Aste santua Bilbon, berriro ere, katarroarekin eta atertu barik euria bota eta bota, sekulako plana. Aurrekoetan bezalaxe, baina ilunago eta turista gutxiagorekin aurtengoan hala ere. Berriz jasan behar izan ditugu bertoko jatortzat aurkezten dizkiguten nazarenoen prozesioak. Batez ere Palankatik igaro eta ustezko puta zahar batek saetak kantatzen dituenekoa saldu nahi digute erakarpen jatortzat. Ez dut telebistan-eta horren jatortasunari buruzko eztabaidarik entzun, xenofobia hitzari beldurragatik akaso, ezta prozesio hauek frankismoak ezarri zituela aipatzen duenik ere ikusi. Seguraski gerra aurretik zerbait egiten zen, bai, baina Bilbon diren segizio eta kofradia gehienak frankismoarekin hasi ziren, hori egia da.
Kofradiak 40ko urteetan sortu ziren eta, Joseba Zulaika antropologoak Bilbao acabado (PDF) saioko bere artikuluan dioenez, 50etan ahalegin berezia egin zuen elizak ardi galduak berriz kontrolatzeko. Frankismo betean, “misiolarien eremua” bihurtu zen Bilbo ordena erlijiosoen pasio misiolariarentzat. “Misioa” predikariak eliztarren pekatari kontzientziak astintzen zituzten garizuma ostean, astebeteko saio espiritual dramatiko batzuen bidez. Sermoi amaitezin eta deprimenteak botaz eta derrigorrezko aitorpen saioetan bekatuak aitorraraziz, zirenak eta ez zirenak. Zulaikak garai beretsuan “Sevillatik ekarrita Bilbon ezarri ziren segizio barrokoak” aipatzen ditu. Hala kontatu dit 84 urteko izeko batek, Bilbon jasangaitza egiten zen giroa egunotan: taberna gehienak itxita, zine guztiak ere, dekretu bidez. Ondo pasatzeko aukerarik gabe, mezak eta errosarioak biderkatu egiten ziren… Ariketa izpiritualak izeneko jarduera ere bazen, pekatu guztiak aitortu eta lelo atzerakoiak errepikatu behar ziren jardunaldi beldurgarriak… Beste garai batean bizi gara, gaitzerdi. Baina eskerrak bazkoa heldu den.