Sarritan izan ohi da EITB euskaltzaleon hizpide, ETB1en programazio pobreagatik gehiegitan, beste hainbat konturengatik ere sarri. Berak autobonbo iragarkiak besterik egiten ez duen bitartean kritika asko egiten zaizkio prentsan, blogetan… Baina ez da elkarrizketarik sortzen eta feedback-a nekez heltzen den irudia nahiko barneratuta daukagu, tamalez. Sarean duen eitb24.com-ek ere jaso du kritikarik azkenaldion, dela estatistikak lotsarik gabe puzteagatik edo euskara traketsagatik. Baina nik eitb24 aztertu nahi dut gaurkoan, euskal sarearekin, blogosferarekin dituen-ez dituen harremanak, 2.0 kazetaritzarekin dituen-ez dituen harremanak, betiere asmo eraikitzailearekin (begiratu eraikitzaile hiztegian) baina loturak (links) eraikitzeko asmoarekin.
Lehengo eguneko Patxiren eta Lontzoren arteko eztabaidaren haritik hainbat hausnarketa egin behar dela uste dut eta ez naiz euskaldunon arteko gatazkarako joera naturalaz ari. Uste dut EITBk barneratu beharko lukeela sarean egotea zer den, 2.0 joera eta filosofia ulertuta. Zergatik eskatzen diot hori EITBri, Olentzero edo Zapatero balitz bezala? Bada, EITB ez delako Urliaren edo Berendiaren web partikularra, erakunde publiko batek diru publikoz ordaindua, zerbitzu publikoa izan nahi duen eta izan behar duen komunikazio talde publikoa baino. Res publica denez gero, denon ardura delako eskatzen diot hobetzea, nik hobea nahi dudalako.
Aurkeztu zuten egunetik susmati begiratu diot eitb24ri, erabat hedabide tradizionalen ikuspegiarekin sareratzen zela sumatu bainion orduan. Albisteak biltzeko, hedabideen iturri tradizionaletatik (agentzietatik eta prentsa oharretatik) soilik edaten duela egiaztatu nuen geroago, blogosferan adibide moduan jarri nuen gaia (Kike Turmix-en heriotza) askoz gehiago eta hobeto jorratzen zuten bitartean. Norberak e-postaz bidalitako informazioak ere nekez ageriko dira eitb24n (hainbatetan saiatu naiz, ez pentsa). Feedback eta elikadura anitzaren faltak ez dute komunikabide bizi eta sendoa egiten. Kontuz! Ez da hori eitbren kontua bakarrik. Bertoko beste hedabide tradizionaletan ere somatzen da Papera-digitala dikotomia eta sarearen ezagutza falta erabat adierazgarria Interneteko gaien aukeraketan eta tratamenduan. Bertsio digitala edukitzeak arazoa konpontzen duelakoan…
Luistxok papera-digitala hartan Berriari buruz zioenez, “ez duzu ikusiko informazio orokorreko albisterik euskal blogen ingurukorik edo euskarazko blogetan sorburua duenik (ezta orohar, Interneten inguruko ezer: Kultura Sailak konbokatoria estandar baten bidez web baten bidez berri ematen badu, bai, orduan irteten da). Ez WordPress euskaratu dela, ez komunitate bat han edo hemen bizi-bizi dabilela, ez Foru Aldundiak adarra jotzen diela blogista euskaldunei… Txinako blogarien gorabeherak, berriz, albiste dira”.
Izan ere, sarean ez daude gure hedabideak. Sareko Argia salbuespena da, baina Gara, Berria, Deia, EITB… ez dira elikatzen egun euskarazko talde editorialik handiena den baina informazioa doan eskaintzen duen euskal blogosferatik (ezta erdarazko blogosfera baskotik ere, noski) eta ez dute loturarik eskaintzen euskal sareko beste guneetara. Hori oso adierazgarria da. Adibidez, Googlen Sustatuk eitb24 zenbat aldiz aipatu duen begiratzen badugu 22 aipamen agertuko zaizkigu; alderantziz eginez gero 0 aipamen aurkituko ditu. Ez da erabat zientifikoa baina bai adierazgarria. Ikerketarekin jarraituz, bila ezazue blogak hitza eitb24n… Voilá! Ondo identifikatutako salbuespena agertuko zaizue: zabaldu.com aipatzen duen albistea! Hobe berandu ezen ez… Ezin esan emaitza positiborik ez zuenik izan lehengo egunekoak e? Gainerakoan, bada, blogak 2.0ren prebioa, Web 2.0 aplikazioari (sic) buruzko jardunaldia iragartzen duena, Txinako bitxikeriren bat eta beste askorik ez… A, bai, hara zer daukagun hemen! Hauek ere fusilatu zuten Que Bilbao egunkaritik 500 blogen albiste hura. Ene! Que Bilbao bai dute albiste iturri (jatorriaren aipamenik gabe baina iturri). Inbidiaz begiratuko diogu blogariok Recoletosen doakoari, prentsa serio eta interesgarriaren paradigmari.
Baina ez dezagun gatz gehiago bota zaurian. Osteguneko eztabaidara bueltatuz, proaktiboa izatea eskatzen zion Lontxok Patxiri, berak EITBri sarean ez egotea (harremanik ez edukitzea, loturarik ez eskaintzea, saretik ez elikatzea…) leporatu zionean. Hiztegira jo nuen etxean, proaktiboa zer ote zen… Proaktiboa (of a policy or person or action) controlling a situation by causing something to happen rather than waiting to respond to it after it happens. OK. Fenomenoei edo arazoei aurrea hartzea, gertatu arte itxaron beharrean…
Bada, zentzu horretan eitb24k proaktiboa izateko denbora dexente izan du sarean ezarri zenetik, euskal blogosferarekiko eta web esferarekiko loturak egiteko, bere burua sare horretan txertatzeko. Ordea, bere mainstream media baten web bertsioaren rolean ikusten du bere burua. Ez da batere 2.0 eta ez du bere burua sarearen baitan ikusten, agian ez duelako bere burua sare horretako beste kide bat bezala ikusi nahi. Gehiago maite du hedabide tradizionalaren paradigma, mendiaren puntatik seinalea goitik behera bidaltzen duen antena unidirekzionalarena. Esan beharra dago komunikabide tradizionalen web bertsio gehienek ere ikuspegi bera dutela, ez da horretan EITB salbuespena, baina komunitate txiki baterako izanik seguru errazago izango lukeela bere burua egokitzea, aitzindari izatea.
Dagoeneko ezin dakioke proaktiboa izateko eskatu eitb24ri euskal sarearekiko, orain arte egindakoa, hobe esan, ez egindakoa hor dagoelako. Baina konponbidea jartzea, feedback hau hartzea, onartzea eta joera aldatzea eskatzen diot nik, euskal internautok gure komunitateko kide senti dezagun, gure jarduna, albisteak, eztabaidagaiak, ekarpen berriak isla ditzan. Interneten mugitzen diren eta kriterioa duten irakurle internautek ez dute agentzien refritorik nahi. Mesedez, ez hainbeste EFE edo Europa Press eta gehiago Aurki edo Technorati, teletipo eta fax gutxiago, RSS harpidetza gehiago.
Sarean mugitu beharko du, aktiboa izan, harremanak sortu blogariekin (bai, oinezko internauta horiekin). Baina horretarako bolizko dorretik jaitsi beharko du, antenatik nodora txipa aldatu, bertikaltasunetik horizontaltasunera aldatu, hedabidetik komunikabidera, norabide bakarretik elkarrizketara, sareko bertsio izatetik saretarra eta sarerako izatera.. Telebistako parakaidisten iragarkia polita zen, baina sarean ez dugu parakaidistarik behar, lankideak eta solaskide eskuragarriak baino… Flash animazio ikusgarriak ondo daude (Itoizekoa eta beste asko), baina sareak eskaintzen dituen aukerarik ikusgarrienak 2.0 izatean daude. Galdera da: prest dago eitb24 horretarako ala gurago du eskema zaharkituko beste bat gehiago izaten jarraitu?
Ondo. Esan beharrekoak, esanda.
Mundiala Jabi, mundiala, artikulu hau.
NIre aldetik, animoak EITB24ri, ea bidea ulertu eta alboan ikusten ditugun!
Zer esangotzut ba?
Aspaldian esaten ditugunak, gogoratzen doguzanak… parrafoka idatzi dozuz. Oso txukun, ondo parata.
Artikulu hau sano inportantea izango da, inok benetako kazetaritza egin gura badau XX!. deritzon mende honetan, informazioa eta ezagupenaren gizartean.
Urteak dira, gure komunikabideak botereagaz lerrokatuta dagozela, baina oin da sasoia, egoerari ahal dan neurrian buelta emoteko. Ezta?
web 2.0 jarrera be bada hein handi batean. Edo egokitu edo atzean geratu, nahiz eta diru mordoa euki poltsikoetan.
Euskal Herriak, munduko portuetan erakusteko moduko ontziak izan ditu beti. Marinelak be, ez atzean geratzekoak. Segi nabigatzen orduan.
Arrazoi duzula uste dut, interneteko komunikabideek sareak informazio trukaketarako, irakurle-berriemale harremanetarako eta kontrastaziorako eskeintzen dituen aukerak probestu beharko lituzkete; eta hala egin beharko luke eitb24k ere.
Hala ere, autobomboari dagokionez, azkenaldian blogosferako kideen artean ikuSten ari naizena komunikabide trAdizionalek kutsatutako gaitza ote den beldur naiz.
Zorionak Jabi, arrazoi osoa duzu eta espero dut artikulu mamitxu hau BERRIAn ataratzea osorik, aukera izaqn dezaten euskaldun orok jakitun izateko.
Eskerrik asko bordaberria loreengatik, baina ez dut uste BERRIAn atera beharrik dagoenik, ezta euskaldun orok jakin behar dutenik. Izan ere, uste dut euskaldun gehienek ez luketeela ezer ulertuko 2.0 eta bestea zer den. Nahikoa litzateke irakurri eta ulertu behar duenak irakurtzea.
IdiDeabruri, blogariongan ere autobonboarena ikusten duela dioela eta, zera esango nioke: ezberdintasun handiak direla. Izan ere, blogarion funtzio inportantea bahearena da informazio saturazio eremu honetan eta norbaitek gauza interesgarri bat idazten duenean nabarmentzea. Ezin dugu autobonborik egin, ez dugulako telebistan iragarki bakar bat ere pagatzeko dirurik, ezta asmorik ere. Auto baino batak bestearena egingo dugu batzuetan, baina horixe da blogen ezaugarri interesgarrienetakoa. Diferentzia: guk ohiko hedabideetan agertzen direnak ERE aipatu eta komentatzen ditugu; eurek blogosferakoak ez. Eta zenbat testu idazten dira egunero blogosferan? Mordoa. Zenbat nabarmentzen ditugu? Gutxi batzuk. Besteak nahiko oharkabean pasatzen dira.
Pena bat da euskaldunon artean horrela ibiltzea. Akatsak akats kontua da ika-mika sortzea eta hori da lortzen ari zaretena.
EITB24n akatsak egon badaude, eta Berrian, Garan, Deian… baina errezena kritikatzea denez ba horretan ibiliko gara beti euskaldunok. Kritikak ondo, baina lagungarri izateko.
Normalean es dut eitb24 irakurtzen zeuek aipatu arte (Berria irakurtzen dut eta), eta gramatika asko kontrolatzen ez dugunontzat oso ondo dagoela iruditzen zait.
Akatsak ez dira egon behar, baina nahiago 10 euskal hedabide akatsekin, euskal hedabide bakarra akats gabe.
“Pena bat da euskaldunon artean horrela ibiltzea” diozu. Jesus, zelako tragedia! Akaso penagarria da kritika eraikitzaileak egitea? Penagarria litzateke nire ustez herri honetan dena bikain egiten den ustea dogmatzat hartzea, dena “aurrera doan herria” bat eztabaidaezina izatea. Telebistako iragarkiek ikusleen iruzkinetarako aukera emango balute (etorriko da aukera) oso pozgarria litzateke.
“kontua da ika-mika sortzea eta hori da lortzen ari zaretena”. Zarete? Nik bakarrik idatzi dut testu hau eta ez nabil inolako kanpainia edo horrelakorik egiten. Beste batzuek ere egunotan gaia aipatu badute ere.
Eraso bati erantzuten dabilen pertsona baten hitzak dira zureak eta aztertu beharko zenuke zergatik hartzen duzun, irakurri baduzu behintzat, erasotzat. Nire aldetik ez da inolako erasorik izan. Nik analisi bat egin dut eta saiatu naiz nire konklusioak argudiatzen. Pena da, bai, herri honetan kritika argudiatu baten eta eraso baten artean ezberdintzen ez dakien lagun asko dagoela.
Pena da, era berean, euskaldunon artean beti dagoela besteak baino autoritate handiagoa duena uste duenik (eta besteen iritziak zentsuratzeko ere, ahal izango balu). Baina blogei esker, esaterako, egia ofizialak, bertsio bakarrak eta autobonbo dogmatikoak gezurtatzeko aukera dauka edozein internautak. Telebista ikusle hutsek ez. Eta guri ez digu inork iragarkirik egiten telebistan.
Harrituta, benetan harrituta batzuen hitzak irakurtzean. Jabi Zabala jauna, zentsuratuta sentitzen al zara jon uribarrik zure iritziarekin bat egin ez duelako? Ze demontre diozu orduan zentsuraz? Jakingo bazenu zeintzuen izenak datorzkidan burura halakoak ikusita…
Nik duela bizpahiru egun irakurri nuen goiko artikulua, eta gustuko izan nuen. Gustuko izan nuen ados nengoelako, arrazoia duzula uste nuelako, eta, batez ere, zure idazkia eraikitzailea zelako amua erabat irentsi nuelako. Hala ere, orain ikusitakoa ikusita, susmo txarra dut zure benetako asmoez.
Alde batetik, “autobonbo dogmatikoa” eta “iragarkien” kontua zergatik esan duzun jakin badakidalako, eta horrek pentsarazten bainau ETBrekin beti haserre dagoen horietakoa zarela. Eta tira, bestaldetik, jon uribarrari emandako erantzuna ikusita, zure asmo eraikitzaileak bertan behera geratu baitira. Zure hitzek kritikatu bai, baina zure hitzak kritikatu ez? Barkaidazu, baina harrituta, oso, utzi nau zentsuraren kontua.
Iragarkiena eta autobonboarena argi dago ETBko iragarkiengatik esan dudala, baina ez, horrek ez nau ETBrekin beti haserre dauden horietakoa bihurtzen. Ikusle kritikoa bai. Eta ez naiz zentsuratua sentitzen beste bat nirekin bat ez datorrenean.
Benetan harritu nauena da (agian beste batzuek gogoeta honi eman dioten bonboa izango da) nola puzten eta handitzen diren kontuak hemen. Kritikarik ez da onartzen herri honetan (horretan eskarmentu handiagoa dute musika arloan) eta berehala agertzen zaigu gauzak manikeismoz ulertzeko joera.
Barkatuko didazu, Anartz Zuazo jauna, gaizki ulertu baduzu, kontu biak iruzkin berean aipatu ditudan arren, zentsura aipatu dudanean ez bainintzen Jon uribarriren iruzkinari buruz ari (irakurri berriro iruzkina). Uste dut saiatu naizela uste dudana azaltzen eta ez diot gaiari buelta gehiago eman nahi. Nahi duzun moduan ulertu baina, mesedez, ez bilatu ad hominem kritikarik hemen, ez baitzen nire asmoa.
Hau blog pertsonal, xume baina libre batean 2.0ren ikuspuntua EITB24ren jardunarekin kontrajarriz beronen jarduna kritikoki aztertzeko saiakera bat besterik ez zen eta, benetan, ez nuen espero horren iruzkin sutsuak (denak ere erabat batera edo bestera lerrokatuak) eragingo zituenik. 2.0 asuntua aparte utzi eta interesatzen ez zaizkidan betiko eztabaidagaietara ekarri nahi dute batzuek gaia. Su-etenak eta talanteak gorabehera, Oinatz eta Ganboa bizirik… Agian erreduraren ondorioz atera zait iruzkin haserrea aurrekoa, sentitzen dut ni ere ez bainaiz harrizkoa. Zer egingo diogu?
Tira, ez da ezer gertatzen, seguru aski txarto ulertu nun zure mezua, eta asmo txarra ikusi nuen halakorik ez zegoen erantzunean. Izan ere, Internetek desabantailak ere baditu, eta horien arteko bat da ahotsari tonua ezin jartzea. Askotan gure hitzek haserre edo amorru kutsua dutela dirudite, baina gehienetan ez da hala. Nik ere aitortu behar dut nire aurreko mezua pittin bat “erasokorra” zela. Tira, egia da herri honetan kritikak ez direla onartzen, ea elkar ulertzen hasten garen guztiok.
Lahostia, Jabi, pila bat gustatu zait artikulua. Asko.
Ez dut ulertzen nola ez dudan arinago irakurri (honaino nola heldu naizen ez zenidake sinestuko). Enfin, mea culpa.
Totalmente ados esandakoekin, eta niri dagoidanez etorkizunari begira jarreraren bat aukeratzekotan Garirenarekin bat egingo dut: 24k kontzeptuzko errore eta akats estrategiko larriak ditu, baina iruditzen zait euskal blogosferak badiola zer erakutsi eta irakatsi EiTB entitatearen interneteko manifestazioari.
Zentzu horretan insistentzia eta kalitatea, eta zergatik ez, kamaraderia piska bat 24ren miopiaren gainetik gailenduko direla pentsatzen dut. Hasten eta hazten ari den soporte berri bat da. Denbora behar du.
Nik urtean behin etdo birritan hau bezalako analisiak egitera gonbidatuko zintuzket. Nik irakurriko ditut. Eta zalantzarik gabe haiek ere bai.