Agur, Ronnie Drew

By | 2008/08/19

Ronnie DrewAste Nagusiko zurrunbiloan sartuta, desorduetan aurkitu dut egunotan gmail kontsultatzeko aukera. Atzokoan Dublinetik Kate lagunak bidalitako mezuak Ronnie Drew handiaren heriotzaren berri eman zidan. Ostiralean zendu zen, 73 urterekin, gaitzaren kontrako borroka luze baten ondoren. Irlandan sobera ezaguna, Dubliners talde mitikoaren sortzailea izan zen Ronnie, kanta ezagun askoren egilea eta egun munduan zabalduta dagoen Irlandari buruzko irudi asoziazio multzo horren bultzagile nagusietakoa, pub-etako musikari dagokionez behintzat. Onartu behar dut nik 80etan eta The Pogues-en eskutik ezagutu nuela Ronnieren musika, baina gerora konturatu nintzen antzeko punkie (zaharrago) batzuk bazirela dublindarrak eta nik estimatzen nituen zenbait kanturen benetako egileak.

Duela sei urte bera eta bere emazte Deirdre ezagutzeko zortea izan nuen, baita eurentzako txofer lana egiteko ere. Josu Zabalak Otxandioko Korostondon antolatu zuen afari gogoangarria eta bertan izan ziren Antonio Breschi eta Jose Angel Irigaray, baita Josuren koadrilla musikala ere. Breschiren bidezko kontaktu horietatik etorri zen geroago Ronnieren parte hartzea Irigarayren Zeharbidetan diskoan. Argazki batzuk egiteko aukera izan nuen, baita pasarteren bat grabatzeko ere.

Sorpresarik handiena hartu nuen orduan, Ronnie gaztelaniaz ederto moldatzen zela ikustean eta berak, Andaluziako azentudun erdara garbian azaldu zigun 18 urterekin ingeles ikasle ibili zela Sevillan eta bertan ikasi zuela gaztelania… Hori bai, “sin libroh ni ná, en loh bare hablando con la gente”. Otxandiora etorri zelarik edana aparte utzia zuen Ronniek, baina geroago tabakoak pasatu zion fakturarik potoloena: iaz, Ronnie gaisoa zaintzen ari zela, ustekabean Deirdre jo zuen samako gaitzak eta berehala zulora eraman. Haren bidetik joan da Ronnie ere urtebete geroago.

Dagoen lekuan dagoela, parranda ederra egiten ibiliko da Ronnie, seguru, hainbeste urte edan barik eman ostean… Orain, Bilboko zortzi eguneko kaos, alkohol eta parranda giroan murgilduta gaudela, burura etortzen zaidan Ronnieren lehen doinua Seven drunken nights da, zein bestela?

Eta amaitzeko, Katek atzokoan bidalitako filmotekako harribitxi bat, blog interesgarri honetan aurkitua: Eurek ospetsu bilakatutako O’Donoghues pub-aren izena, bizardunak, alkohola, neskak… eta gazta moztu zezakeen Ronnieren ahots paregabea. 1965an filmatua, kontakizuna eta guzti duen baina sekula montatua edo argitaratua izan ez zen film laburra. On egin/Slàinte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude