Wifi bidezko IP telefonoa probatzen

By | 2008/05/26

TC300Etxean neukan wi-fi telefonoa eta ni konturatu gabe… Duela urte eta erdi etxerako ya.com-en ADSLa kontratatu nuenean TC-300 telefonoa oparitu zidaten. Eskertzekoa zen mugikor librea oparitzea, GSM terminal moduan nahiko ezaugarri xaloak dituen arren. Baina telefono mugikor arrunta ezezik, etxean gaudela bertako telefono finkoaren terminal inalambrico moduan funtzionatzen duen telefono duala zela zioen publizitateak. Hala ere, ez dut orain arte haren beharrik izan eta armairuan gordeta eduki dut.

Baina lehengoan jakin nuen wifi telefonoa ere badela, (etxean gaudela, finkoarekin lotura egiten duen oinarriarekiko komunikazioa wi-fi bidez egiten du) eta hainbat lagunek edozein wifi sarbidera konektatuta IP telefonia zerbitzuak baliatzeko konfiguratu dutela, IP ahotseko zerbitzuek darabilten SIP protokolorako bateragarria baita. Telefonoa aurkeztu eta Carpo zerbitzuarekin nola konfiguratu erakusten duen bideoa ere badago baina nik, beste askok bezala, voipbuster ezagunarekin erabiltzeko konfiguratu dut, bertan doako kontua (60 minutu doan) sortu ostean… Eta funtzionatzen du!

Edonon gaudela, wifi sare ireki bat atzeman eta munduko hainbat lekutara doan deitzeko aukera ematen du telefonoak voipbuster zerbitzuaren bidez, eta probatzeko etxera deitu dut. Atzerapen pixkatekin entzuten da baina kalitatea nahiko onargarria da. Atzerrian maiz ibiltzen denarentzat edo atzerrira askotan deitzen duenarentzat ikusten ditut egoki SIP phone edo siphone hauek, edozein wifi irekira konektatu eta orduak eman ditzakegu Australiako lehengusuarekin edo etxean geratu direnekin berbetan. Hala ere, nire kasuan ez diot erabilgarritasun handirik ikusten, ez baitut askotan atzerrira deitzen eta Espainiako finkoetara deitzeko badaukat etxeko telefono arruntean tarifa laua. Uste dut simyo txartel horietako bat erosi, telefono honetan ipini (SIM txartelik gabe ez dabil) eta merkeago daukadanean deiak egiteko utziko dudala. Hori bai, kanpora joaten naizenean nirekin eramango dut.

One thought on “Wifi bidezko IP telefonoa probatzen

  1. newton

    VoipBuster oso ongi dago Erasmusean dauden lagunekin hitz egiteko esate baterako; nik behintzat horrela ezagutu nuen 🙂

    Hori bai inoiz ez nuen pentsatu telefonoarena egitearena 🙂

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude