Simyo probatzen…

By | 2008/05/31

simyo iragarkiaTelefono konpainia birtual low cost berrien zurrunbiloan (Carrefour, Eroski, Diamovil, Yoigo, Pepephone…), duela hilabete batzuk sortu zen oraino tarifarik merkeenak eskaintzen dituen SIMYO. Hegaldi merkeen enpresen gisara, erabat Internetera begira sortu da, bezeroak kudeaketa guztiak webgunearen bidez egin behar baititu. 2.0 baliabideak ere darabiltzate, arduradun batek hainbat konturen berri eman eta iruzkinak erantzuten dituen bloga, youtuben kanala eta Flickr-en argazkiak ere baitituzte. Holandako KPN operatzailea dago haren atzetik eta hainbat herrialdetan dago presente Simyo.

Bere eskaintzari dagokionez, xalotasuna aldarrikatzen dutela nabarmentzen dute, baldintzetan letra txikirik eza eta bezeroa tarifa bihurriekin ez nahastea. Horregatik tarifa bakarra dute: edozein telefonotara eta edozein ordutan 9 zentimo minutuko, txartela zein kontratua eduki, eta kontratua dutenek ez dute inolako gutxieneko kontsumorik egin beharrik. Gainera, promozio moduan sortu zen zenbait Simyo telefonoren artean deiak minutuko zero zentimotan egitea, baina azkenean orokortu egin dute neurria eta jada Simyo telefono guztiek euren arteko deiak (dei bakoitzaren 10. minutura arte) doan dira, soilik ezarpenaren 15 zentimoak ordaindu behar dira.

simyo kontrol panelaNik momentuz Orangen daukat mugikorra eta pozik nago Euskalteletik pasatzeagatik %50 merkeago dauzkadalako nire kontsumo urriak. Horregatik, Simyo probatzeko, aurreordainketa (txartela) bidezko zenbaki berria eskatu dut, lehengo egunean aipatu nuen wifi telefonoan erabiltzeko. Simyok, sinpletasunaz gain, bezeroaren erabateko askatasuna ere aldarrikatzen du, nahi duenean baja eman ahal izatea, eta horregatik ez dizu telefonoa merkeago eskuratzearen truke 18 hilabeteko lotura derrigortzen. Hori bai, oinarrizko Nokia 1650 librea eskaintzen du 50 euroren truke (gastatzeko beste hainbeste saldoan emanez). Duela hiru egun eskatu eta gaur goizean heldu zaizkit mugikorra eta txartela. Deien, kontsumoen eta erantzungailuaren kontrol guztia webgunean sartuta egiten da, kontrol panel honen bidez.

Bestelako promozioak ere egiten dituzte, esaterako, bost euro gehiago lortuko ditu bezero berri batek jada bezeroa den batek gonbidatzen badu. Beraz, Simyon alta eman eta bost euro horiek eskuratu nahi badituzue klikatu hemen eta niri ere beste bost sartuko omen didate txartelean.

Dena dela, badakigu nolakoak diren telefono konpainiak zerbait ondo ez dabilenean… Horretan denak berdintsuak dira eta Simyoren inguruan hainbat kexu irakurri ditut, batez ere telefono bidezko arretari dagozkionak portabilitateekin arazoak sortu direnean (horregatik ez naiz ausartu amari, azkenik Euskaltel uztea erabaki duen unean, denda fisikorik ez duen konpainia bat gomendatzen eta Orangera joan da azkenean). Hala ere, une honetan eskaintzarik interesgarriena dirudi Simyorena eta iritzi positibo ugari ere irakurtzen dira. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen eta nire esperientziaren berri emango dizuet hemen. Kontatuko didazue zeuek ere… Bitartean hiru bideorekin uzten zaituztet, lehena telebistako iragarki konbentzionala da; bigarrena, hasierako kanpainia egiteko gastu erridikulua egin dutela aitortu duen marketing zuzendariak berak Youtuberako egindakoa; hirugarrena Movistar-en iragarkiaren parodia egiten duelako kentzera behartu zuten iragarkia.

2 thoughts on “Simyo probatzen…

  1. Josu

    Ondo dago simyo internetera sartzeko ere, 3G tarifa merkea dauka, euro bat egunero kostatzen da konektazen bazara eta ez da zerbitzua aparte kontratatu behar.

    Reply
  2. Txema

    Euro baten truke, 0,99 € zehazki, 100 MG arteko trafiko sor dezakezu. Horretan bai igotzeko bai jaisteko trafikoa barne dago.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.