Su-etenaren eta Aste Santuaren kalte kolateralak

By | 2006/04/17

KKK BilbonTregua edo su-etena dugu, ETAk duela hogei egun aldarrikatua. Eta lehenengo ondorioa espainiarren inbasioa izan da. Bai, bakerako deia egin eta Espainiako tropa zibilek euren martxa berdea egin dute gurera. Lehen, basko biolentoen mamuarekin etortzeko adorerik ez zuten espainiarrak izan dira, Bilboko mapamundiak eskuan, hau kolonizatzera etorri diren lehenengoak. Esaterako, lehengoan Cayetana G.C. izeneko aktore mesetarioarekin egin nuen topo, basko maltzurrez sekulakoak esandakoa bera, zazpi kaleetako taberna batean. Onartu behar dut amorru pixkat ematen didala hainbeste espainiar lehen ez eta orain bai ikustea. Baina noski, orain basko jatorrak gara, Nikok zioen moduan Euskadi jator, goxo eta puta huntan.. Y que bien se come, y los pinchos, y que bonito…
Egia esan, ez nau oraindik gogaitu hainbeste laguni tabernak eta pintxoak (euskal sukaldaritzaren adierazpen gorena orain pintxoak ei dira) nondik diren esan behar izateak. Bai ordea Bilboko ditxosozko Aste Santuak. Gauza funebreagorik!

Inbasioarena aparte utzita, egunotan Lanzarotera, Castrora edo Saloura alde egin ez dugunok aldaketa bitxia sumatu ohi dugu Bilboko kaleetan. Aspaldiko asteotan abisatzen ari ziren Jerikoko tronpetak, nazarenoen entseguak, alegia. Aste Santuan Ku-klux klanen itxura iluneko morroi piloa, danbor eta tronpetak musika horrendoa jotzen, batzuetan corridetako bandarena ematen duena, besteetan koarteleroa erabat, martxa erritmo militarrak bezalaxe. Tristea eta iluna da horko giroa eta euskaldun gehienoi arrotza egiten zaigu.

Aste Santua BermeonIhes egiteko alde egin nuen botxotik ostiralean, nora eta Bakiora. Jendez gainezka hau ere. Bermeorantz abiatu ginen orduan, lagun bati bisita egiteko. Gaztelugatxetik pasa eta zer zen hura! Noski, turismo gida guztietan dator espainiarren bihotzeko presentadora ezkondu zen lekua.

Bermeora heldu eta bertan ere, bariku santue zanez gero, prozesinue. Hemen turista bakarrak gu. Saetarik ez, eskerrak, baina Bilbokoa bezain tristea ere bazen. Edo are gehiago, seguruenik. Herritar sinistunek hartzen dute parte segizioan, baina gazterik ez inguruan. Bataz besteko adina: 70 urte.

Buelta Bilbora eta sorpresa: ez nuen lehenago pentsatu Aste Santu betean Bilbon aparkatzeko tokia topa ezinik ibiliko nintzenik. Lehengo normaltasunarekin ez zen horrelakorik gertatzen! Hurrengo Aste Santuan, ahal badut, Espainiara noa, Conil edo Noja inbaditzera, ea grazia egiten dien 😉

4 thoughts on “Su-etenaren eta Aste Santuaren kalte kolateralak

  1. patxi lurra

    *”Tristea eta iluna da horko giroa”.*

    Zeuk esan dozu, tristea eta iluna. Eta parte hartzeari jagokonez, eskax-eskaxa. Inbasino txikia horren aldetik, beraz, hamen prozesinoek ez deukielako hainbeste arrakastarik.

    Halandabe, gogoa deukot urteren batean San Frantziskokoa ikustea. Xelebrea izan behar da…

    Reply
  2. Premine

    Emm, ba espainar turistena hasiera besterik ez dela susmatzen dot. Gasteiz inguruetan ia itogarria izan da, alde zaharrean katalanez, andaluzieraz, galegoz, espanoinez entzun dira solasaldiak (lortu dute arrotz sentitaraztea gure tabernetan). Hori bai gure gobernari turistazaleak babati.

    Reply
  3. xare

    jejejeje…ba gipuzkoar kostaldekoa…ohituak gaude kataluniar eta madrildarrak ikusten, baina aste Santu hontan erruz igarri da bai, zer izango ote da abuztua….ostalariak abasto eman ezinik ibili dira eta gu aparkatu ezinik, eta gure kale zein tabernetan turista sentituz!

    Reply
  4. Pingback: sarean.com » Aste Santuan ez da giro

Utzi erantzuna patxi lurra(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude