Kike Turmix

By | 2005/10/20

Kike TurmixAstelehenean zendu zen Kike Turmix eta, Patxiren blogean edo Mikel Lizarralderenean (ongi etorri, Mikel) idatzitakoez gain ez dut hemen beste ezer agertuko haren inguruan. Baina gaur biziki haserretu nau EITB24n irakurri dudan informazioak. Bertan “Movida Madrileña” okaztagarri harekin lotzen dute Kike. Ez dute ezer ulertu eta seguruenik infernutik biraoak botatzen ibiliko da Kike hori irakurritakoan.

Gero konturatu naiz, Google News-en bilatuta, agentzia batetik hartu dutela intoxikazioa, ez baitira mobida horretan sartzen duten bakarrak. Kike punk musikaren bultzatzaileetako bat izan zen ‘Movida madrileña’ deritzonaren azken urteetan. Hori egia da, kronologikoki, baina ezer ulertu ez duten batzuek “Rockaren mobidan” egonik “Madrilgo rockaren mobidatik” igarota “Movida madrileñara” pasarazi dute arazorik gabe eta hori ez da egia. El Mundok, adibidez, Europa Press iturritzat aipatuz, errakuntza errepikatzen du bere testuan eta gehienek errepikatzen dute Kike “símbolo del popular barrio de Malasaña en Madrid” zela, izatekotan Madrilen Bilboko enbaxadorea zenean. El Paisekoak Deva Bizkaian jartzen du baina behintzat berari buruzko bestelako datuak ematen ditu.

Norberarentzat pertsonaia ezezaguna eta gaia arrotza izateak ez du justifikatzen agentzietatik copy-paste egitea, albisteak kontrastatu barik. Infografiak direla eta, ez-dakit-nongo saria eskuratuko zutela eta eskuratu zutela aldez aurretik eta gerora ere kriston autobonboa egiten ibili dira EITBkoak, baina horrek ez du balio handirik informazioa ez bada lantzen, bilatzen edo gutxienez kontrastatzen, are informazioa hemengo kontu baten inguruan denean, Espainiako agentzia baten testua bere horretan kopiatu barik.

A! eta ikusten ari naizenez GARAk ere errepikatzen du asuntua. Hemen ez da libratzen inor copypaste-tik, ezta alternatibo eta abertzaleenak ere. Enpin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude