Eloy de la Iglesia gogoan

By | 2006/03/24

El PicoGaur jakin dut Eloy de la Iglesia zarauztar zuzendaria hil dela. Nigan eta nire belaunaldiko gaztetxo askorengan eragin handia izan zuten filmak egin zituen berak. Nik ondo gogoratzen ditut Navajeros (1980), Colegas (1980), El pico (1983), El pico II (1984) eta La estanquera de Vallecas (1987). Bere filmetako aktore gehienen moduan, bera ere jausi zen El Pico haietan ageri zen menpekotasunean, orduan hain modan zegoen zaldi madarikatuan.

Transgresorea, homosexuala, komunista, drogazalea… Tipo berezia zen erabat, erdarazko Wikipediak deskribatzen duen moduan. Eta bere zine eredua berria eta berezia izan zen. Gogoratzen dut José Luis Manzano kirruduna, eta Pirri argala bere berbakera pasota sudurkari horrekin. Biak aktore barik kalekumeak, beste gehienak bezala, eta biak heroinak hilak. Krisi garaiak ziren, industriak eta hirietaranzko migrazioak sortutako gizarte desorekatuaren alderdi itsusia, iluna, izkutatua agerian jartzen zuen berak.

Eta De la Iglesiak desoreka horiek sortutako lumpen-ean bilatu zuen baztertuen epika berri bat, askorentzat erakargarria bilakatu zena. Plentziako zinema zahar hartan Navajeros, Colegas eta ondorengo Cine quinqui azpigeneroko guztiak proiektatu ziren, eta guk, umemokook, begiak zabal-zabalik ikusten genuen Seat 131ak, toreteak eta vaquillak, kanutoak eta jakoa ere bizimodu basati eta aske moduan aurkezten ziguten film haiek, Los Chichos edo Los Chunguitosen musikaz hornitutako pikoloen eta maderoen jazarpenak, trapitxeoak, paloak eta mobida guztiak. Hiztegia ere bereganatu genuen: talego, jaco, pillar, chute… Eta gure inguruko batzuek, fantasiosoenetako batzuk tartean, haien urratsak jarraitu nahi izan zituzten…

Baina istorioa Bilbon izanik, El Pico biak gogoratzen ditut bereziki. Paco eta Urko lagunak, bata txakurkumea eta bestea familia abertzaleko semea. Biak lagunak dira eta batera sartzen dira mobidan. Bilboko bazterrak txikitatik gogoratzen ditudan moduan ageri dira: grisak eta zikinak. Ez da nire irudipena, beraz, Bilbo horrelakoa baitzen lehen eta itsasadarra gutxi gora behera argazki honetan ageri zen modukoa. Asko aldatu da gizartea, Bilbo aldatu den moduan… Jonki gutxiago daude eta ez dute palorik ematen ia. Hainbatek bere zorigaitzen errua Eloyri botako dio, epika hori sortzen laguntzeagatik, baina nik eskertzen diot berari (ia dokumentalista moduan esango nuke) utzi digun ondare hori, garai eta gizarte baten B alderdiaren erretratu horiek ondaretzat utzi izana.

One thought on “Eloy de la Iglesia gogoan

  1. patxi lurra

    Yonki gitxiago bai, baina bizirik atara direnak oraindino egon badagoz, eta tragedia bera bizkarraren ganean deukie.

    Aurrera Txomin!

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude