Duela hiru urte: Egunkaria, Manu-Fermin, Sarean, Prestige, gerra…

By | 2006/03/31

Jai Alai Katumbi ExpressOtsailean bete ziren 3 urte Egunkaria itxi zigutenetik. Nola pasatzen den denbora! New Yorken nengoen orduan eta ezin izan nuen efemeridearen inguruan idatzi. Egun bitxiak izan ziren 2003ko haiek. Otsailaren 20 hartan argitaratu zen Egunkarian nire azken testua. Testu hartantxe Prestige aipatzen nuen, baita gerra ere, etortzear zen inbasioa. Manifestazioak ere aipatzen nituen, horretan iaioak baikara gure manilandia honetan. Agian horregatik itxiko zuten Egunkaria?

Kasualitatez, Jai Alai Katumbi Express izan zen gurean jotzen gau hartan, bezperan bezalaxe, Korrika kulturalak ekarrita. Egunkaria itxi zutela sinistu orduko amorrua, pankartak, kontzentrazioak… Baina kontzertua ez zen bertan behera geratu, gau hartan Egunkaria eta adierazpen askatasuna bihurtu ziren kontzertuaren aldarrikapen nagusiak. Orduantxe atera nuen argazki hau, prentsan hainbat buelta eman zituena. Manu Chaori elkarrizketa egin nion handik hiru egunera Ondarroan.

Geroztik bere webgunean argitaratu zituen Manuk egun horietako argazkietako batzuk. Gure bulegoan ere agertzen gara! Bada berriki Fermin Muguruza bere Basque Fire Department-arekin izan zen Bilboko Kafe Antzokian. Han ere argazki batzuk bota eta Flickr-en argitaratu nituen ondoren. Ferminek haiek hartu eta bere webgunean ere jarri ditu.

Eta hiru urte bete dira egunotan sarean.com hau abian jarri nuenetik. Egunkaria itxi zutela eta, bertan argitaratutako testuak bildu eta gordailu honetan argitaratu nituen. Beraz, euskarazko lehen blog pertsonalaren sorrera Egunkariaren itxierari lotuta dago, dudarik gabe.

Prestigeri dagokionez, badirudi dena ahaztuta daukatela, baita hortik atarramendu politikoa atera nahi izan zuten soziatek ere. Noski, gure kostaldean ere eragin zuela eta bertoko agintarien utzikeria ere inoiz izan zirenik zalantzan jarriko du hainbatek, oroimena hain erraz lausotzen da eta…

Eta gerrari dagokionez, berriz, egunero telebistan daukagu amaitu barik areagotu egin dela Irakeko tragedia, inbasioa hasi zenetik inoizko egoerarik tamalgarrienean daudela bertan. Inbasioaren hirugarren urteurrenean, gerrak jarraitzen duela gogorarazteko manifestazioa izan zen martxoaren 18an Bilbon. Asko jota 1.000 lagun izango ginen bertan, zazpi kaleetako merkealdietan eta gran viako espaloietan baino askoz gutxiago. Tamalgarriena baten batek, manifestazioa ikusita “zer gerra? galdetuko zuela, seguru, denboran eta distantzian oso urrun lehertzen dira bonbak orain…

3 thoughts on “Duela hiru urte: Egunkaria, Manu-Fermin, Sarean, Prestige, gerra…

  1. ana

    Hiru urte dagoeneko? Ba segi horrela! Zuri zor dizut egunero blogetatik bueltaxka bat emateko ohitura, eta askotan probetxuzkoa iruditzen zait, beste batzuetan bidertigarria eta ia inoiz ez denbora galtzea.
    BAian egun hauetan Patxitrapero eta Julen Gabiria galdu ditugu, eta zure artikuluari hasieran kutsu nostalgikoa hartu diodanez, beldurtu egin naiz, zuk ere agur esango zenigula pentsatuta. Pozten naiz alferrik kezkatu naizelako. Beraz, animo eta segi horrela!

    Reply
  2. patxi lurra

    *”Asko jota 1.000 lagun izango ginen bertan, zazpi kaleetako merkealdietan eta gran viako espaloietan baino askoz gutxiago. “*

    Oso ondo erretratauta gelditu da geure gizartea zeure berbazko argazki horretan.

    Reply
  3. Mifune

    Egunkaria-rekin egindakoa benetan lotsagarria (izan) da. Oraindik (eta etorkizunean ere) biziki haserretzen naiz, honi buruzko zeoze irakurtzen dudanean. Hau naska.

    Reply

Utzi erantzuna patxi lurra(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.