2003ko otsailak 20, Osteguna | Irristatzen |

Sarea behatoki

Oihartzun handia izan du egunotan sarean prestatutako eta kalean gauzatutako mobilizazioak. Inoizko handiena leku askotan, mundu mailan inoiz prestatutako lehenengo mobilizazio globala izan zen iragan larunbatekoa. Jakinaren gainean geunden sareak mundu osoko jendeak leku batean elkartzeko duen indarraz, Seattle, Genoa eta Porto Alegre kasu. Baina ez aldi berean eta munduko bazter guztietan lortzeko ahalmena zuenik. Arrakasta horren eragile izan da, neurri handian, Indymedia komunikabide global-lokal horizontal eta irekia. Haren euskal adarrean, beste guztietan bezala, gurean izan diren manifestazioen informazio piloa dago.

Komunikabide glokalak dira gero eta gehiago sarekoak, munduko zein tokian tokiko informazioak biltzen dituztenak. Lehengoan Vilaweb-eko Vicent Partal-ek hala definitu zuen berea Argia aldizkariari emandako elkarrizketan. Weblog eta egunkari pertsonalen hedapenak aurrera jarraitu bitartean, gero eta internauta gehiago dira editore, irakurle ezezik.

Sarea behatoki egokia da telebistak eta ohiko egunkariek izkutatzen dizkiguten informazioak edo ikuspuntuak kalera jaitsi gabe ere, etxean bertan jasotzeko. Baina batzuetan kalera ere irtetea beharrezkoa da. Zoritxarrez edo zorionez, manifestazioak egiten ohituta gaude, Sustatun internauta batek manilandia deitu duen herrialde honetan, arrazoiak ez dira falta izaten. Prestige-k gurean ere eragin duen hondamendi ekologikoaren kasuan, kalera barik kostaldeko labarretara jotzea ezinbestekoa da, bertatik bertara ikusita, haren neurriaz jabetzeko.

Gerraren aurkako manifestazioekin ez bezala, gure inguruko hedabideetan nahiko oharkabean ari dira igarotzen ekologistek, marea beltza dela eta, Eusko Jaurlaritzari eginiko kritikak. Administrazioak haitzetako fuela jasotzeko ez egitasmorik ez eta asmorik ere ez duela adierazi dute hainbat naturzale eta surflari taldek aldi berean euskal kostaldearen hainbat lekutan eginiko ekintza bateratuarekin.

Zapatak belztu gabe egoera zein den zuzenean ezagutu nahi duenak sarera jotzea dauka alternatiba moduan. Iragan igandean egindako salaketa-garbiketa ekintzaren gaineko informazioa, argazkiak eta 15 minutuko bideoa daude ikusgai gorliz.org webgunean.

Eta behatokiekin amaitzeko, asteon aurkeztu dute jendaurrean behatokia.info webgunea. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak duen txokoan presoei eta atxilotuei eginiko tratu txar eta tortura kasuen informazioa biltzen da. Hau ez da nahastu behar behatokia.org webgunearekin, Kontseiluak sustatuta, euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsa eta erasoen salaketa egiten duen fundazioarekin alegia. Halaber, ez dugu nahastu behar gurean kultura digitalaren bilakaeraz jarduten duen behatokia.net webgunearekin.

Argi dago euskaldunok badugula zer behatu sarean, ezinbesteko tresna bilakatu zaigula guri ere. Baina gogoratu: kalea ere hor dago, mundua ez baitago soilik pantailen barruan.

basque.indymedia.org
www.vilaweb.com
www.gorliz.org/prestige
www.behatokia.info

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner