Hor joan dira Borja Portuondo eta Unai Jauregibeitia, Seat Marbella zaharberrituan, Mongoliarako bidean. Muxutruk taldea osatu dute bizkaitarrek eta Mongol Rally ospetsuan parte hartzen ari dira, bilbo-mongolia da euren bloga. Larunbatean abiatu ziren Madrildik, Ulan Bator dute jomuga eta dagoeneko Turkian daude. Arazo mekanikoren bat izan dute Marbella zaharrarekin eta Istanbulen bi egun eman dituzte geldituta, online jarraipena egiteko instalatuta duten gailuak salatzen duenez.
Mongol Rally hau ez da Dakar pijoaren moduan auto indartsu eta modernoen lasterketa, esango nuke lehenengoa heltzea ere ez dela garrantzitsuena, erronka, bidea eta bidaia bera baino. Rally xaloa da, helburu benefikoekin sortua, auto zahar eta bitxiekin egiten dena. Arau nagusia 1.000 cc baino gehiagoko kotxea ez izatea da eta, hortaz, auto gehienak zaharrak dira: 2CV, Seat, Renault zaharrak… Auto bitxiak ere badira bidean, aurten gainean Londresko telefono kabina daramana kasu… Aquellos chalados en sus locos cacharros gogoratzen dit honek guztiak.
Lehengusua dut Unai eta badakit zer nolako ilusioa jarri duen proiektu honetan: autoa aurkitu, prestatu, babesle batzuk lortu… Argazkiak bidaltzen ari da egunotan, ahal dutenean, ziber bat topatzen dutenean… Aurretik Iran, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazakhstan eta Errusia iragango dituzte, Mongoliara iritsi orduko. Borja zeinUnai, biak telebista kamaralariak dira eta pentsatzen dut erreportaiaren bat osatuko dutela bidean ikusitakoekin, ikusiko ahal dugu!
A, Muxutruk taldea eta beste batzuk nondik dabiltzan jakin nahi izanez gero, helbide honetan sar zaitezkete, erabiltzailea mongolrally08 eta gakoa Mongol08 sartuta.