza kolektiboa
Kode irekiaren kontu honek oso harreman estuak ditu sare horizontal eta librea galdatzen duten kolektiboen jarrerarekin. Hala, ez da harritzekoa abian jarri berria den Agencia en Construccion Permanente (ACP) albiste agentziaren antolaketa Linuxen oinarritutako Squisdot sistemaren bidez antolatu izana. Ikuspegi anarkistako hainbat kolektibok elkarren artean abian jarri duten Sindominio.net webgunearen baitan dago ACP. Agentzia bera hierarkia bako ikuspegi partehartzaile horretatik osatzen da eta bertan kolektibo eta internauta bakoitza editore bihurtzen da, albisteak eta iruzkinak bidaliz. Ekarpenek webgunea automatikoki osatzen dute.

Squishdot
softwarea bezala, webguneen eguneratzea automatizatzeko balio duen Zope programa ere Open Source da, erabiltzaileek zuzenean programa hauetan hobekuntzak egin ditzakete berauek hobetzeko eta bertsio berriak beste erabiltzaileen eskuetan uzteko. Beste adibide bat dugu MP3 artxiboak stream moduan emititzeko erabiltzen den Icecast teknologia. ReaPlayer eta beste programa askoren bidez entzun daitezkeen zuzeneko emanaldiak igortzeko zerbitzari hau instalatzea doan da, Shoutcast zerbitzariak ez bezala. Kode irekiko beste aplikazio mordo bat ere badira eta mundu honi buruzko albisteak gaztelaniaz topa ditzakegu Barrapunto aldizkarian.

www.aurki.com
www.euskal-linux.org
acp.sindominio.net
www.icecast.org
www.squishdot.org
www.zope.org
www.barrapunto.com

Laburrak


Gutxituentzat
Elbarri edo gutxitu fisiko gehienentzat sarea eta telelana ezin egokiagoak direla frogatu du Ayudale a Caminar fundazioak Gasteizen gutxituentzako telelan zentroa zabalduz. Bertan Interneteko edizioan egindako lanaren emaitza dugu La Ciudad de la Pintura webgunea. Bertan, hainbat margolariren lanak ikus ditzakegu eta bilaketak egiteko tresna indartsu bat erabil dezakegu, lanak egilearen eta estiloaren arabera kausitzeko. Gutxituen lana irudiok biltzea eta berauek osatzen duten datu basea betetzea da eta oraindik lana hasi baino ez dute egin. Vital Kutxa fundazioaren babesarekin jarri dute abian lantoki honetan zazpi langile ari dira lanean baina urte bukaerarako 20 izatea espero dute arduradunek. Hori bai, webgunea Cervantesen hizkuntzan dago goitik behera.

Ciudad de la Pintura
pintura.aut.org


Kultura lehiaketa
Euskarazko lehiaketa jarri du online Eusko Ikaskuntzak, Euskonews webgunearen bidez. Irudi baten laguntzaz Euskal Herriari buruzko galdera bat aurkeztuko digute eta berau asmatuz gero, CD baten zozketan sartuko gara.

Euskonews
www.euskonews.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner