Azkenik badirudi eeePC famatua helduko dela gurera, Taiwanen atera eta zazpi hilabetera, CanalPCn hilaren 26tik aurrera hasiko baitira saltzen 284 euroren truke. Joxe teknopataren blogean irakurri nuen Espainiatik datorren notizia. Iragarpenek asmatu dute eta, EEE PC ordenagailu nano merkearen arrakastak bultzatuta hasi dira han-hemenka horren moduko ordenagailu merke, txiki eta eramangarriak. Azkena, Airis enpresa espainiarrak iragarri duen Kira txikia dugu eta EEE PCri gurera heltzea kostatzen ari zaiona ikusita, badirudi Espainiako merkatuan arrakasta handiz sartuko dela Kira txikia. Berez, aurretik Norhtec enpresak iragarritako Gecko-ren berdina dirudi eta ez ei da Gaztelako enpresak egina, hura bezala Quanta taiwandarrak egin omen ditu Kirak (OLPC proiektuko 100 euroko ordenagailua egin duen bera da Quanta). Hala ere, gurean AEBetan Geckoa baino arinago aterako dela dirudi.
Lau kolore eta lau konfigurazio ezberdinetan aurki daiteke Airisen Kira hau. Merkeena 300 euroan saltzen da, baina osatuena (40 GBko diskoarekin, GB bateko memoriarekin) soilik 49 euro gehiago kostatuko zaigu. Gainera, Telefonicarekin egindako tratu baten ondorioz 200 euro merkeago eskura dezakegu urtebetez DUO famatua kontratatuz gero. The Phone Housen ere saltzen dute eta bertan Jazztelen ADSL+TV kontratua eginez gero 89 euro kostatuko zaigu.
Gainerakoan, EEE famatuaren antzekoa da, 7”ko pantaila eta kilo bateko pisua, baina prozesagailua Intel barik Via C7 du. Sistema eragilea ere Linux du aurrez instalatuta, nahi izanez gero eta 50 euro gehiago ordainduta Windows XP ere ekar dezakeen arren. Aurreinstalatutako Linux distribuzioa Linpus Linux 9.4 Lite da, propio horrelako makinetarako sortutakoa eta, Asusenak bezala, nabigatzeko zein bulego lanetarako beharrezkoak diren aplikazio guztiak dakartza, baita multimedia programak eta jokoak ere. Airisen webgunean eskura ditzakegu makina interesgarri honen gidaliburuak eta driverrak eta beronen gainean propio sortu da bideoak eta azalpen gehiago dakartzan webgunea.