Saharatik bueltan

By | 2005/05/25

sahara-harresiaEuskal kazetari, musikari eta sahararen aldeko elkarteetako kide batzuk Mendebaldeko Saharan izan gara asteburuan, haien lurraldea banatzen duen harresiaren aurkako nazioarteko manifestazioan. Ostegunean Madrilen abioia hartu eta Tindufera heldu ginen, handik hurbil, Aljeriako lurretan SEADi utzitako eremuan saharaui zibilak bizi baitira errefuxiatuen kanpamenduetan. Bertatik abiatuta, Mendebaldeko Saharan barneratu eta askatutako guneetatik ibili gara bi egunez. Sekulako astindua hartu dugu, ehunka kilometro desertuan eginda, eta denetarik egon da bidaia honetan. Gatazkaren blokeo egoera honetaz nazkatuta egon arren saharauien indarra eta fedea egiaztatzeko balio izan du expedizioak.

Madrilera Iñaki lagunarekin joan nintzen eta Bertatik Bertarako Agustin Ezenarrorekin egin genuen topo Barajasen. Berari sherpa eta, Iñakiren kasuan, kameralari lanak egiten ibili gara bidaian, gauzak azaltzen, jendea aurkezten… Gasteiztik etorritako lagunak han aurkeztu ziren, Parral-eko Iñaki eta, Josuk ekarrita, Zaharregia Txikiegia Agian talde osoa. Andoaingo, Berrizko eta Donostiako jendeaz gain, Deiako kazetari bat, Txomin Aurrekoetxea eta Gurutze Irizar ere han ziren. Estatu osoko elkartasun taldeetako ordezkariak ere baziren eta komunikabide zein agentzia askotako kazetariak.

Gorabeherarik gabeko hegaldi baten ostean, ostegun gauean 27 de febrero izeneko kanpamendura heldu eta bertako familietan banatu gintuzten, biharamun goizean abiatu behar baikinen askatutako lurralderantz, harresiaren aurrean elgarretaratzea egiteko. Kanpamenduetarako bosgarren bisita zen niretzat, baina hau Mendebaldeko Saharako gune liberatuetara egin dudan lehendabizikoa izan da eta desertuan benetan barneratu naizen lehenengo aldia. Orain arte beti La Guerako gure familian hartu dugu ostatu, baina egitaraua hain estua izanik ez dugu bertaratzeko aukerarik izan.

Jadiyak eta bere amak oso ondo hartu gintuzten eta afalostean ordubiak arte egon ginen hizketan. Kanpoan egin genuen lo, ilargipean lehenengo, izarpean geroago, baina bostetarako esnatu gintuen muezinaren otoitzerako deiadarrak. Seietan altxatu eta zazpietan abiatu ginen harresirantz. Pare bat ordu geroago heldu ginen harresiaren ondora, Mahbes okupatutik hurbil. Marokoar soldaduak ikusten ziren urrunean, gure mugimenduak zelatatzen. Hasieran antolakuntzakoek proposatu zuten denok eskutik oratuta lerro zabal bat egitea eta, segurtasunak markatutako lekura helduta (gehiago hurbilduz gero minaren bat zapaltzeko arriskua dago), denok batera eskuak askatzea, horma suntsituko bagenu legez…

Baina orduan saharauiz betetako bederatzi bat kamioi heldu ziren eta laster asmo hori gainditu zuen marabunta abertzale batek: gazte, helduak, baina batez ere emakumeak. Irrintzika, atertu gabe kontsignak oihukatuz eta ukabila astinduz gainditu gintuzten eta manifestazioaren jabe egin ziren segundu batzuetan. Kaos hura izan zitekeen armoniarik ederrena baino manifestazio politagoa iruditu zitzaidan, hunkigarria. Megafonoa eskuetan prentsaren aurrean hizlari ari zirenen berbak ez ziren ia entzuten irrintzi zaparradapean.

Berehala segizioa harresirantz abiatu zen. Gu emakume haien atzetik, noski, hain nabarmena baitzen euren indarra. Gu, azken finean nazareno solidario batzuk baino ez ginen, baina eurak beraien lurraldean ziren eta marokoar soldaduei aurrez aurre gauza batzuk esateko gogoa nabarmentzen zitzaien. Bertan, harresitik 600 bat metrora geratu ginen eta minutu batzuk eman ostean ekitaldia amaitu zen.

Ibilgailuetara bueltatu eta Bir Lehluraino jarraitu genuen, beste pare bat orduko bidea izan zen. Bertan ura eta bazkaria zain genituen eta, siesta labur baten ostean Tifaritirantz jarraitu genuen. Bost orduko bidea zen eta, Toyotan joan arren, zorabiatzen hasi nintzen. Lo faltak, berotasunak eta atzekaldeko mugimenduak ez zioten onik egin aurretik kili-kolo nuen urdailari eta gelditzeko eskatu nion Bil Naser gidariari. Hortik aurrera dena izan zen botaka eta beherakoa eta ez nuen urik onartzen. Tifaritira heldu ordurako nahiko makal nengoen eta berehala ospitalera eraman ninduen Gurutzek, nire-gure-euren aingeru guardakoak. Sueroa jarri zidan Che Guevarak berak. Beno, Jatri zuen izena saharaui mediku gazteak, baina kubatar azentuak eta Che-ren kamisetak salatzen zuten nondikoa zuen jakituria. Bisita ugari jaso nuen, denak nigatik arduratuta, baina gaua bertan eman behar izan nuen eta kontzertua galdu.

Afaldu eta ostean jaia izan zen areto handi batean. Hasieran estatuko artista ospetsu batzuk etortzekoak ziren baina azkenean kale egin zuten eta “ospetsu” bakarra Tontxu bilbotarra zen, Espainiako telebistan reality show batean agertu delako, noski. Sopa de Cabrako kantaria eta beste neska batzuk ere aritu ziren, baina Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal izan ei ziren ondoen aritu zirenak.

Goizean ospitalean erabat bakarrik esnatu nintzen, osatuta baina makal. Dutxatu eta gosaltzera joan nintzen. Handik hurbil dagoen eremu batera joan ginen, militarren erakustaldia ikusi eta presidentearen mintzaldia entzuteko. Laburbilduta, itxaroteaz nazkaturik daudela eta kasu egiten ez bazaie zerbait gertatu behar dela mehatxatu zuen Abdelazizek. NBEren eskakizun eta baldintza guztiak bete arren kasurik ez zaiela egin eta atzera tiroka hastea beste erremediorik ez zaiela geratuko esan zuen argi eta garbi.

Berriro Tifaritira bueltatu eta bazkalostean abiatu ginen berriro kanpamenduetarantz. Zortzi orduko bidaiaren ostean heldu ginen 27ra, leher eginda. Jadiyaren etxean afaldu, lo-kuluxka egin eta atzera Tinduferantz, aireportura. Seiak aldera hegazkina hartu eta hamarretarako Barajasen geunden atzera, bazkarirako etxean.

Oso intentsuak izan dira lau egun hauek eta seguru nago bertan egondako guztiengan geratu dela inpresioa. Hammadan bizitzea oso gogorra da, basamortuaren baitako basamortua baita, baina herrira bueltatzeko esperantzak eman die indarra 30 urtez bizitzari eusteko. Marokoren eta “nazioarteko komunitatearen” asmoa zein den gero eta argiago dago: saharauien morala hondatzea, herri bezala desintegratzea eta diasporara jo dezaten, independentzia proiektua bertan behera utziz. Zainetan odola duen edozeinek ezin du hori gertatzen utzi, egoerari aurre egin gabe.

Euskaldunok bereziki, ezin diegu herri txiki bat desagertarazten utzi, hurrengoa desagertaraztea askoz errazagoa izango baizaie indartsuei, indartsuak ez duelako arrazoia, arrazoia gaildendu behar delako, arrazoia besterik ez dutelako, han daudelako, basamortuan eta euren suntsipena telebistan erakutsiko ez duten arren gure kontzientzietan euren aurpegiak agertuko direlako. Espainiaren biktima izan direlako, ondoren Marokoren biktima eta, azkenik, ez direla eta izateko eskubiderik dutela erabaki duen geopolitika izeneko diktadura globalaren biktima direlako. Herri oso bat horrela dagoen artean gure zati bat ere erbestean, okupatuta, preso edo desagertuta egongo delako hammadan, basamortuaren basamortuan.

http://www.arso.org/CEASmuro05.htm

http://www.spsrasd.info/sps-e190505.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude