Web semantikoa abian

By | 2005/05/26

Behin baino gehiagotan aipatu dugu egungo webguneak ez direla dagoeneko HTML orrialde estatikoz eginikoak, batzuk sartzen garen unean sortzen dira, une horretan osatuz eta datu baseetatik edukiak hartuz. Beste inoiz etiketak ere aipatu ditugu, testuei edo irudiei beraiek deskribatzen dituzten tag edo etiketa batzuk esleituz web semantikoa osatzen da eta etiketa horien bidez gauza bitxi asko egin daitezke.

Wikipediako definizioak dioenez, web semantikoa zera da: sareko dokumentuei esanahia (horregatik esaten zaio semantikoa) makinek ulertzeko moduan emanez, informazio trukerako bide unibertsala sortu nahi duen proiektua da. Hori lortzen da idazten diren gauzei eta era guztietako dokumentuei etiketak jarriz eta etiketa horiek elkartzeko modua emanez, dokumentuak batzuk besteekin etiketa horien araberako multzoetan erakusteko moduan.

Esaterako, technorati.com bezalako zerbitzuetan tag horien araberako bilaketa egiten badugu, etiketa hori duten blogetako artikuluak agertuko zaizkigu. Etiketa jakin bat hainbat lekutan bilatu eta emaitzak orrialde bakarrean erakutsiko dizkiguten zerbitzuak ere badira, Flickr-eko argazkiak eta beste gauza asko erakusten dituztenak kasu.

Baina are konbinaketa korapilotsuagoak ere egin daitezke oraindik, Google Maps zerbitzu moldagarria erabiliz batzuek egin duten moduan. Luis Fernandezek idatzi du honi buruz ingelesez bere bitakoran eta bere lankide Gari Araolazak euskaraz eta sakonago azaldu du gaia berean. Esaterako, bada etxebizitzen alokairuen gaineko informazioa RSS bidez ematen duen Craigslist famatua, hiri bakoitzeko eskaintzak jario bat du eta edozein irakurgailuren bidez jakin dezakegu Chicagon une honetan zeintzuk diren eskaintzen diren etxeak eta zein salneurritan. RSS bidez, eguneratuta eta modu moldagarrian ematen den informazio hori Google Maps zerbitzuarekin konbinatuz etxebizitzak non eskaintzen diren erakusten digun HousingMaps zerbitzua sortu da. Aukeratzen dugun eremuko eskaintzak ikusiko ditugu.

Antzekoa da Chicagocrime.org webguneak eskaintzen duen erabilera, hiri horretan delituak non egin diren kontutan hartuz, auzo bakoitzeko kriminalitate tasak era ikusgarrian erakusten dizkigun zerbitzua da hori, Googleren mapa zerbitzua ere erabiltzen duena.

HousingMaps eta Chicagocrime konbinatuz aldera ditzakegu mapan etxebizitza eskaintzak eta inguruaren kriminalitate mailak, auzune jakin batean alokairu merkea alokatzeak merezi duen ala arriskutsuegia izango den jakiteko. Beste aplikazio mordoa izan dezake web semantikoak.

Google xaloaren amaiera

Yahoo, Google eta Microsoften arteko hiruko lehia horretan nabarmentzen ari da Yahoo eta Googleren artekoa. Orain arte Yahoo zen Googleren imitatzailea, hainbat urrats eman baititu haren atzetik, baina badirudi Googlek ere Yahooren ezaugarri jakin bat kopiatu nahi duela. Gero eta zerbitzu gehiago biltzen ditu Googlek, baina orain arte eutsi dio bere ikurra den xalotasunari. Baina egunotan Google pertsonalizatua osatzeko proiektua aurkeztu berri dute, Gmail, Google News, Google Movies eta hainbat informazio iturri bilduko dituena. Momentuz proba fasean dago baina. Bitxikeri moduan aipa daiteke “eguneko hitza” ere ikusi ahal izango dugula hemen. RSS irakurgailu zerbitzua ere izango du, Bloglines-en estiloan, eta etorkizunean Google Groups, irudi bilatzailea, Google Maps eta beste hainbat ezaugarri ere bilduko ditu seguruenik.

Bitartean, Yahook bere Messenger 7 atera du, IP bidezko telefonoa duena, Skype programari aurre egin nahian. Gauza bera egin nahi du MSNk bere Messenger-arekin, baina ikuskizun dago Skypek lortutako kalitatea erdiesten duten.

LABURRAK

Goxoki eta Bost axola
Goxoki du izena Atseginez elkarteak sexuari buruz gazteei informazioa emateko sortu duen webguneak. Flash hutsean egina dago webgunea, ez da batere nabigagarria eta eskuragarria baina informazio batzuk behintzat ageri dira bertan. Sexualitatearekin ere lotua dugu Donostiako Bost Axola gay taldearen webgunea. Gay eta lesbianak dira, Gehituren magaletik sortutako gazte taldea eta, diotenez, webgunearen bidez albisteak eta internauten ekarpenak bildu nahi dituzte. Izan ere, Mambo izeneko kudeaketa sistema dinamikoarekin egina dago webgunea. Kode irekiko edizio sistema indartsua omen da Mambo, baina oraindik webgunearen zati batzuk euskaratu gabe ditu Bost Axolak.

Lurra ikusgai
MSNren azken urratsa Google Earth izango denaren aurkakoa dugu, bere MSN Virtual Earth iragarri baitu. Googlerena bezala, Microsoft-enak mapatik abiatuta neurri handiko irudiak erakusteraino helduko da baina 45 graduko angelutik hartuta. Albiste nagusian aipatutako Google Maps-en ikusten den moduan kokapen geografikoko sistemak dira etorkizuneko joera eta laster, telefono mugikorrean sartzen direnean ez gara berriz hiri batean galduko.

Dokumentazioa, mesedez
SGAEko abokatu Pedro Farrek proposamen bitxia egin du saretik izengabetasuna behingoz ezabatzeko xedez: sartzeko ezinbestekoa izatea gure nortasuna egiaztatzea. Hala, sarean egiten ditugun mugimenduak erregistratuta geratuko lirateke. Halako Anaia Handia moduko batek, hortaz, gure mugimenduen berri izango luke, zein webgunetan sartzen garen, zer idatzi, erosi eta bisitatzen dugun… Saretik kanpo horrek zer nolako kontrol orwelltarra ekarriko lukeen pentsatzea zaila dirudien arren, Interneten errazagoa litzateke proposamena gauzatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.