EITB, Internet eta feedback-a

By | 2005/08/24

Komunikabideen erantzukizun sozialaren adar batek kezkatzen nau, sarri, ETBren albistegiak ikusten ditudanean. Erantzukizun soziolinguistikoa esango nioke akaso, hizkuntza gaizki erabiltzeak dakartzan ondorio txarrak handiak baitira hedabide batek duen estatusaren eta ikusle kopuruaren ondorioz. ETBren kasuan, batez ere erdarazko kateko albistegiak entzutean kezkatzen nau hizkuntza kaxkar eta akatsez josiak. Badakit euskarazkoan zuzentzaileak badirela baina erdarazkoan, gaztelania berez denok ongi egiten ei dugunez, horren beharrik somatu ez dutelakoan nago. Baina tira, beste kontu batekin nator, feedback-ari eta sareari lotutakoa.

Uda heltzean hasi ziren ETBko kate bietan hondartzen egoeraren berri ematen. Armintzako hondartzaren izena gaizki ageri zela ikusi nuen, Armintzakale baizioen. Armintza jartzea nahikoa izango zen, baina Armintza ondoko badia txikiaren izena jarri nahi izanez gero Armintzekalde (edo Armintzekoalde) erabili behar da, hori baita toponimo zuzena.

Transkripzio txar baten ondoriozko errakuntza pantailan egunez egun agertzeak ekar lezakeenaz pentsatzen jarrita beldurra ematen du gizartean itzal handia duten hedabideetan akats batek izan dezakeen eraginak. Mezu ideologizatuak ere, errepikapenaren porazuz nola barneratzen diren ikusten badugu… Baina, tira, hain mamurketa sakonak egin barik ere akats arrunt bat nola zabal daitekeen pentsatze hutsak ere ematen du beldurrik. Imaginatzen dut bihar-etziko bainuzalea Armintzakalera doala esaten.

Hasieran akatsa berehala konponduko zutela pentsatu nuen arren, aste batzuk igaro ziren eta oraindik Armintzakale erridikuluak salatzen zuen feedback falta. Baina eskerrak horretarako bidea ematen duten. Eguraldiaren saioan bertan aukera ematen dute, jendeak argazkiak-eta bidaltzeko: eguraldiaABILDUAeitb.com e-posta helbidea. Duela hilabete (uztailaren 15ean) mezua bidaltzea erabaki nuen, akatsaren berri emateko.

Baina geroztik ez dut erantzunik jaso eta mezuak ez du eraginik izan, antza, oraindik Armintzakale hori ageri baita pantailan. Orduan esperimentu hau egitea bururatu zait. Posta elektronikoa ez dute irakurtzen, edo ez diote jaramon handirik egin bederen. Euskarazko blogak irakurtzen dituzte? Datozen egunetan jakingo dugu.

Printzipioz ez dirudi euskal blogosfera irakurtzen dutenik, ez baita euren albistegietan islatzen, ezta Interneteko eitb24.com horretan ere. Jakin nahiko nuke zehazki zeintzuk diren lan ohiturak, zein den albiste originalen kopurua eta nondik ateratzen dituzten. Gai bati buruzko informazioak bilatzean betiko iturri sorta itxia aurkitzen dugu: Europa Press, EFE eta beste. Ondorioz, komunikabide gehienetan gai berberak eta tratamendu berberarekin aurkitzen ditugu, aniztasun faltsua erabat.

Sarea ganoraz erabiliz gero informazio iturri anitzei atarramendu gehiago aterako liekete. Esaterako, Indymedia, Prensa Latina eta beste hainbat iturritako albisteak bilduz, euskal blogosferakoak kasu.

Esaterako, nire bitakora testuak erabiltzeko aukera izango lukete nahi izanez gero, neuk ezarritako Creative Commons lizentziak baimena ematen baitie. Hori bai, iturria aipatu beharko lukete eta hori ez dute inoiz egiten eitb24-en, agentziako informazioetan ere ez. Iritziak ere ez dira sinatzen (ez dakizu nork idatzia den).

Feedbackerako bideak ematen hasi dira komunikabide asko, haietako batzuk konturatu dira irakurleak ere albiste iturri izan daitezkeela eta, beraz, kazetarientzako lagungarriak, komunikazioa demokratizatzeaz gain. Baina batzuen kasuan jakin nahiko nuke noraino hartzen dituzten kontutan eta ez ote den pose teknofiloa hein handian. Radio Euskadin askotan aipatzen dituzte internautek euren eztabaidaguneetan emandako iritziak eta iradokizunak (nahi dutena aipatzen dute, euren irizpideen araberako aukera eginda). Eitb24 webgunean, berriz, zera diote: Bidali deialdiak, berriak, iradokizunak… eitb24ABILDUAeitb.com helbidera. Interesgarri iritzitako informazio batzuk bidali dizkiet dagoeneko baina ez dute egundo ezer argitaratu. Posta irakurtzen dute?

P.D. Hondartzako esperimentua bertan behera. Testu hau duela aste bi prestatu nuen eta bitarte horretan hondartzaren izen zuzena ageri da. Dena dela, beste zerbaitekin egin beharko dugu esperimentua, euskal blogosferak gure komunikabide ofizialetan eraginik duen ikusteko. Proposamenik?

2 thoughts on “EITB, Internet eta feedback-a

  1. Pingback: Prospektiba

  2. ekiñe

    Ni ere nazkatuta nago Iruñako eta horrelakoak irakurtzeaz eitb24.com helbidean… kriston amorrua ematen dit.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.