10 urte EGIN genuela

By | 2008/07/16

Eta bat-batean bera gabe gelditu ginen. Hamar urte igaro dira egun hartatik eta egunotan EGIN zein Egin Irratiaren itxieraren inguruko hainbat aipamen irakurri ahal izan ditut (gehienbat bertoko) komunikabide zenbaitetan. Hala ere, aferak sarean izan zuen oihartzunaz eta sareak emandako erantzunaz ezer gutxi idatzi da orain arte atera diren EGINen itxieraren gaineko kontakizunetan.

Hamar urte dira berriak gosaria mingostu zigun egun hartatik. Bagenbiltzan batzuk Interneten bazterrak nahasten, orain gauden euskaldun koadrilla koxkorra baino, danborrik gabeko lau katu baginen ere. Telefonoak jo zuen etxean, Xabier laguna Andoaindik: “hemen dauzkagu Eginekoak aterpetuta, beste egunkari bat atera nahi dute eta ea Interneten zerbait egin daitekeen”.

Aurrekaririk ez zegoen gurean, baina gogoratu nuen Holandako lagun batzuk zentsuratutako argitalpenei babesa ematen zien contrast.org izeneko zerbitzarian zebiltzala. Arratsalderako ostatua lortua zegoen, baina testuak ez ziren biharamun goizerarte iritsi. Ostegun arratsalderako oinarrizko edizio bat eginda zegoen: aurkibide txiki bat azaleko argazkiarekin eta testuak banaka zerbitzarira igota: “Egin egingo dugu”. Sarean berehala hasi zen hedatzen contrast.org/egin helbidea, baita euskalherria.net-en ezarritako ispilua ere. Hurrengo egunetan milaka bisita jaso zituzten bi helbideok, jendea informazio gose zen, ahotsik gabekoen ahotsa entzun nahi zuten berriro.

Mac Performa motel hartan, HTML orrialdeak banaka Netscape 3.0 gold haren editore xinplearekin editatzen, Quark-etik copy-paste egiten, testuak txukuntzen, modem-a sutan… Hainbat egun joan ziren horrela. Hurrengo astean elkartasun telematikoa hobeto antolatu zen eta Eusneteko lagun batzuek hartu zuten edizioaren lekukoa, euren trebezia informatikoari esker hainbat gauza hobetuz.

Ordura arte Eginek ez zuen webgunerik ukan, hurrik eman ere ez. Are, sarearekiko EGINekoen jarrera ikusita, barre galantak egin zituen hainbatek Salutregi jauna “ETArekin Internet bidez komunikatzen zela” irakurtzean. Baina orduantxe konturatu zen hainbat lagun sarearen garrantziaz, gure territorio libre bakarra… Enpin. Hainbat herritan agerkariaren fotokopiak egin ziren moduan, munduko hainbat bazterretan Euskadi Información webgunekoak inprimatu, fotokopiatu eta banatu egin zituzten. EGIN ez bezala, Alemaniatik, Argentinatik edo Jaenetik irakurri ahal izan zuten interes handiz hainbat lagunek eta hori islatu zen e-posta mezuetan zein sareko newsgroups eztabaidaguneetan. Sarean saltsa polita sortu zela gogoan dut, banaketa faltagatik edo beldurragatik sekula EGIN bat esku artean eduki gabeko lagun askok estreinakoz beste bertsioa eskuratu baitzuten etxeko edo lantokiko pantailan.

P.D. Hala ere, Interneten entzundako lehenengo euskal irratia Egin Irratia bera izan zen, itxiera baino lehen Euskal Herria Journal-en (EHJ) webgunean egunero albistegiko titularrak eskegitzen baitziren realaudio formatoan.

2 thoughts on “10 urte EGIN genuela

  1. MiKeL

    Bart irakurri nizun eta irripar txikia atera zitzaidan eta ileak kizkurtu.

    Zenbat aldiz entzuna izango ote dudan Quark-etik eskuz kopy-pasteak egiten ibili ziñatela, estilo guztiak txukun jartzen, egunero egunero…

    Ez dut oroitzen garai haitan gunea nolakoa izan zen, baino egindako lanak pena merezi izan zuela badakit!

    Aupa zuek!

    Reply
  2. Jabi Zabala Post author

    Guneak desagertuta daude gaur egun, baina saiatuko naiz artxiboak lokalizatzen, ea hortik gordeta dauzkadan, nonbait eskegitzeko.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.