Salaketa: ondare naturala eta historikoa suntsitzen ari da Diputazioa Uribe Kostan

By | 2006/06/01

burnizko-garrikoa-bunkerraBenetan haserretu nauen triskantza ikusi dut lehengo asteburuan Larrabasterran. Gerrako Burnizko Gerrikoaren ametrailadora habiak eta bunkerrak suntsitzen ibili dira egunotan, gure ondare historikoa suntsitzen. Epaitegian salaketa jartzeko moduko suntsiketa. Mendi bat OSORIK jan dute makinek, malda osoa, tontorreraino. Triskantza ekologikora ohituta gaude azkenaldion, agintariek tarteka ekologista mozorroa janzten duten arren.

Kontua da aurrerabidearen izenean saldu diguten autobia eraikitzen ari direla Uribe Kostan, Diputazioak eta gure agintariek euren planifikazioekin (PTP) eta pelotazo inmobiliarioak eragindako fenomeno bati (trafikoa) erantzuna eman nahi dion egitura erraldoia. Uribe Kostako korridoreak lur sail asko suntsitu ditu dagoeneko, eta oraindik suntsitzeko gelditzen zaiena ez da gutxi.

Larrabasterran, korridoreak Munarrikolandatik datorren mendiaren magala ebaki behar zuela erabaki zuten diputazioko agintariek. Bertan, Larrabasterra eta Berango banatzen dituen ataka naturala babesteko, bunkerra eta ametrailadora habia eraiki zituzten 1937ko udaberrian, duela 69 urte. Bilboren defentsarako Euzko Jaurlaritzak planifikatu eta herritarrek eraikitako Burnizko Gerrikoaren azken muturra zen. Puntan habi txikia; gorago eta barrurago bunker handiagoa, Larrabasterrako tren geltokia gobernatzen. Urte hauetan guztietan, irek erdi estalita eta bidezidor arten sarbide gaitza edukita, oso ondo kontserbatu dira bata zein bestea. Baina aurrerabidea etorri da eta ez dio erreparatu hormigoizko eraikuntza zaharrari, gure probintziako agintariek ez dute kontutan hartu gure ondarearen parte denik. Inpunitate osoz eraitsi dituzte.

Burnizko Garrikoa

Duela sei hilabete atera nuen goiko argazki hau, ametrailadora habia txikia suntsitu zutenean. Orduan, haserre nengoen arren, pentsatu nuen “gaitzerdi, maldan gorago dagoen bunkerra ez dute ikutu”. Iragan asteburuan, ordea, nire harridurarako, mendia erabat urratuta ikusi nuen, malda osoa tontorreraino. Eta bunkerra? Erabat suntsitu dute. Orrazi erraldoia pasatu balute legez utzi dute malda osoa, askoz beherago pasako den errepidea egiteko. Ederto gabiltza. Eta bitartean, “gure eskualdearen ondare historikoa” goiburuko hitzaldiak antolatzen dizkigute… Martxa honetan, aurki, bost minutuko hitzaldi baterako ere ez dute izango, geratuko den ondarearekin.

Oroimen historikoa ezabatu nahi dutenen, aurrera begiratu behar dela diotenen (PP-UPN) rolean ikusten dut hemen PNV… Iruñeko Gaztelu Plaza datorkit burura, eta galdera bat: nora jo dezakegu herritarrok babes bila horrelako triskantza bat ikusten dugunean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude